info@gaur8.info
«BARTELJE!» PROIEKTUA

Bertsolaritzaren frisiar aldaera ernaltzeko ahalegina

Mendeetan zehar Euskal Herrian hain ospetsua izan den ahozko espresio artistiko batek izan al dezake arrakastarik atzerrian? Herbehereetako Frisia probintzian, esaterako? Bost frisiar prestu baiezkoan daude, eta hala izan dadin gogor saiatzen ari dira. Maiatzaren 18an emango dute ezagutzera «Bartelje!» proiektua, Leeuwarden 2018 kultur hiriburutzaren MEM hizkuntzen gunean.

Bost frisiar dira, euskal bertsolaritzak erabat liluratuta, haren aldaera bat frisiar lurretan ernaldu dadin ahalegina egin nahi dutenak. Hazia maiatzaren 18an landatuko dute, festa giroan, Leeuwarden 2018ko MEM hizkuntzen gunean. MEM “hizkuntzen egongela” da, espresuki 2018rako eraikia, aurten frisiar hiriburua izango baita Europako kultur hiriburuetako bat, 2016an Donostia nola.

Bost sustatzaileetako hiru Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean izan ziren, BECen, 2017ko abenduan. Mirjam Vellinga, Bart Kingma eta Elmar Kuiper ikuskizunaren lekuko izan ziren, eta erabat txundituta bizi izan zuten egun hartako jarduna. Taldearen bizipenak jasotzen dituen “Hizkuntza gutxitu baten arrakasta” film dokumentala maiatzaren 19an eta 20an emango dute estreinakoz bai frisiar telebistan bai Herbehereetako telebista nazionalean ere.

Bertsolaritzaren fenomenoari frisiar izen bat ematerakoan, sustatzaileek “bartelje” aukeratu dute. Batetik, “bart” eta “bert” ez daudelako elkarrengandik hain urrun; bestetik, “bartelje” hitzak, “boartsje” (“jolastu”) aditzari keinu egiteaz gain, “bataila” ere iradokitzen duelako, “lehia” hitzaren zentzuarekin ulertuta.

Dokumentala MEM aretoan estreinatu ondoren, eta bertso bat zer den ulertzeko arauak azaldutakoan, nahi duen orok bertsotan saiatzeko aukera izango du. Antolatzaileek 150 lagun inguru gonbidatu dituzte gau berezi hori beraiekin partekatzera, besteak beste, idazleak, poetak, slam poetak, artistak eta hizkuntza txiki eta gutxituen zaleak.

Jatorrizkoan bezala, frisiar bertsolaritza hizkuntza txiki eta gutxituetan emango da ezinbestean; hala, jendeak frisieraz edo Herbehereetako probintzia horretako beste hizkuntzetan –bildts, franekers, stellingwarfs...– egingo du bertsotan.

“Bartelje!” proiektuaren emanaldi nagusia uztaileko lehen asterako aurreikusita dago. Hilak 1etik 8ra, euskara izango da protagonista MEM hizkuntzen egongelan, Etxepare Institutuak gidatutako egitarauaren bitartez. Euskal bertsolaritzak eta frisiarrak bat egitea da xedea.

Bart Kingma, Gerard de Jong, Elmar Kuiper, Mirjam Vellinga eta Syds Wiersma dira “Barteliers” izena hartu duen taldeko bost kideak. Guztiek lotura estua daukate Euskal Herriarekin, eta bertsolaritzaren artea Frisiara hurbiltzeko ahaleginean gogotsu dihardute.