Iker Barandiaran

Koloreen aukera

Txikia nintzenean telebista zuri-beltzean ikusten zen. Ez zen hobea edo txarragoa, ez zegoen besterik. Halakoak ziren garai haiek eta are gehiago belztu ziren Tejerok ezagun egindako otsailaren 23 edo 23F delakoarekin. Arratsaldea zen eta marrazki bizidunak ikusten nengoen etxean. Halako batean, marrazkiak eten eta Diputatuen Kongresu zalapartatsu bat agertu zen pantailan. Protestan amari deitu nion. Ez nuen ezer ulertzen, baina amak antza bai, zuri gelditu zelako. Aita atzerrian zegoen sasoi hartan eta bueltan ez etortzeko aholkatu zioten. Gerora, etorri zen bueltan eta berarekin koloreko telebista ere sartu zen etxean. Hasieran kolore horiekin txundituta gelditu baginen ere, funtsean ez zen ezer aldatu: marrazki bizidunak ordu oso zehatzetan bakarrik ematen zituzten; aukera hori galduz gero, akabo. Gainera, sasoi hartan telebista kanal bi besterik ez zeuden, biak parekoak.

Garai hartan gure gizartearen egunerokoa (eta gauerokoa) neurri handi batean telebistak ezartzen zuen. Jendea adi ibiltzen zen egunkarietako azken orriak zein kioskoetan saltzen zituzten telebista-aldizkariak behatzen. Jende guztiak kontsumitzen zituen eduki berak eta horiek iraungitze oso azkarra zuten; behin ikusten ziren eta ez nahieran; are gehiago, gerora ikusi ahal izateko aparailurik oraindik ez zegoen gure artean. Haiek ziren leku guztietan berbagai nagusi.

Gogoan ditut larunbat goizak; etxe aurreko aparkalekuan –askoz auto gutxiago zeuden– aitarekin bi gurpileko bizikletan ibiltzen ikasten aritzen nintzen. Zorionekoak gu, Israelgo frankizien bizikleta txikiak gurera etorri gabekoak zirelako oraindik. Hala ere, ikaste saioak etena izaten zuen, nire eskariz, ordu jakin batean inperialismoaren ikur zen “Hormiga Atomica” sinpatikoa hasten zen une berean. Derrigorrezkoa zen hori niretzat. Larunbat goizetan “La Bola de Cristal” ikusteko ohetik jaikitzea bezalaxe.

Guztiok, txiki zein handi, ikusten genituen marrazki bizidun berak, gerora telesail eta film berak. Ez zegoen oraindik elkarrengandik desberdintzerik… Edo, bai, esaterako gida baimena ateratzen ez genuen gutxiok aparte geunden-eta. Izan ere, nire kasuan automobila denbora luzera etorri zen, bizilekua modu iraunkorrean aldatu nuenean, ez nire hautuz. Merkatuak eta zorpetze nahiak baldintzatzen zuten hori eta, ondorioz, alboko herrira jo behar izan nuen.

Behin auto propioa izanda, nire mugimendu aukerak biderkatu ziren, baina baldintzatuta bizitzen hasi nintzen. Edozein egunetan gerta dakizuke gasolindegiko langileari gasolioa edo gasolina makal ahoskatuta eskatzeagatik autoko motorra izorratzea. Ez da hala?

Edota norberaren borondaterik gabe erritmoa azkartu edo eguna luzatu dutenak… Loari lehen baino gehiago erreparatzen diogu orain, ezin dugu lehen bezala nahieran eta nahi beste deskantsatu arrazoi askorengatik; loa ondasun preziatua bihurtu da. Eta, hara, tabernan, eskatzean, deskafeinatua nahi duzula oso argi uzten ez baduzu, ikasi nahi ez zenuen graduondo bat atera ahal duzu mesanotxean bertan.

Nire semeek, aldiz, ez dute lo egiteko inongo arazorik, sudur puntan jartzen zaiena egiteko ahalegin guztia egiten dute, eta nahieran ikusten dituzte marrazkiak, inoiz agortuko ez den zerbait bezalaxe. Zorionez, dagoeneko Youtubeko proposamenen kolore distiratsuei uko egiten diete eta beraien kabuz erabakitzen dute zer ikusi nahi duten. Argi omen dute zer nahi duten, baina ohartu daitezela norberaren nahia ere ondo ahoskatzea ezinbestekoa dela. •