Euskaraz mintzo den eta izaera propioa duen sare sozial libre eta irekia sortu da
Asteon bertan aurkeztu dute Mastodon.eus, Mastodon sare sozialaren baitan sortutako instantzia, «euskaraz mundura salto egiteko». Milaka instantziarekin federatuta, guzti-guztiekin komunikatzeko aukera dago, eta erabiltzaileek beraiek erabakitzen dute beren datuen erabileraren gainean.
Nork ez du Twitter edo Facebook ezagutzen? Sare sozialak dira, enpresa handiak. Askoz ere ezezagunagoa da Mastodon izenekoa, dagoeneko bi milioitik gora erabiltzaile baditu ere. Sare horren baitan milaka instantzia sortu dira, haietako batzuk euskaraz mintzo direnak, hala nola, oraindik orain, Mastodon.eus.
Joan den asteazkenean aurkeztu zuten Bilbon Mastodon instantzia hori. Zergatik beste sare bat, aipatutakoak eta gehiago izanda, ordea? Arrazoi bat baino gehiago dituzte haren sortzaile eta erabiltzaileek. Mastodon.eus instantziak bi berezitasun nagusi ditu: euskarazkoa da eta Interneteko euskal komunitateak sortu du komunitatearentzat.
Euskal hiztunentzat ez ezik, edonorentzat ere zenbait abantaila ditu; esate baterako, ez du ordaindutako publizitaterik eta bertan ez dituzte erabiltzailearen datuak saltzen; hau da, Iratxe Esnaola irakasle eta GARAko kolaboratzaileak asteon bere zerrendan zioen moduan, Mastodon.eus ez da «gure datuak ustiatzetik bizi», eta «teknologiak pertsonen eta jendarteen garapenera begira jarri behar» diren ideiari lotua da.
Mastodonek software librea erabiltzen duenez, deszentralizatua da, Twitter edo Facebook ez bezala. Hartara, datuen kudeaketa, pribatutasuna, erabilera-arauak eta hizkuntza komunitatea erabiltzaileen esku daude. Instantzia bakoitzak izaera propioa du eta zeinek bere kudeaketa egiten du, bere arauak jarrita.
Sare sozial deszentralizatua izateak ez du esan nahi osatzen duten instantziak ez daudela elkarren artean komunikatuta, ordea. Mastodon.eus-eko erabiltzaileek beste edozein instantziatako erabiltzaileei jarraitzeko aukera dute, baita haiek Mastodon.eus-ekoei jarraitzekoa ere, jakina. Izan ere, instantzia horiek guztiak federatuta daude. Twitter, Facebooken eta gainerako sare sozial zentralizatuetan enpresa horien erabakien araberakoa da hizkuntza; horren ondorioz, Twitterren interfaze berritik euskara desagertu da eta Googlek iragarkiak euskaraz jartzea debekatu du. Izan ere, zerbitzu horietan instantzia bakarra dago.
Bestetik, Mastodonen instantziak zabaltzeko aukera mugagabea dago, kode irekikoa baita.
Elkarlanean abiatua
«Mundura euskaraz salto egiteko» asmoz, PuntuEUS eta Azkue fundazioek, Dinahosting eta Iametza enpresek, Talaios kooperatibak, Laborategia2.0 blogaren kudeatzaileak eta Librezaleko aktibistek sortu dute, elkarlanean, Mastodon.eus. Diotenez, denboran irauteko helburuarekin abiatu da, euskarazko komunitatearen inguruan dauden eta sor daitezkeen bestelako instantziekin elkartzeko borondatearekin.
Euskaltzaindiaren egoitzan egin zuten aurkezpenean, euskal instantzia horren zenbait ordezkari izan ziren. Eli Pombo Iamentzako ordezkariak egitasmoaren hasiera nola gogoratzen duen kontatu zuen: «Aurtengo urte hasieran gure lantaldeko kide den Asier Iturraldek eman zigun sare sozial federatu honen berri. Asier da Argia.eus-eko lanez arduratzen dena eta Argiarekin hitz egin ondoren Mastodon Social instantzian Argiaren kontua zabaldu zuten. Iametzarena ere zabaldu zuen, noski. Gure artean komentatzen hasi ginen interesgarria izango zela euskal instantzia bat sortzea, baina, era berean, garbi geneukan hori enpresa batek edo eragile bakar batek ezin zuela sortu. Nora jo pentsatzen jarrita, bururatu zitzaigun PuntuEUS Fundazioarekin hitz egitea. Josu Waliñok beste hainbat erakunde eta eragilerekin hitz egin zuen. Azkue Fundazioa ere ari zen garai berdinean gai honi buruz hitz egiten Osoitz Elkorobarrutia ekintzailearekin eta hala guztiok harremanetan jarrita, Mastodon.eus izango zenari forma emateko bilerak egiten hasi ginen».
Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko ordezkariak esan zuen Mastodon.eus euskal erabiltzaileen komunitatearen esku gelditzen dela, eta komunitate horrek erabakiko duela Mastodon.eus zer izango den eta nola osatuko den aurrerantzean.
Asier Iturralde Iametza enpresakoak esan zuenaren arabera, Mastodon sare soziala ikuspuntu humanoago batetik sortu da, «beste sareen akatsetatik ikasiz. Erabiltzailea pertsona bat da, ez da produktu bat».
Instantziaren gaineko informazioa eta nahi duenak nahi duen instantzian izena emateko jarraibideak https://kaixo.mastodon.eus helbidean daude eskuragarri.
Kontua nola sortu
Mastodon.eus-en kontua sortzea oso erraza da. Lehenik, erabiltzaile-izena, helbide elektronikoa eta pasahitz bat idatzi behar da. Izena eman duenak mezu elektroniko bat jasoko du helbide elektronikoa berresteko, eta, behin hura baieztatuta, kontua sortuta dago.
Hautatutako erabiltzaile-izen eta pasahitzaren bidez saioa has daiteke, toot izeneko mezuak idazten. Izan ere, Mastodoen argitaratutako mezuei toot esaten zaie ingelesez, komunitateak euskarazko hitz bat adosten ez duen bitartean behinik behin. 500 karaktere arteko toot-ak idatz daitezke, eta irudiak ere gehitu daitezke.
Ezarpenen atalean, kontua pertsonalizatzeko zenbait aukera daude. Profila aldatzeko atalean, beste edozein sare sozialetan bezala, izena, biografia, argazkia eta goiburuko irudia alda daitezke, eta profilean agertzea nahi den lau elementu ere gehitu daitezke etiketa/edukia pare bezala, adibidez, webgunea/adibidea.eus. Kontua giltzapetzeko zein beste hainbat ezarpen konfiguratzeko aukera ere eskaintzen du.
Hobespenak atalean, alde batetik, hizkuntzarekin zerikusia duten hobespenak alda daitezke, eta, bestetik, pribatutasunarekin lotutakoak, hala nola mezuen pribatutasun maila, erabiltzaileak nor jarraitzen duen eta nork jarraitua den profilean agertzea nahi den ala ez...
Komunitate bakoitzak egin ditzakeen aldaketen artean emotikono berriak sartzeko aukera dago. Euskal instantzian ikurrina jartzeko aukera dago, edota ahobizi eta belarriprest figurak ere, eta emotikono berriak ere jarriko dira, «euskaldunen eskaerei erantzunez».
Zalantzaren bat duenak “Ohiko galderak” orria oso lagungarri izango du.
mastodon.jalgi.eus ere, abian
Edozein talde zein norbanakok dauka Mastodonen bere instantzia propioa sortzeko aukera. Hala egin du Jalgi.eus ekimenak. Izarkom Euskal Herriko Telekomunikazio Operadore Kooperatiboak sortu zuen Jalgi.eus, «enpresa transnazionalek garatu eta kontrolatzen dituzten ohiko zerbitzuetatik ihes egin eta alternatiba askeak euskaraz eskaintzeko».
Joan den irailean, Mastodon.jalgi.eus instantzia aurkeztu zuen Izarkomek. «Teknologia, Telekomunikazio eta Energia burujabetzaren garrantziaz jabetuta, hauek elkarrekin uztartu eta gizarte burujabe baten norabidean», honako baliabideak erabiltzen ditu instantzi horrek: zerbitzarien Interneterako konexioa, Izarkomen Telekomunikazio Operadorearen bidez; zerbitzarien ostatatzea, Herrizoma datu-zentro autonomo eta banatuen bidez; zerbitzarien argindarra, GoiEner Energia berriztatzaileen kooperatibaren bidez, eta Instantziara sarbidea, Internetez ez ezik, Guifi.net sare ireki, aske, neutral eta partekatuaren bidez ere egin daiteke.
Dabid Martinez
«Mastodon.eus euskaratik sortu eta lokaletik globalera eragin dezakeen zerbait da»
Dabid Martinez Laborategia 2.0 blogaren kudeatzailea da. Bere blogean dioenez, software librearen defendatzaile sutsua da, «ideiak askeak izan behar direla uste dudalako». Mastodon.eus instantziaren sortzaileetako bat da, beste zenbait norbanako, erakunde eta enpresa zein kooperatibarekin batera. Aurkeztu berri duten egitasmoaz mintzatu gara berarekin.
Zer du berritik Mastodon.eus instantziak?
Funtsean software librea erabiltzen duen Mastodon instantzia bat da, eta software hori librea izateak horren abantaila guztiei heltzea ahalbidetzen digu. Alde batetik, guk oinarri duguna, edozein helburu dela softwarea desplegatzeko eskubidea daukazu, eta guk, horretaz baliatuz, erabaki genuen euskaratik euskararentzat edo euskal komunitatearentzat Mastodon.eus izeneko sare soziala inplementatzea, ezen ez garatzea, ez baita gauza bera, eta bertan sortu daitekeen eta gaur egun sortzen ari den komunitateari eustea eta berau dinamizatzea.
Gure helburua zen software librea oinarritzat hartuz euskara eta euskaratik mundura ateratzeko aukera izatea; hau da, ez daukagu zertan enpresa neoliberalek erabiltzen dituzten edo printzipioz doan eskaintzen dizkiguten produktuak erabili euren paradigmetan. Paradigma horietatik at atera nahi genuen komunitate bat, burujabetasunez, guk planteatzen ditugun proiektuekin, ideiekin eta oinarriekin funtzionatuko duena. Kasu honetan, Mastodon instantzia askoz gehiago daude eta Mastodon.eus fedibertso edo unibertso horretako instantzia bat da, euskaldunontzat garatu duguna, baina esan beharra dago euskaldunontzat badagoela beste bat ere: Mastodon.jalgi.eus. Horiek ere erabaki zuten instantzia bat sortzea, eta, Mastodon sarea federatua denez, horrek ahalbidetzen digu munduan dagoen beste edozein Mastodon instantziarekin komunikatzea. Hori horrela, Mastodon.eus-etik Mastodon.jalgi.eus-eko erabiltzaileak jarrai ditzakegu, eta Mastodon.jalgi.eus-etik, modu berean, Mastodon.eus-eko erabiltzaileak jarrai ditzakegu; eta gure arteko elkarrizketak sortu ahal ditugu, instantzia desberdinen artean. Horretan datza, funtsean eta labur-labur, federazioa.
Euskara baino ez duzue erabiltzen?
Esango nuke Mastodon ez dela bakarrik euskaraz hitz egiteko edo euskararen komunitatearentzat sortutako plataforma bat. Gure helburua da mundura ateratzea, beste Mastodon instantzia batzuetako jarraitzaileen berri izatea, euren edukia interesatzen zaigulako, baina geure desberdintasun horrekin eta euskaldunak garela nabarmentzeko helburuarekin. Euskaratik sortu eta lokaletik globalera eragin dezakeen zerbait gara.
Izan ere, instantzia hau gustuko duen erdaldunak euskarazkoa dela ikusita galdetuko du derrigor euskaraz idatzi behar duen.
Nire ustez, gure helburua izan behar da, eta hau uste pertsonala da, ahalik eta gehien euskaraz idaztea eta horretarako aukera izatea; hau da, euskaldunon artean euskaraz egitea, are gehiago orain, Euskaraldian gaudela. Baina ezin dugu, nolabait esatearren, eta agian ez da hitz egokiena, ghetto bat sortu, ezin dugu euskaldunontzat bakarrik den zerbait sortu, zeren helburua hori izango balitz, Euskal Herritik kanpo izaten diren elkarrizketa eta eztabaida interesgarriak galduko genituzke. Nik, adibidez, herri katalanetan lagun asko dauzkat eta horietako asko jarraitzen ditut Mastodon.cat-en. Gure artean bi aukera ditugu, edo ni katalanera moldatzen naiz, edo eurak eta ni moldatzen gara gaztelaniara, eurak euskarara moldatzea zailagoa baita. Nik inoiz katalanez argitaratzen ditut neure toot-ak, baina gaztelaniaz ere egiten dut, baita ingelesez ere noiz edo noiz. Nire edukiaren %90 seguru nago euskarazkoa izango dela, baina, noizean behin, kanpoko jendearekin, euskaldunak ez diren beste instantzia batzuetako erabiltzaileekin ere komunikatu behar dudanez, ez dut zertan neure burua mugatu euskara hutsera.
Mastodon.eus esan liteke hizkuntzaren inguruan, edo euskaldun komunitatearen inguruan sortu dela, baina badira instantzia batzuk gai jakinen inguruan eratu direnak.
Bai, horixe da. Mastodonen badaude askotariko instantziak; adibidez, software librean ari garenontzako instantzia bat dago edo, hobeto esateko, kasu honetan, instantzia asko. Askotariko gaien inguruko instantzia pila bat dago. Gurearen berezitasuna da euskaratik euskararentzat eta euskal komunitatearentzat sortutako instantzia dela, eta ikusgarritasuna eman nahi diogula gure kultur ondareari zein gure hizkuntzari Internet bitartez.
Erabiltzaileen datuak ez ditu bestek erabiltzen.
Guk ez diogu Mastodon.eus-en argitaratzen den informaziorik inongo enpresari saltzen. Jakina, zerbitzaria enpresa batean dago, eta zerbitzari horretan informazioa badago, baina hori ez diegu Facebook, Twitter edo publizitatea egiten duten enpresei saltzen. Gure helburua ez da honekin diru etekin nabarmen bat ateratzea beste sare sozial askok egiten duten moduan, gu ekintzaileak gara eta hau egiten dugu “dena denontzat” filosofiarekin.
Zer eduki onartzen diren ere ez da goitik erabakitzen. Japonian Mastodonek erabiltzaile asko omen ditu, zenbait sare sozialek hango marrazki bizidun batzuk debekatu dituztelako.
Bai, hentai, anime pornoa batez ere. Sare sozial komertzialetan ezin da horrelakorik erabili. Gure kasuan, sexu esplizitua duten irudiak argitaratuko balira, eztabaidatu beharko genuke gure artean zer egin. Baina, adibidez, argi daukagu ez dugula nahi eduki arrazista, xenofobo, homofobo, matxistarik… gure plataforman.
Beraz, polemika sortu lezakeen eduki baten inguruan eztabaidatu egingo zenukete, baina, edonola ere, erabakia ez luke enpresa batek hartuko.
Guztion erabakia izan beharko litzateke, nire ustez. Gurea askoz antolakuntza horizontalagoa da, izan ere, hasieratik esan dugunagatik: ekintzaileak garelako, fundazioak garelako, barruan dauden enpresak kooperatibak direlako, beste planteamendu batzuk dituztenak. Jakina, euren helburua etekinak lortzea ere bada, enpresak dira-eta, baina ez da hori bakarrik. Euskararentzat, euskal komunitatearentzat lan egiten duten enpresak dira bai Talaios bai Iametza. Eta gure berezitasuna da gauzak behetik gora planteatzen ditugula, horizontaltasun osoz; izan ere, talde eragilean norbaitek parte hartu nahi badu, irekita gaude kolaborazioetara.
Beste berezitasun bat hizkuntza da, jakina. Googlek debekatuta dauka euskarazko publizitatea, eta Twitterrek bere interfazetik kendu du.
Gure kasuan ez genuke nahi plataforma iragarkiak argitaratzeko erabiltzea, ez euskaraz ez ingelesez ere, baina ez dago inongo arazorik euskaraz edozer argitaratzeko.
Abantaila batzuk begi bistakoak dira. Hala ere, jende askok, horiek ikusita ere, eta zuen filosofiarekin bat etorri arren, noraino hartzen ditu aintzat kontu bat leku batean edo bestean zabaltzeko orduan?
Hori edozein produkturekin eta edozein zerbitzurekin gertatzen da. Adibidez, argindarra bada, badira urte asko Goiener daukagula gurean, eta seguru nago oraindik jende askok esaten duela ez dela guztiz fidatzen. Zein da ekintzaileon helburua? Jendeari erakutsi behar diogu zeintzuk diren onura hauek, zer ekarriko duten euskal komunitatearentzat, zer esan nahi duen honelako sare sozial bat Interneten egoteak eta zein mailatako ikusgarritasuna ematen digun guri herri bezala, eta horretaz kontzientziatuta gaudenok nik uste dut salto egin behar genukeela Mastodon.eus-era. Horrek ez du esan nahi Twitter erabiltzeari utzi behar diogunik. Twitter hor dago eta guretzat, gure lana, ekintzak, mila gauza sustatzeko alternatiba ona da, hori ez dago ukatzerik. Baina orain beste bide bat dago, orain beste plataforma bat dago, beste filosofia batekin, beste helburu batzuekin eta interesgarria da, agian Twitter kendu gabe, aukera horri heltzea.
Nabaritu duzue harrera onik?
Mastodon.eus-ek astebetean mila erabiltzailetik gora lortu zituen, eta horrek software librearen kasuan badu meritua, gure herri txiki honetarako hori sekulako arrakasta da. Jakina, euskalgintzaren laguntza ezinbestekoa izan da. Baina gure helburua orain bertara apuntatu diren pertsona guztiek parte hartzea izan behar da; hau da, eztabaidetan modu aktiboan parte hartzea. Esate baterako, goizean zure herrian hitzaldi interesgarri bat dagoela gogoratzen bazara, Mastodonen jarri. Twitter barneratu dugun modu berean barneratu behar genuke Mastodon. Orain helburua, esan bezala, parte hartzea izan behar da.