ORTUTIK AHORA ELKARTEA

Entsaladak ez dira bakarrik udarako

Askotan entsaladak udararekin lotzen dira, baina udazkena eta negua ere entsalada koloretsu eta zaporetsuen sasoi dira! Plater bakar bat jan beharko bagenu, entsaladak aliatu ederra izango genituzke. Oso alternatiba aproposa dira, plater bakarrean nutriente ugari konbinatu ditzakegulako: zerealak, lekaleak, frutak, kontserbak eta, nola ez, sasoiko barazki eta ortuari mordoa.

Jakin badakigu udazken eta neguko frutek eta barazkiek berebiziko garrantzia dutela gure osasunean eta sukaldean, baina askotan zer egin jakin gabe geratzen gara. Horrexegatik, oraingo honetan aukera asko eskaintzen dituen plater bat aurkeztu nahi dizuegu. Sasoiko osagaiak eta frutak eta barazkiak erabiliz, bitamina, mineral eta zuntz iturri garrantzitsuak diren entsaladak prestatuko ditugu.

Frutak, karbohidrato eta zuntz iturri garrantzitsu izateaz gain, gure organismoa hidratatuta mantentzen laguntzen du. Bitamina eta mineraletan aberatsak dira frutak, hala nola A bitamina (ikusmena, azala, ile eta mukosentzako onuragarria dena) edota C bitamina (artikulazioen kolagenoa sortzen laguntzeko, hezurrentzako, haginentzako eta infekzioen aurka egiteko). Mineralei dagokionez, potasio edo magnesio iturriak dira.

Barazkiak, frutak bezala, ezinbestekoak dira dieta egoki eta osasungarri batean. Apenas duten gantzik, eta karbohidrato eta proteina maila ere baxua da. Aldiz, zuntz asko daukate, baita azido folikoa eta bitaminak ere. Gainera, ur asko daukate eta organismoa hidratatzeko oso egokiak dira.

Elikagai ezberdinek ematen digutena jakinda, Ortutik Ahora elkartekooi sasoi honetarako oso aproposa den errezeta bat etorri zaigu burura: udazken/neguko entsalada epela. Hau da: mineralez, bitaminaz eta zuntzez gainezka egiten duen errezeta gozoa! Gainera, prestatzeko oso azkarra da. Animatzen zaituztegu entsaladak urte osoko plater bilakatzera, sasoiko barazki eta osagaiak erabiliz plater osasuntsu eta gozoak sor ditzakegulako.

Gaurkoan sukaldaritza-teknika desberdinak erabiliko ditugu gure errezeta prestatzeko: lurrina, plantxa, mazerazioa... Elaborazio desberdinak erabiliz bitaminaz eta mineralez beteriko plater koloretsu eta zaporetsu bat lortuko dugu. Lortu inguruko ekoizle ekologikoen produktu gozoak eta goazen sukaldera!

Udazkeneko entsalada epela

OSAGAIAK: Porrua, pak choi-a, Zallako kipula gorria, calçot-a, limoia, porru kimuak, Añanako gatza eta oliba olioa

PRESTAKETA: Lehenik eta behin, Zallako kipula gorria zuritu eta erditik moztu. Kipularen erdi bat geroko gorde, bestea juliana eran moztu eta limoi baten zukuarekin beratzen jarriko dugu. Gatz apur bat gehitu eta gorde.

Gure entsalada prestatzen hasteko, calçot-ak garbitu, zuritu eta ahoan sartzeko moduko zatietan moztuko ditugu. Entsalada itxuroso bat prestatuko dugunez, proposatzen dizuegu zuen labanak zorroztea eta claçot-ak sifflets-etan moztea. Hori teknika frantziar bat da, barazkiei itxura biselduna ematean datzana. Calçot-aren atal zuria aukeratuta, labanarekin diagonalean moztu, 5 zentimetroko zatitan. Gauza berbera egin porruaren zati zuriarekin (hostoak salda bat egiteko aprobetxa ditzakegu). Gorde.

Pak choi-a edo aza txinatarra hostokatu, garbitu eta gorde. Behin gure barazkiak prest ditugula, hartu porru zatiak eta pak choi hostoak eta baporean egin bost minutuz. Egin eta gorde epeldu arte. Bestalde, zatitutako calçot-ak olio apur bat duen zartagin bero batean egingo ditugu, plantxan. Egin ostean, gorde guztiz epeldu arte.

Bitartean, ozpin-olio saltsa prestatzeko, lehenago gorde dugun kipula zatia laukitxo txiki-txikietan moztu (brunoise eran), limoi zuku apur bat gehitu, oliba olio txorrotada bat, gatza eta piperbeltzarekin batera. Dena ondo nahastu eta gorde.

Behin osagai denak epel ditugula hasiko gara gure entsalada epelaren muntaketarekin. Plater polit bat aukeratu eta oinarrian pak choi» hostoak jarri. Gero, porruak harika atera eta tontortxo bat egin. Ondoren, beratzen utzitako kipula zatitxoak xukatu eta gehitu. Jarraian, plantxan egindako calçot sifflets-ak gehitu (lau-bost zatitxo plater bakoitzeko). Amaitzeko, ozpin-olio saltsarekin ondu eta porru kimuekin gure entsalada apaindu.

EkologikON EGIN!!