Xabier Mikel Errekondo

«Orain Gipuzkoa» eta gipuzkoarrak

EAJk eta PSEk osatzen duten Gipuzkoako Aldundiaren lema da “Orain Gipuzkoa”, herritarrengan eragiteko mezu eta irudi berria. Behar beste baliabide gipuzkoarron pertzepzioak moldatzeko (AHT, Pasaiako Portua, erraustegia...), behar beste neurri Gobernuko alderdien interesak defendatu eta boterean betikotzeko. Alderdien helburu gorena. Edozerk du balio. Politika berria omen, gipuzkoarrekin bat egiten omen, baina hauteskunde programan egin aipua nahikoa zaie herrialdea hipotekatzen duten proiektu erraldoiak zilegitzeko. Gehitu horri bigarren mailako proiektu hainbatekiko herritarrei zuzendu iritzi bilketa eta horratx duzu gipuzkoarrekin bat egitea zer den alderdiontzat.

Bide beretik, Jaurlaritzak etengabe mailukatzen dizkigu belarriak medioetatik «Euskadi, bien común… Auzolana» mezuarekin «Kank-kank!». EAJk bere egin ote du Evo Moralesen Boliviaren eredua eta jarduera komunitario xumeena? Belarri minduek baina begiak are gehiago dituzte zabaltzen, eta ekintzekiko urruntasun nabariak “Orain Gipuzkoa” irudi hutsa dela agerian uzten. Ondorioz, zab(a/o)rkeria politikoa nagusi den herrialdean, jendarte zibil antolatuak (GuraSOS eta EHUko Parte Hartuz) iniziatiba hartu behar izan du gipuzkoarrak aintzat hartuko dituen Hitzartu dinamikaren bidez. Nago estrategikoak diren proiektuetan herritarrak aintzat hartu behar direla lau zutabeok bermatuko dituzten parte hartze prozesu zabalen bidez: informatu, eztabaidatu, erabaki eta erabakia errespetatu. •