Juantxo EGAÑA

Grand Hotel Biarritz ospitale bihurtuta

1918ko azaroaren 11n amaitu zen Lehen Mundu Gerra. Kalkulatzen denez hamasei milioi pertsona hil ziren, horietatik zazpi milioi zibilak. Gerra urteetan Biarritzen 22 ospitale izan ziren martxan; horietako batzuk lehendik ospitale zirenak eta beste batzuk egokitutako hotelak eta kasinoak. Goiko argazkian Grand Hotel Biarritz ageri da, ospitale bihurtuta. 120 ohe zituen eta Jacques de Poliakoff mediku errusiarrak zuzentzen zuen. Teresa Santos, Uruguaiko presidente izandako Maximo Santosen alabak, ospitalea bisitatu zuen 1915ean. «Une ikaragarriak bizi izan dituzte; bi mila eta hiru mila zauritu artean gora eta behera... Goizeko seietan lanean hasi eta gaua ondo sartu arte jo eta ke segitzen du Poliakoffek. Zauritu asko eta asko sendatu ditu. Nire bisitaren egunean 146 gizon ikusi nituen besoak eta hankak larri zaurituta, ebakita... Hori bai, denak sendatzeko bidean ziren. Eta denek hunkituta kontatzen zidaten mediku horrek salbatu diela bizia», kontatu zuen Santosek bisitaren ondoren. Grand Hotel Biarritzeko ospitalea gasek eta arma kimikoek zauritutakoak sendatzen espezializatua ere bazegoen.