Juantxo EGAÑA

Udarregiri 1966an egindako omenaldia

1966ko maiatzaren 22an Remigio Mendiburuk Juan Jose Alkain «Udarregi» bertsolariaren omenez egindako eskultura bat inauguratu zuten Usurbilen. Obraren egileaz gainera, besteak beste, Jose Luis Zumeta, Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi eta Jose Antonio Sistiaga artistak ere izan ziren bertan. Irudiak ekitaldiaren une bat jaso zuen. Ezkerrean, eserita, Fernando Aire «Xalbador» bertsolari urepeldarra ageri da; haren ondoan, Jon Mugartegi, Berriatukoa, urtarrilean zendua, eta jarraian Joxe Miguel Iztueta «Lazkao Txiki». Hilaren 3an izan zen azken horren heriotzaren 25. urteurrena. Mikrofonoaren aurrean, zutik, Iñaki Eizmendi «Basarri» errezildar bertsolaria modu xelebrean ageri da, argazki-kamera bat zintzilikatuta, orain arte ezezaguna zitzaion zaletasun bat erakusten. Atzean, Joxan Artze, hura ere duela gutxi hila eta Udarregiren omenezko ekitaldia antolatu zutenetakoa, eta haren ondoan, Manuel Olaizola «Uztapide». Argazkia Arturo Delgado Madrilen jaio eta Donostiara bizitzera etorritako argazkilariak egindakoa da.