Juantxo Egaña

Karlista esanguratsuak Bilboko kartzelan

Artikulua ilustratzen duen argazkia Bilboko kartzelan egindakoa da, 1870eko azaroaren 24an. Pedro Maria Piñera eta Fausto Urquizua Bizkaiko ahaldun nagusiak, Juan de Orue Bizkaiko batzorde karlistako presidentea eta R. De Echebarri Jaurerriko erregidorea ageri dira, baita L. Basterretxea eta A. Batiz presbiteroak ere. Urte horretako matxinada karlistaren saioak huts egin ostean kartzelatu zituzten denak. Argazkiko protagonistetako bik, Urquizuk eta Oruek, Amorebietako Hitzarmenaren sinatze ekitaldian parte hartu zuten Beltegi jauregian, 1872ko maiatzaren 24an. Irudi horrek 100 urtetik gora iraun ditu jauregiko hormetan. Egilea Luciano Carrouche frantziar jatorriko argazkilaria izan zen, Bilboko Barrenkale Barrena kaleko 17. zenbakian lan egiten zuena.