Mikel Zubimendi Berastegi
ETA HALA ERE... IRAULTZA

Mende erdi pasatuta, 68ko Maiatzaren mitoak bizi-bizirik dirau memorian

Matxinada izpiritu bat munduko lau izkinetan sustraitu zen 1968an, borroka asko koagulatuz. Ez dago 68 bakarra, ugariak dira, denak ezberdinak eta orduan hain berdinak. Baina ia odolik gabea eta erradikalena izan ez arren, Frantziako 68ko Maiatzak memoria unibertsalean iltzatuta jarraitzen du, erreferentzia bizi gisa.

Biak bilakatu dira mito, urtea eta hilabetea, 68ko Maiatza. Eta kontu jakina da mitoak bere baitan bizirik irauteko ahalmena duela. Berez, 68ko Maiatza ez zen urte bakar bat edo hilabete bakar bat izan. Asko hitz egin da Pariseko 68ko Maiatzaz, ikasleen matxinadaz. Hemen ere horretaz jardungo gara jarraian. Baina nekazarien 68 bat ere egon zen, langileen eta intelektualen 68 bat. Parisekoa bezala Pragako 68a ere izan zen, Nanterreko ikasleak bezala 68 hartan Mexikokoak ere altxatu ziren, eta, Tlatelolco plazako sarraskian, 200 balaz hil eta 500 zauritu zituzten. Egon zen Txinako 68a, Brasilgoa, Euskal Herrikoa. Denak hain ezberdin eta orduan hain berdinak, beren garaipen eta porrotak bezalaxe. Ez da, hortaz, 68 bakar eta monolitikorik.

Letrok ez dute Frantziako 68ko Maiatzaren errelato zehatz eta sakona egitea xede. Hemen ez da gertakizunen historia bat aurkeztuko, gorabehera labur, azkar eta urduri haien inguruan aritzea ez da asmoa, nahiz eta une aberats eta liluragarri baten historia barnebildu. Horrelako historia bat jakin-minez beteta dago beti. 68ko Maiatzeko gertakizun iskanbilatsuen atzean gauza asko dagoelako, korapilo pila bat.

Esaten da 1968. urtea Bigarren Mundu Gerratik geroztiko urte iskanbilatsuena izan zela. Munduko izkina ezberdinetan pil-pilean zeuden borrokak, horietako asko putzu gorrietan igerian, koagulatu ziren urtea izan zela. Matxinada izpiritu bat munduko lau izkinetan sustraitu zela. Emakumearen askapenerako, sexu askapenerako, antiautoritarismoarentzat, unibertsitatearen demokratizazioarentzat mugarri izan zela.

1968a gizarte pila bat txikituta geratu ziren urtea ere bada. Besteak beste, errepaso azkar bat eginez, AEBetan Martin Luther King erail zuten eta Vietnamgo gerraren aurkako errebelioa zabaldu zen urtea izan zen. Mugimendu hippyaren hasiera, bere Flower Power (“Loreen boterea”) eta Make love, not war (“Amodioa egin, ez gerra”) leloekin, eta bere Meka partikularreko, Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko, matxinadarekin. Vietnamen, Tet-eko erasoaldiak abiatu zuen Viet Cong gerrillak. Eta estatubatuarrei gerra militarki irabazterik ez zutela demostratu zieten. Urte bereko Txinako Iraultza Kulturalak edo Txekoslovakiako Pragako Udaberriak, kataklismoaren pareko aldaketak eragin zituzten. Eta, urrutira gabe, gure herrian bertan badugu egoera aldatu, kontzientziak astindu eta historia azkartu zuen gertakaria: ETAko buruzagi Txabi Etxebarrietaren heriotza Tolosako Benta Handin.

Ia odolik gabeko iraultza

Frantziako 68ko Maiatzaren idealizazioa oso handia da. Ezkerrak eta eskuinak, biek mitifikatu dute. Lehenak bere ilusioa bizirik mantendu nahi izan duelako, bigarrenek egungo bekatu eta oker askoren ama bertan ikusten dutelako. Baina mitoa, belaunaldiz belaunaldi, hitzez, letraz edo irudiz transmititu da eta bizi-bizirik da bere 50. urteurrenean.

68 hark ez zuen praxi iraultzaile klasikorik izan, ez zuen motzera begirako ondorio sakonik utzi. Ia odolik gabeko iraultza izan zen (bost pertsona hil ziren, hiru ekainean eta bi maiatzean, biak gaullistak), sinpatikoagoa edo maitatzeko errazagoa-edo. Irudiak memorian iltzatuta ditugu: barrikadak altxatzeko erabili ziren galtzada harririk gabeko kaleak, 1848ko iraultzaren edo 1871ko Pariseko Komunaren oinordekoak zirela uste zuten manifestariak, Sorbona unibertsitatea okupatuta, paretetan lelo apurtzaileak.

Baina egiari egia zor, eta Frantziako 68ko Maiatza denetan erradikalena izan zela ezin daiteke esan. AEBetan, adibidez, gehiago zegoen jokoan: egoerak hil ala biziko erabakiak hartzea eskatzen zuen, gerra bat zegoelako, Vietnamgoa. Gerra kolonial bat, gazte estatubatuarrak etsai ez zituztenak hiltzera joatera behartzen zituena. Eta gero drogen inguruko mugida hura guztia, psikodeliarena, beltzen askapen mugimenduarena, feminismoarena izan behar da kontuan. Halako erradikaltasunik ez zen egon Frantzian, gehienbat burgesiaren seme zurien iraultza izan zelako.

Parisko iraultza hark gizarte alternatiba koherenterik ez zekarren besapean. Sukar kolpe kolektiboa izan zen, eromen zoragarria. Idealismoa eta eskuzabaltasuna soberan zeuden orduko Frantzia burges eta materialistan. Baina arkaismo edo ortodoxia iraultzailearekin bukatu zuen. Beste gogo-aldarte eta kapritxo batzuk zituen, beste berotasun bat, asaldura eta umorea arma gisa ulertu eta erabiltzen zituen. Hori zuen jarrera: orain eta hemen aldatu behar da bizitza! Inpazientzia aldarrikatuz, berehala!

Groucho joerako marxistak

Hala ere, aitortu behar da, ikasle mugimendua beste inongo herrialdeetan ez zela iritsi ia gobernua botatzeraino, ez zuela horrenbesteko indarrez langileen errebolta piztu. Zortzi milioi langile joan ziren grebara Estatu frantsesean, greba basati eta mugagabeetara, bertako historian inoiz izan den lanuzte luze eta masiboenean. Langileen eskakizunak zehatzak eta ukigarriak ziren bezala, ikasleenak, politikoki askoz lausoagoak ziren, filosofikoagoak, sarritan zehar-esan sexualez blaiturikoak: «Askatu burua brageta bezainbeste». Marxistak ziren, xelebreak oso: Groucho joerako marxistak. Ezinezkoa eskatzen zuten errealistak.

Kuriosoa da, baina, mende erdi pasatu eta gero, memoria kolektiboan ikasleen errebolta goratua eta gogoratua da, eta, kalera atera ziren zortzi milioi langile haiena, aldiz, baztertua, ia ahaztua geratu da.

Filosofoen iraultza ere izan zen, ideiena. Jean-Paul Sartre Renault etxearen fabrika aurrean kaiola batean sartuta, langileei ikasleekin bat egin zezatela gau eta egunez eskatzen, edo Michel Foucault bozgorailua eskuetan asanbladetan. Egoera horien lekukotza ematen duten argazki eder askoak badira. Jatorri anarkista, libertarioa, surrealista eta situazionista zuten lelo pilo batek hartu zituzten Pariseko paretak, hitza zuten paretak.

Lelo anarko-libertarioak, Bakuninen “Suntsipenaren pasioa poz sortzailea da”, “Debekatzea debekatua” sonatua edo “Hauteskundeak, tontoentzako tranpa” bezalakoak. Baziren ere iraultza sexualera deitzen zutenak: “Zenbat eta gehiago egin amodioa, orduan eta gehiago desio dut iraultza egitea. Zenbat eta gehiago egin iraultza, orduan eta gehiago desio dut maitasuna egitea”. Edota “Elkarren gainean elkar maita ezazue!”. Situazionismoaren erreferentziak aise ikus daitezke ere: “Behera kontsumo gizartea!”, “Alienazioa abolitu!”, “Ez egin lanik inoiz!”, “Nire desirak errealitatetzat jotzen ditut nire desiren errealitatean sinesten dudalako”, “Hutsarterik gabe bizi eta oztoporik gabe goza”, “Badut zerbait esateko, baina ez dakit zer”...

Asko ikertu ez den fenomenoa izan arren, iraultza haren olatua Elizaren egituretaraino heldu zela esan behar da. Talde kristau aurrerazaleek, bereziki “Sprit” eta “Combat” aldizkarien inguruan mugitzen zirenek, 68ko Maiatzaren muinean ezinegon izpirituala eta kontsumozko gizartearen arrazoizko arbuioa bazegoela defendatu zuten. Paradoxikoa da, baina Elizak jarrera irekia eta errespetuzkoa mantendu zuen. Orduko Pariseko artzapezpikua, Marty monsinorea, Auzo Latinoko barrikadak bisitatzera heldu zen eta Pariseko apaizei idatzi zien gutun sonatuan honakoa utzi zuen idatzita: «Jainkoa ez da kontserbadorea, eta, berez, aldaketak ez dira bere borondatearen kontrakoak».

Elkarren gainean elkar maitatu

68ko Maiatza errealitate ekonomiko eta testuinguru historiko zehatz batean sortu zen. Frantziak, 1945etik 1975era, oraindik ere les trentes glorieuses bezala ezagutzen den aroan, ia etenik gabeko hazkundea eta oparoaldia ezagutu zituen. 1950eko hamarkadan galdu zituzten gerra kolonialen ondoren, Charles de Gaullek ezohiko egonkortasun aldia ekarri zuen 1960ko hamarkadan (kolonialismoaren aldeko sektoreen estatu kolpe saiakera eta ekintza armatuak egon zirela ahazteke).

Gehienbat nekazari eta katolikoa zen Frantzia desagertzen joan zen, apurka-apurka. Landa eremuko populazioa hirietako auzo pobreetara joan zen. Batxilergoa gainditzen zuen ikasle orok unibertsitatera ia dohainik joateko eskubidea zuen. 40ko hamarkadaren hasieran Frantziak 60.000 unibertsitate ikasle soilik zituen, 1968an, 605.000, Belgikak, garaiko Mendebaldeko Alemaniak eta Britainia Handiak batuta zituztenak bezainbeste.

Hala eta guztiz ere, oparoaldi eta hezkuntza maila hori gorabehera, Frantzia leku zanpatzaile bezala bizi zen, atmosfera zapaltzailea arnasten zen. Frantzia modernizatzeko nahia bistakoa zen, baina sistema sozial kontserbadore, zahar eta dinamikarik gabearekin ezinezkoa zen. Umeak bezala tratatzen zituzten ikasleak, artalde gisa unibertsitateetako anfiteatroetan ixten zituzten apunteak etengabe hartzeko.

Nolabait esateko, aspermena zen nagusi Frantzian. Beste toki askotan, bereziki AEBetan, gerraren kontra, iraultza sexualaren eta oinarrizko askatasunen alde ari ziren borrokatzen, Frantzian, aldiz, eskoletako logela segregatuetan neskak eta mutilak elkarrekin izateko eskubideaz ziharduten, gaurko begietatik begiratuta giza eskubide arrunt oinarrizkoa eta mugatua dirudiena. Eta hori izan zen, preseski, 68ko Maiatzaren txinparta. Nanterreko Unibertsitatean sexuaren arabera banatutako logeletan mutilak neskekin ezin oheratzearen aurkako protesta batekin piztu zen garra. Unibertsitateen okupazioak etorri ziren gero, barrikadak, eta, laster batean, jada ikasleak Vietnamgo gerraren aurka eta langileen soldata igoeren alde mobilizatuta zeudela, beste unibertsitateetara pasa zen sua.

Egia da, zuzenean edo zeharka, Alderdi Komunistari egozten zitzaiola, ezkerreko beste talde batzuen presioagatik desbordatuta izateagatik, «anabasa» hura sortu izana. Helburua V. Errepublikarekin eta bere instituzioekin bukatzea omen zen. Gertakizunek, baina, azkar frogatu zuten halakorik ez zela, komunistek ez zutela sortutako botere hutsunea baliatu nahi erregimen politikoa eta ordena soziala errotik aldatzeko.

Utopia bertan behera

Matxinada puri-purian zegoenean, Pariseko txoko askok eztabaida gune erraldoiak ziruditen, Odeon teatroan, adibidez, Luxenburgoko lorategien ondoan dagoen XVIII. mendeko eraikinean, gau eta egun, etengabe eztabaidatzen zuten ikasleek, Renaulteko langileek, filosofo eta idazleek, turistek edo grebengatik fabrikak itxita zituzten enpresaburuek.

Hilabete bukaeran, maiatzaren 29an hain zuzen ere, De Gaulle jeneralak Frantzia utzi zuen Alemaniako Baden-Baden hirira hurbiltzeko. Bertan zuen zain militarren buru Jacques Massu jenerala, Frantziako okupazio indarren komandantea. Egoerak gaindituta zegoelakoan dimisioa aurkeztuko zuela segurutzat jotzen zen, are estatu kolpe baten aukera bolo-bolo zebilen. Baina ez zen ez bata ez bestea gertatu. De Gaullek, Massuren leialtasuna ziurtatu zuen: armadak Paris erreboltarien atzaparretatik «askatzeko» agindua jasoko balu, txintxo-txintxo beteko zuela ziurtatu zuen.

Hurrengo egunean, De Gaullek komunistak Frantziako boterea hartzear zeudela iradoki zuen irrati mezu dramatiko baten ondoren, ongi antolatu eta teatralizatutako kontramanifestazio erraldoia egin zuten bere jarraitzaileek Champ Elysses etorbidean. Izan ere, 68ko Maiatzak eskuin muturreko bere bertsio propioa izan zuen, bereziki Occident bezalako taldeen eskutik. «Boltxebikeak ehizatzera» deitzen zuten kontramanifestazioak egiten zituen, adrenalina puri-purian, enfrentamendu zibil zuzenera deituz.

Hauteskunde aurreratuak deitu zituen De Gaullek, eta aise irabazi ere. Ikasleen eta langileen artean iraultzaileenak zirenen haserrerako, sindikatuek eskaintza «eskuzabal» bat onartu zuten, hori bai, kapitalismoa babesten zuena: soldata guztien %10eko igoera, gutxieneko soldataren %35eko igoera eta enpresa bakoitzean buruek eta langileek adostutako eta legeak behartutako hitzarmena.

68ko ekainaren hasierarako, grebak eta ikasleen manifestazioak desagertzen joan ziren. Langileak fabriketara bueltatu ziren, Jean-Paul Sartrek komunistak iraultzaren beldur zirela idatzi eta salatzen zuen bitartean. Frantzia «salbatua» zen eta, utopia, bertan behera utzia, edo, gutxienez, beste aukera baterako atzeratua.

Galtzada harrien azpian, Reagan

Jakina bazeudela alderdi komunistakoak ez ziren talde troskistak eta maoistak, kapitalismoa eta iraultza burgesarekin amaitzeko prest, baina asmo hutsean geratu zen guztia. Subertsioaren bestaldean, 68ko Maiatza, festa eta psikodrama baten adierazpen bezala ikusten dutenak ez dira falta. Bakoitzak bere pertsonaia sortu baino, pertsonaia askok eta askotarikoek jokatutako komedia: Rimbaudetik Che Guevararaino, Andre Bretonetik Troskiraino. Hitza hartuta, ekintza kulturalak bizitzaren ardatz bilakatuz, lana bigarren mailako eginez.

Beste batzuek diotenez, 1968ko galtzada harrien azpian ez zegoen hondartzarik, Margaret Thatcher eta Ronald Reagan baizik. Ez zen kapitalismoaren dominazioarekin hautsi, ez zen gizarte berririk sortu eta indibidualismoak gora egin zuen. 68ko Maiatzari huts egin zuen iraultza edo révolution manqué deitzen diote.

Iraultza haren ondarea guztiz likidatzea eskatu dute eskuindarrek, gaitz guztien iturri delakoan: eskolako nota txarrak, kriminalitate tasa altuak, patriotismoaren gainbehera. Erlatibismo moral eta intelektuala ekarri omen zuen, ongiaren eta gaizkiaren artean ez zuelako ezberdintasunik egiten, eta ordutik autoritatea desagertu egin delako. Gizartean eta politikan zinismoa sartu omen zuen, familiari gorrotoa. Beste batzuentzat, aldiz, kosta ahala kosta bizirik mantendu behar den totema da, iraultzaren amets betierekoa.

Dominazioari desafioa

68ko Maiatza politikoki galdutako iraultza bat da, baina kulturalki, eta, are, espiritualki, asko irabazi zen. Jakina izan zirela aldaketak, ikasle eta langile militanteek nahiko lituzketenak baino neurtuagoak eta motelagoak izan arren. Baina aldaketa «txiki» horiek «eguneroko bizitzaren eraldaketa» azkartu zuten. Jazarpen ideologikoari eta kontrol sozialari mozorroa kendu zitzaien, marxismo tradizionalak zioenaren aurka, lantokia klase dominazioaren toki bakarra ez zela frogatuz. Ordre etabli edo ezarritako ordena kontserbadore, hierarkiko eta autoritarioari parte hartze eta askatasun forma berriekin bota zitzaion erronka, gizabanakoaren emantzipazioak beste indar bat hartu zuen, familia egitura tradizionalak bikotekide bakoitzaren beharren araberako adostasun sexual moldakorragoengandik ordezkatu ziren. Kultura dominanteari aurre egin zitzaion, bai, baina egitura politikoak zurrunago eta autoritarioagoak dira ordutik, eta sistema ekonomikoak, bere dominazioa indartu du, denen eta denaren gainean. Estrategia sindikala ere, hein batean, aldatu egin zuen. Utopia iraultzaileak alboratu eta erreformismo pragmatikoa lehenetsi zen, lana sortu eta lan baldintzak hobetzea ardatz.

Praktika hobeak behar ziren, modernizazio eraginkorragoa, ez poetek eskatzen zutelako, industrializazioak eskatzen zuelako baizik. Egia da 68ko Maiatzak ez zuela kapitalismoaren nagusitasuna hautsi, baina bizitzeko erak aldatu eta hipokrisia morala hautsi zuen.