Gaizka Amondarain
Irakaslea

Goian zerua eta behean lurra

Zaila da jakitea jendeak mundua zelan ikusten duen. Globalizazioaren ondorengo garaiotan, elkarren berri izateko inoiz baino bitarteko gehiago baditugu ere, mundu guztia ez delako jende eta jende guztia ez delako mundu oraindik.

Josu Feijoo astronauta gasteiztarra [https://goo.gl/MpLEJH] izan zen, 2012an, diabetikoa izanda –arabarra izateaz gain– espaziora bidaiatu zuen lehena munduan. Aurrez, intsulina lagun, Everesteko tontorra erdietsi zuen. Baita Hego poloa eta Ipar poloa ere. Eta datorren urtean, gauzak ondo bidean, espaziora doan beste espedizio batean parte hartuko omen du, enpresa amerikar batekin eta ikurrina aldean duela, oraintsu egindako prentsa agerraldian zehaztu duenaren arabera.

Astronautaren abizenari erreparatuta, pentsa genezake, goian zerua eta behean lurra zutela Galiziatik Gasteizera etorritako milaka langile horietako batzuen semea dugula Josu Feijoo ere. Agian, artean ume bat baino ez zelarik, gaurko egunez duela 42 urte Zaramagako elizan poliziak egindako sarraskia bertatik bertara ikusi ahal izan zuen astronauta gasteiztarrak. Akaso, hirian zehar tiro hotsak etengabeak ziren egun hartan bertan erabaki zuen etorkizunean astronauta izango zela. Edo beharbada, Everesteko tontorretik zerua hain eskura ikustean hartu zuen erabakia. Zaila da jakiten, sarean aurki genitzakeen elkarrizketetan ez baita horren inguruko zehaztapenik ageri.

23 urterekin diagnostikatu zioten diabetesa Feijoori. Horrek, hala ere, ez zuen gaztea kikiltzerik lortu, kontrakoa baino; buruan zeuzkan asmoak betetzeko motibazio nagusi bihurtu du bere gaixotasuna ordutik.

Francisco Aznarrek eta Romualdo Barrosok 17 eta 19 urte zituzten, hurrenez hurren, 1976ko martxoaren 3an poliziak tiroz akabatu zituenean. Bostetatik bi gazteenak ziren. Ez dakit etorkizunean astronauta izateko ametsik bazuten. Ametsak betetzeko denborarik behintzat, ez zieten utzi. 2001ean argitaratutako “Astronautaren emaztea” [https://goo.gl/FTDZum] izeneko poeman, trenetik langile auzo bati begira doan hiritar baten gogoetak kontatzen dizkigu Harkaitz Canok, ohi duen dotoreziaz. Kolore griseko etxebizitza karratu haietan lehortzen jarritako langileen buzoak astronauten eskafandrekin alderatzen ditu bertan. Kapitalismoak ekarritako klase sozialen diluzioari ateratako argazki bat izateaz gain, astronauta horien guztien atzean ezkutatu dizkiguten emakume langileen aldeko aldarri bat da poema bere horretan.

Zaila behar du, diabetikoa eta arabarra izanda, Everesteko gailurra edo espazio siderala erdiestea. Are eta zailagoa, diabetikoa eta arabarra izateaz gain, langile familia batean jaio bazara. Eta oraindik eta pentsaezinezkoagoa diabetikoa eta arabarra izanda, langile familia batean jaio, eta, gainera, emakumea bazara.

Astronauta batek munduari argazki bat ateratzen dion bakoitzean, emazte bat hiltzen du, konturatu ere egin gabe. Batzuk zeruan bizi ahal izateko, beste batzuei lurrean akabatzea besterik ez zaielako geratzen. Munduari nondik begiratzen diozun. •