Garazi Goia

Trenean, ignorantzia

Lanetik etxera bidean trenean nindoan. Espainol azentu garbia atzematen zitzaion hogeita hamar urte inguruko neska bat eta haren adin inguruko beste neska ingeles bat zihoazen nire aurrean. Ondorengo elkarrizketa izan dute, hitzez hitz hemen jarria:

«Bartzelonara joatea arriskutsua izango dela uste duzu? Urtarrilaren amaieran goaz asteburu pasa eta entzuten den guztiarekin zalantzak ditut».

«Ez, ez dago arriskurik, baina lotsagarria da orain arte gertatu dena».

«Ikusi nituen telebistan hainbat manifestazio; eta poliziak esku hartu behar izan zuela. Zer aldarrikatzen zuten, independentzia nahi zutela?».

«Bai, baina ez dakit zer uste duten, legea hautsiz aurrera aterako dutela nahi dutena».

«Legea hautsiz?».

«Bai. Espainolak dira. Nahi ez badute ere. Katalunia Espainia da».

«Katalana espainolaren antzeko hizkuntza da, ezta?».

«Bai, oso antzekoa. Baina, badakizu, gainera, antikonstituzionala da egin nahi dutena». Hitz hori esan duenean, garbi zegoen ez zekiela nola eman azalpen gehiago, baina ingelesera egindako itzulpenarekin harro nabaritzen zitzaion. Hitz potoloa zen bere hiztegi mugatuan.

«Eta, orain ikusi turismoari begira zer ospe jartzen dioten albiste hauek Bartzelonari».

Ahozko «fake news»-ak

Barrua berotzen ari zitzaidan. Oker zegoela esateko tentazioa sartu zitzaidan. Zertarako egin hori, ordea. Perspektiba itxi, berekoi eta kuriositate gutxiko hori hausteko nire esku-hartzea baino gehiago behar zen. Sineskortasun handienarekin hitz egiten zuen; benetan sentitzen zuen zuzen zegoela eta bere argudioek ebidentzia sendorik izan ez arren, bere burua guztiz konbentzitua zeukan zuzen zegoela. Ez zuen informazio gehiagorik behar. Beste neskarentzat, aldiz, Bartzelonan planeatuta zuen asteburu luze hura zen kezkarik handiena; beraz, ezin espektatiba handiegirik eduki testuinguru politikoaz interesa zabaltzerako orduan. Etxera iritsi denean, ziurrenik bere bikoteari kontatuko zion bere lankide ezjakinak kontatu berri ziona eta desinformazioa hedatuz joango da. Ahoz ahozko fake newsak.

Elkarrizketa hori bera edo antzeko dinamikak hainbeste lekutan errepikatzen direla jakitea da are tristeagoa. Generalizazioetara joateko askatasuna hartzen dut, baina horrelako jende asko aurkitu dut. Erresuma Batuan daramatzadan urte guztien ostean, nire inguruko batzuek oraindik Katalunia eta Euskal Herria nahastu egiten dituzte. Nire ingurukoak diodanean, benetan ezagutzen ez nautenez ari naiz: lankideen zirkulu zabaleko jendea, lagunen lagunak eta antzekoak. Badakite “ezberdina” den nonbaitekoa naizela, baina hor gelditzen da inongo sentsibilitate eta jakin-minik gabeko jarrera. Akaso, Bartzelona delako erreferentzia turistiko handiena, horregatik subkontzientean horrekin elkartzen naute.

Azkenaldian galdetu didate zer pentsatzen dudan hauteskundeei buruz. Nongoa naizen ere asmatzen ez duen kuriositate maila txikia duen jende horri nola azaldu eta ulertaraziko dizkiot nire pentsamenduak. “The Sun” eta “Daily Express” prentsa sentsazionalistako goiburuekin desinformatuta bizi den horretaz nola esperoko dut ulertzea, Kataluniarentzat irtenbide bakarra adostutako erreferenduma dela. Nola deskribatuko diet independentziazaleen eta besteen arteko harreman txarra eta zatiketa hori Espainiako Gobernuari interesatzen zaiola, eta egindako eraso judizialak eteteko eta politika demokratikoki egiteko asmo gutxi ikusten zaiola. Nola azalduko diet, etorkizun aske bateko egitasmoak bultzatzeko eragozpenak jarri arren, ez dutela (dugula) amore emango. •