Ondare kulturala klik batean!
Ugariak dira gaur egun liburutegi digitalak eta interesgarria oso eskaintzen diguten aukera berria; izan ere, haien bitartez denok kontsulta ditzakegu zenbait dokumentu preziatu eta urri, orain dela gutxi arte adituek soilik kontsulta zitzaketenak.
Liburutegiek, artxiboek eta museoek dokumentu historiko asko jasotzen dituzte: liburuak, egunkariak, gutunak, aktak eta abar, eta ugariak dira herrialde askotan hainbat instituziok bultzatutako proiektuak dokumentu horiek digitalizatzeko. Digitalizazioak dokumentu horien babesa eta iraupena bermatzen du eta, horrez gain, haien atzipena izugarri errazten denez, erabilpena ere hedatzen du. Proiektu asko eta asko garatu direnez ondare kulturala digitalizatzeko, askotan zaila da jakitea nondik hasi bilatzen eskuratu nahi dugun hori. Liburutegi digitalen inguruko informazioa bilatzen hasita, berehala azalduko zaizkigu Europeana, Wikisource, Google Books edota Project Gutenberg bezalako erreferentziak, eta, seguru asko, askoz gehiago ere bai.
Horien artean bat aukeratzekotan, Europeana aukeratuko nuke. Europeana.eu Interneteko atari bat da, eta bertan biltzen dira Europan zehar digitalizatu diren milioika liburu, artelan, bideo, grabaketa, eta abar. 53 milioitik gora sarrera omen daude katalogoan. Ez da kopuru makala!
3.000 erakundek baino gehiagok egin dute beren ekarpena Europeanan (hala dio ingelesezko Wikipediak), eta bilduma horien guztien bateratzeari esker, haren erabiltzaileek Europako ondasun kultural eta zientifikoa arakatzeko aukera daukate, historiaurreko garaietatik hasita, gaur egun arte.
Demagun euskaraz idatzitako lehen liburuaren bila gabiltzala, hots, Bernat Etxepareren “Linguae Vasconum Primitiae” (1545) obraren bila. Ba al dugu aukera hori Internetez kontsultatzeko? Ale urri eta preziatu horietako bat denez, seguru liburutegiren batean dagoela, dagoeneko digitalizatuta eta edozeinek kontsultatzeko aukera eskaintzen dela. Baina, non? Euskaraz idatzia dago baina ez du zertan euskal liburutegi batean egon. Nondik hasi orduan? Aipatu bezala, saia gaitezke Europeanan bilatzen (atariaren orri nagusira joateko biderik errazena Googlen “europeana collections” bilatzea izan daiteke). 27 hizkuntzatan eskaintzen da une honetan atariaren interfazea (eskuineko aldean eta goian dago hizkuntza aukeratzeko leihotxoa), eta nahiz eta euskara ez egon horien artean, ez da zaila asmatzea zer edo zer bilatzeko lupatxo batez identifikatuta eta erdi-erdian ageri den lauki zurian idatzi behar dela bilaketarako informazioa.
Zer bilatu, ordea? Lehen aukera «Etxepare» bilatzea izan da, baina arrakastarik ez. Zerbait aurkitu du, baina ez nahi genuena. Ez ote dago katalogo erraldoi horretan? Euskal grafia denborarekin aldatzen joan denez, agian beste modu batean jaso da “Etxepare” abizena. Baina ez naiz aditua eta hobe beste terminoren bat erabiltzea. Bigarren saiakeran titulua jarri dut, hots, “Linguae Vasconum Primitiae”, eta horretan bai, topatu du bilatutakoa, eta ez besterik, noski, oso zehatza izan baita bilaketarako informazioa. Obraren egilea, bide batez, “Bernard Dechepare” dela dio emaitzak (zaila nuen idazkera hori asmatzea!). Emaitzak esteka bat eskaintzen du obra hori kontsultatzeko Frantziako Liburutegi Nazionalean; beraz, bertan klik eginez liburutegi horretako leiho berri bat irekiko zaigu (Gallica.bnf.fr webgunean), non Etxepareren liburua kontsultatu ahal izango dugun orriz orri.
Aukera interesgarria, Europeana. Ez zaizue iruditzen? •