Dabid LAZKANOITURBURU
ISIS-EN HATSA, BARTZELONAN

Jihadistak lurraldea galduz joan diren heinean mundu osoan izandako atentatu ugarietako bat da Kataluniakoa

Denbora kontua zen eta Bartzelonari tokatu zaio jihadisten hats odoltsua pairatzea. Rambletako eraso basatia ISISek bere lurralde osoa galdu duen urtean mundu osoan aldarrikatu dituen atentatu ugarietako bat baino ez da izan. Hori bai, «proces»-a dela eta, bazterrak nahasten saiatu ziren Madriletik.

Kataluniako indar independentistek urteroko irailaren 11ko Diadaren prestaketa lanak buruan zituztela, eta Bartzelonan turismo jendetsuaren ondorioei buruzko eztabaida pil-pilean zegoela, Estatu Islamikoaren (ISIS) jihadismoak ustekabean eta gogor kolpatu zuen Mediterraneoko hiri famatua.

Abuztuaren 17ko arratsaldea zen eta Younes Abouyaaqoub Ripollgo (Girona) gazteak turistaz lepo zegoen Rambletako pasealekutik behera abiatu zuen furgoneta, jendea airean eraman eta 13 hildako eta 100dik gora zauritu eraginez.

Mossoek hartu zuten euren gain atentatuaren ikerketa, eta Estatu espainolak gestioa zela-eta egin zizkien kritikekin, handik aste batzuetara, gaur arte, Kataluniak eta Madrilek biziko zuten talkaren gordinkeria aurreikus zitekeen.

Izan ere, aurreko gauean Tarragonako Alcanar herriko etxebizitza baten eztandak atentatuarekin zerikusia zuela ondorioztatu eta berehala hasi zen Josep Lluis Trapero Mossoen maiorraren aurkako kanpaina. Are gehiago eztanda hartan talde jihadista «Satanen ama» izenarekin bataiatu den lehergailua egiten ari zela jakin zenean –Abdelbaki Es Satty Ripollgo imama eta bide batez bertako hamar bat gaztez osatutako komandoaren arduraduna bertan hil zen, beste gazte batekin batera–.

Horiek horrela, ordu batzuk baino ez zituzten behar izan Mossoek Cambrillsen (Tarragona) beste sarraski bat egiteko asmoa zuten bost komandokide hiltzeko. Emakume bat labankadaz hil zuen horietako batek.

Lau egun geroago operazioa amaitutzat jo zuen Kataluniako Poliziak Rambletako sarraskia egin eta Bartzelonatik ihesean zihoala gizon bat hil eta bere kotxea bahitu zuen Younes Abouyaaqoub gaztea San Sadurni d´Anoiako mahastien artean noraezean aurkitu eta tiroz akabatu zuenean.

Katalanek oro har txalotu egin zuten Mossoen prestutasuna, eta erabat barkatu zieten giza eskubideen aldeko hainbat taldek salatu zuten ustezko polizia gehiegikeria, «kolpekari arina» edo ingelesez «trigger-happy» izenarekin ezagutzen dena.

Ez hain ezustean

Jihadisten atentatu oro, Bartzelonakoa barne, ezustean gertatzen da beti, batez ere erabiltzen duten metodoa, «modus operandia» dela eta, jomugak inolako diskriminaziorik gabe aukeratzen dituztela ahaztu gabe.

Halere, inor ez zuen harritu ISISek bere gain hartu zuen atentatua burutzeko Bartzelona moduko hiriburu turistikoa aukeratu izanak. Halako ekintza basatien oihartzuna handiagoa da hiri erakargarrietan eta Ramblen moduko gune sinboliko eta jendetsuetan. Batek baino gehiagok ekarri zuen orduan gogora ISISen aldizkari digitalean, Dabiq-en, Gaudiren Familia Santuaren tenplua portada batean jo-puntu gisa azaltzen zela.

Alcanarreko eztandak komandoa hasieratik zuen asmoa alde batera uztera eta Bartzelonako eta Cambrilseko kotxe-erasoak inprobisatzera bultzatu zuela ondorioztatu duenik ere bada.

Jihadisten aldetik, baita Poliziatik ere –edonongoa dela– ematen diren mezuetan errealitatea eta propaganda edo exajerazioa nahastu egiten dira, eta bata eta bestea bereiztea ez da batere samurra.

Europan eraso andana

Bartzelonakoa ordura arte urtean ISISek egindako seigarren atentatua izan zen. Aurreko urteetan hiririk kolpatuena Paris izan zen moduan, aurten Londresi tokatu zaio jomuga nagusi izatea. Larriena Manchesterren gertatu zen maiatzaren 22an, jihadista batek bere lehergailua zartarazi zuenean jendetza Ariana Grande abeslari estatubatuarraren kontzertutik irteten ari zenean. 22 izan ziren hildakoak. 2017an Britainia Handiko hiriburuan beste bi kotxe eraso odoltsu izan dira, horietako bat Westminsterreko zubian eta Parlamentuko ataurrean.

Biktima gehienak musulmanak

Parisen eta Europako beste hiri batzuetan (Stockholmen) ere izan dira erasoak baina, urtero legez, %90etik gora Ekialde Hurbilean gertatu dira, eta ISISen biktima guztien %95a musulmanak edota arabiarrak izan dira. Eraso hauek zeharo gogorrak izan dira lehen sei hilabeteetan. Urteberri egunean uzbekistandar batek 29 pertsona hil zituen tiroz Istanbuleko diskoteka batean. Atentatuek ez dute etenik izan Sirian eta Iraken, eta ISIS bere gotorlekuak eta lurraldea galtzen zihoan heinean ugalduz joan dira. Are gehiago, jihadistek Umman (mundu islamikoan) zabaldu duten borrokarako eremuetan (Estatu Islamikoaren wilayak edota probintziak) erasoak areagotu egin dira, nolabaiteko deszentralizazio prozesu basati baten logikan.

Azaroaren 24an Egiptok bere historian ezagutu duen atentaturik odoltsuenean 300dik gora hil zituen ISISen izenean sufien meskita bati eraso egin zion 30 bat gizon armatuz osatutako talde sinaitarrak.

 

Lurraldea eta grina

2016ko udazkenean kalifatoaren aurka hasi zen erasoaldiak ISIS Iraken eta Sirian kontrolpean zuen lurraldetik (Ingalaterraren parekoa hasieran) bota egin du. AEBak kurduei eta Armada irakiarrari lagunduz eta Errusia Siriako Armadarekin gauza bera eginez nolabaiteko elkarlanean aritu dira –behintzat batak bestea zangotrabatu gabe– eta Al-Bagdadiren jihadisten porrota iragarri dute.

Pentagonoaren datuen arabera, mila jihadista baino ez dira geratzen Irak eta Siria arteko basamortuan noraezean. Non daude mundu osotik kalifatora borrokatzera joan zirenak? Hilda? Atxilotuta? Euren sorterrietara itzulita? Denborak argituko digu. Denborak eta beldurrak.