PIERROT LADUCHE
Azkaindarra da. Haizeak Esnaur eta Larhun mendietatik dakartzan tronpeta doinuak berak sortuak dira, mendian aritzen baita hainbeste maite duen musika tresnarekin. Bizitzak eman dizkion gaziak tronpetarekin gozatu ditu Pierrot Laduchek. Horregatik maite du hain barruan tronpeta. Azkenaldian, trinketetako pilota partidetako itxaronaldiak tronpetaz janzten ditu.
Mendiari izena du Pierrot Laduchen etxeak, halaxe baitago, mendiari begira, Larhuni zehazki. Eta mendiak lotura zuzena dauka gure pertsonaiarekin, auzoak ere Mendixka izena du, Azkaineko muino batean dago, herrigunetik pare bat kilometrora. «Quartier honetan sortu nintzen duela 66 urte, eta hemen jarraitzen dut oraino», aitortu digu bere sorlekuaz fier. «Aitari erosi nion lur zati bat eta bertan egin genuen etxea, zurgin gisa aritua naiz lanean, lagunek eskatuta beti joaten nintzen haien etxea egiten laguntzera, eta lurra, paretak, sabaia… hemen ikusten den ia guztia nihaurren eskuekin egina da; etxe honen ondoan dago etxalde nagusia, familiakoa, eta muinoan egonik ere 1983ko uholdeak honaino iritsi ziren, helikopteroz atera gintuzten hemendik, eta beste auzo batera joan behar izan genuen egoera kalmatu arte. Denbora tarte hori kenduta, beti hemen bizi izan naiz beti».
Gaztetan mendi lasterketetan ibiltzen zen, eta orain mendira joateko beste aitzakia eder bat dauka, han egiten baititu tronpetarekin entseguak lasaitasunez. «Bertze nehor kakinarazteko beldurrik gabe». Honela, erran dezakegu haizeak Esnaur eta Larhun mendietatik dakartzan tronpeta soinuek bere sinadura daramatela. Pierrot, tronpeta jotzailea baita, tronpeta jotzetik bizi ez baina tronpeta jotzeko bizi dena bai. «Aitortuko dizut ni mundu honetan banago tronpetari esker dela, berak salbatu nau heriotzatik, bera izan dut erremediorik onena».
Honela, musikaren doinu gozoak aparte utzi, eta bizitzak eskaini dizkion pasarte gaziak kontatzera bildu zaigu. Eskuin eskua agertzen digu lehenik, hatz lodia falta duela erakusteko. «Kanpainan ari nintzen aitari laguntzen 11 urterekin, baserrian; hodi bat konpontzen ari ginen, lurraren barnean sartu nahian, eta behiak tiraka ari ziren, oharkabean, goldeak lurra jiratzerakoan harri bat atzeman zuen eta zartatu egin zen, eta nire eria arras moztu zidala ohartu nintzen. Min handia sentitu nuen, eta aitak bere petxuaren kontra hartu ninduen, beroa eman eta oinazea arintzeko. 12 urteko arreba jolasean zebilen inguruan eta eri moztua jaso zuen lurretik, zainak oraindik mugitu egiten zirela erranaz».
Kontakizun garratzaren erdian irriñoa atera zaio, «hor partitu zen nire musikaren istorioa. Aita herriko klikaren xefa zen», lapurteraz mintzo da Pierrot. Gutxitan entzuten diren hitzak baliatzen ditu, eta bere ahoan altxor dirudite, hargatik galdegin diogu “klika” zer den. «Zuek fanfarre deitzen duzuen hori da klika, txaranga, haize eta perkusiozko musika tresnekin osatutakoa». “Tuta” eta “klerona” hitzak ere ez genituen ezagutzen, turutaren modukoak diren instrumentuak direla argitu digun arte. «Aitak, kontsolatzeko, istripu hura burutik ken nezan, klerona oparitu zidan, eta harekin orenak pasatzen hasi nintzen. Orain etxe anitz eraiki da hemen, baina garaian lurra eta behiak baino ez ziren; eta, aita, behizain ibilki zelarik, musika jotzen aritzen zen, entseguak egiten gehiago ikasteko, hobetzeko, eta hari beha, gauza bera egitea deliberatu nuen nik, horrela, 13 urterekin herriko klikan sartu nintzen».
Tronpetak salbatu zuen
Baina zorigaitzak ez ziren hor bukatu, eta zurrun eta hotz egiten digu bere buruaz beste egiteko saiakera baten aitorpena. «Huts egin, eta ospitalean lau hilabete pasa nituen, galduta bezala nengoen, eta iluntasunean ilargia agertu zitzaidan bat-batean; tronpeta nahi nuen esku artean izan, baimena galdetu nuen, eta sordinarekin jo eta jo ibiltzen nintzen. Geroztik ez naiz gelditu, eta berriro hasteko aukera eman dit». Begietako distirarekin kontatzen digu garraztasun hori etxeko sukaldean, non supazterretik hurbil armairu txiki batean mimo handiz gordetzen dituen bere musika tresna preziatuak.
Bete-betean heldu dio orduan musikaren bidea kontatzeari. «Ez nuen solfeorik ikasi, nik dena belarriz egin dut, orain ere gustuko musika talde bat baldin badut, haren diskoa erosi, entzun, abestiak buruz ikasi, eta gero jotzen ditut». Bitxi egiten zaigu musika jotzeko manera hori, nota zehatzak jakin gabe, belarriz, doinua buruan izanda, bereziki, Pierrot tronpeta jotzaile on-ona dela badakigulako, fama handikoa inguruotan, giro sortzaile paregabea. «Kantuan aritzen naiz, eta uste dut horrek laguntzen didala ondotik musika belarriz jotzeko». Eta hor hasi zaigu Anje Duhalde eta Niko Etxartek hain ezagun egin zuten “Eperra” kantatzen, a capella, sukalde xokoan. Boz ederrekoa da Pierrot, eta kantu bat bukatu bezain laster bestea kantatzen hasi da, Salamancara estudiante bidalitakoaren doinu herrikoia entzunaraziz guri. «Azkainen bada Xaharrak talde korala, hogeita hamar bat lagunek osatzen dugu, erretretan daude denak eta ni naiz taldeko gazteena. 83 urte ditu gidari lanak egiten dituen akordeonistak. Hilabetean pare bat aldiz elkartzen gara herriko salan, batzuetan 28 eta beste batzuetan 35, oren bat pasatzen dugu kantuan, tarteka musika tresnaz lagundurik». Pierrot, Panpi Laduche pilotari eta kantari famatuaren lehengusua da, eta hark eskaintzen dituen kontzertuetan ere jotzen du tronpeta.
Baina bere ahalez eta talentuz toki anitzetan ezaguna egin da Pierrot azken bi urteotan, trinketetako pilota partidetan tronpeta joz. Nehoiz gertatu gabeko zerbait ekarri du lau paretako pilotaleku hertsira, tradizioz jositako joko honetan ez baita ohikoa aldaketa handiegirik ikustea, eta egun, tronpeta doinua entzutea eta gazteak kantuan ikustea ohiko bilakatzeko bidean da. «Azkainen herriko festak ziren, eta oroitzen dut 2014ko abuztuaren 20a zela; ni tronpeta hartuta joan nintzen trinketera. Ohitura nuen joateko lehenagotik ere, eta beti atzematen nuen arteetan aspergarri zela denboraren joan jina, hau da, pilotariak ur xorta edateko gelditzen zirelarik, edo pausa hartzeko arnasaldiaren xerka anbientza murritz zen. Betidanik nuen kaskoan, baina ez nintzen atrebitzen, eta Azkaineko festetan lehen geldialdian doinu bat botatzeko intentzioarekin hurbildu nintzen. Sorpresaz hartua izan zen publikoa, murmurioa izan zen hastapenean, baina gustura hartu zuen jendeak. Trinketean zen Jean-Battitt De Ezkurra Esku Pilotako presidentea eta partida bukaeran zoriontzera hurbildu zitzaidan. Nirekin bi hitz izan nahi zituela esan eta hor aipatu zidan interesatua zela nik zerbait egin nezan pilota partidekin; hiru asteren buruan Sarako festak ziren eta han trinketeko lehia garrantzitsua jokatzen da beti, beraz, ea hara etortzeko zenbat galdetzen nuen eskatu zidan, nik urririk egingo nuela erran nion, pilotaren alde egiten bainuen, bihotzetik hala ateratzen zaidalako, eta gaur-gaurkoz hala jarraitzen dut, pilota partidetan dohain eskaintzen dut nire soinua».
Azkaine, Senpere, Sara, Baiona, Garindaine, Donapaleu, Baigorri… ia trinket guztietan egona da tronpeta jotzen eta jartzen duen giroa zoragarria da. «Orain hamabortz egun izan nintzen Baigorrin, eta hunkiturik itzuli nintzen etxera, pozik, gazteak enekin batera kantuan ikusita, uros naiz… Parisera ere bi egunez joatekoa nintzen baina azken momentuan atzeratu egin dira pilota partidak, eta ahal dudan arte behintzat jotzen jarraitzeko asmoa daukat».
Oro har, biziki ezagunak dira tronpetarekin jotzen dituen kantuak; “Oi ama Euskal Herri”, “Zazpi Euskal Herriek”, “Xalbadorren heriotzean”, “Itsasoa laino dago”… abesti ezagun anitz daude bere kantu koadernoan. «Bi kaiera ditut, batean 90 abesti ditut, eta bestean ehunetik gora, haiekin ibiltzen naiz harat-honaka, doinu bat ez bada bestea eskainiz jendeari, eta beti plazer hartzeko. Onesten naute anbientza ematen dudalako, baina ez da dantza eta halakorekin lotzen dudalako jendea, kasu eman behar baita, pilota partida da inportantea, eta hura begira dezala jendeak».
Esku zartak maite dituela aitortzen digu, Hendaiako Beltzenian 1.000 pilotazaleren aitzinean frontoi luzean aritu zen, eta «zoriontsu izan nintzen han, nik doinua eman eta jendea kantuan entzunaz, hargatik erraten dut gustura joango nintzatekeela Hegoaldeko pilota partida baten hutsarteetan aritzera».
Giro eder baten piztailea xerkatzen duenak nekez aurkituko du Pierrot-Trompette baino prestuagorik bazterrotan. Aspaldiko kantu haren lehen hitzak ere aldatzen ari dira, jada ez da «Txomin jozak tronpeta» kantatzen, «Pierrot jozak tronpeta» baizik. •