Juantxo EGAÑA

Iruñeko santo domingoko merkatua, 193oean

Iruñeko Santo Domingoko Merkatuan dagoen Rincón del Zacatín delakoan egina da argazkia. Duela zenbait mende, txoko hori ganadu-uraska zen, ondoren merkatuko zabortegia eta azkenik, «zacatín», arropa-azoka alegia, oihalak eta arropak saltzen baitzituzten. XIX. mendearen erdialdera, azokan haragi eta barazki saltokiak kabitzen ez zirenean, horiek txoko horretarantz hedatzen ziren. 1930eko irudian, kapoiak eta ahateak merkatuan saltzera daramatzan lagun talde bat ageri da, eta haien atzean, Manueta kaletik merkaturantz doan tarranta bat. Argazkiaren egilea Jose Galle da (1898-1983), Valladoliden jaiotako argazkilaria. Madrilen eta Donostian hasi zen lanean, eta ondoren Iruñean bizitzen jarri zen. Blanca de Navarra kalean zuen estudioa, eta gerra zibilera arte bere anaiorde Rafael Bozano argazkilariarekin elkartuta lan egin zuen. Batez ere argazki erreportajeak egin zituen, konposiziorako sen nabarmena zuela. Jose Galle Nafarroako eta Estatuko hainbat egunkari eta aldizkaritako berriemaile grafikoa izan zen. Nafarroako hiriburuak XX. mendearen lehen erdian izan zuen bilakaeraren lekuko dira haren argazkiak. Haren seme Fernandok argazkigintza negozioarekin jarraitu zuen.