Alberto Matxain
analisia

Iraultzatik hamar urte (I)

2008ko urriaren 6an Islandiako lehen ministroa zen Geir Haardek telebista bidezko diskurtso historikoa zuzendu zion nazioari. Bertan larrialdi egoera komunikatu zien ordura arte gainera zetorkiena susmatu ere egiten ez zuten herritarrei

Reykjavik, 2009ko urtarrilaren 20a. Krisi ekonomikoak itota zegoen herriak kaleak hartu zituen. Polizia Islandiako Parlamentua inguratzen zuen jendearen kontra oldartu zen. Hurrengo egunetan mobilizazio masiboak mantendu zituzten herritarrek eta krisian ardura zuzena eduki zuen Gobernu eskuindarrak dimititzea lortu zuten. Hauteskundeak ezkerrak irabazi zituen lehen aldiz eta hurrengo urteetan konstituzio erreforma sakon bat erredaktatzeko munduan aurrekaririk gabeko prozesu parte hartzailea martxan jarri zen Islandian. Krisia eragin zuten bankuak ez ziren erreskatatuak izan, banketxeetako arduradunak espetxeratu egin zituzten eta islandiar herriak erreferendumean kanpo zor erraldoia ordaintzeari uko egin zion.

Bihar “Lapikoen Iraultza” deiturikoan mugarri izan zen mobilizazio egunaren hamargarren urteurrena beteko da. Prozesua ez da oso ezaguna, baina M-15a bezalako mugimenduentzat lehen mailako erreferentzia izan zen. Baina... iritsi zaigun irudia erreala da? Zer eman zuen islandiar herriaren erreboltak? Zertan gelditu da?

Ezer baino lehen, oinarrizko informazio pixka bat: Islandia hizkuntza propioa duen herri txikia da. 350.000 biztanle inguru ditu, Iruñerriak bezainbeste. Irla bat izateak, klimak, orografiak eta demografiak ezaugarri oso bereziak ematen dizkio islandiar herriari. Bertako biztanleek mendeetan zehar irlaren bizi baldintza gogorrei aurre eginez biziraun dute. Bost mendez Danimarkaren parte izan ostean, 1944an, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, erreferendum bidez Danimarkarekiko lotura askatzea erabaki zuten herritarrek eta Islandiako Errepublika sortu zen.

Europako herririk pobreenetarikoa zena, Marshall planari eta industrializazioari esker pobreziatik atera eta mundu mailako herrialde aurreratuenen artean kokatu zen.

 

Krisi ekonomikoa

Islandia gogor kolpatuko zuen krisiaren baldintzak 1995tik 2007ra bitartean egosi ziren. Hamabi urte horietan bi alderdiren arteko aliantzak (Independentziaren Alderdia, eskuinekoa, hegemonikoa, eta Alderdi Aurrerakoia, zentro-eskuinekoa) gobernatu zuen Islandia, merkatuaren desregulazioa, banketxeen jabetza publikoaren amaiera eta hainbat enpresa publikoren salmenta helburu. 2003 eta 2008 artean ekonomiak hazkunde oso azkarra ezagutu zuen eta banketxeak, ordurako pribatizatuta zeudenak, azkar eta kontrol publikorik gabe hazi ziren, Islandiako barne produktu gordina hamar aldiz gainditzen zuten aktiboak edukitzera iritsi arte. Herritarren kontsumo ahalmena ikaragarri altua izatera iritsi zen.

2008ko irailaren 15ean Lehman Brothers banku estatubatuarrak porrot egin zuen: mundu mailako krisi ekonomiko larriaren abiapuntua izan zen. Krisiak Islandiako finantza sistema gogor kolpatu zuen: hiru banketxe nagusiek ordaindu ezin zituzten zorrak zituzten. Finantza sistemaren tamaina handiegia zenez herrialdeko ekonomiarekin alderatuta, Islandiako Banku Zentralak ezin zituen erreskatatu.

2008ko urriaren 6an lehen ministroa zen Geir Haardek telebista bidezko diskurtso historikoa zuzendu zion nazioari. Bertan larrialdi egoera komunikatu zien ordura arte gainera zetorkiena susmatu ere egiten ez zuten herritarrei.

Islandiako banketxe garrantzitsuenek porrot egin zuten, herrialdeko barne produktu gordina baino hamar aldiz handiagoa zen zorra utziz. Astebeteko epean, hiru banketxeak interbenitu egin zituzten. Koroa islandiarra %60-70 erori zen dibisa garrantzitsuenekin alderatuta, eta Islandia Nazioarteko Diru Funtsari erreskate bat eskatzen zion Europako lehenengo herrialdea bilakatu zen. Erreskatearekin, herritarren zorren interesen balioa 2,5 aldiz biderkatu zuen. Egun gutxiko epean, islandiarrak kontsumo maila oso altu bat izatetik zorrak ezin ordaintzera pasa ziren. Banketxeek porrot egitea eta herriaren kolapso ekonomikoa ekiditeko, lege bereziak onartu zituzten, tartean kapitalen irteerei muga zorrotzak jartzea.

Islandian bizi den Eric Lluent Bartzelonako kazetariak “El Faro de Reykjavík” komunikabide digitalean azaldutakoaren arabera, Islandiak ez zituen bertako banku pribatuak erreskatatu ez zelako gai, esan bezala, zuloa irlaren barne produktu gordina baino hamar aldiz handiagoa zelako. «Banka nazionalizatu zuten, banketxe zaharren errautsetatik banketxe berriak sortu zituzten». Hiru bankuak erortzen uztean, Banku Zentralarekin zituzten zorrak zulo bilakatu ziren. Gobernuak Banku Zentrala diru publikoz ahal bezainbeste erreskatatu zuen. «Banku sistemaren oinarria salbatzeak 2.000 miloi euro baina gehixeagoko kostua izan zuen. Horrela, faktura biztanleko 6.250 eurora igo zen».

 

Protestak

Urriaren 11n Hörður Torfason artista eta abeslari ezaguna bakarrik hasi zen protestatzen, Parlamentu aurreko Austurvöllur plazan jendeari mikrofono irekia eskainiz nahi zuena adierazteko. Astebururako zenbait lagunen artean manifestazioa antolatu zuten, eta mobilizazioek gorputza hartu ahala Raddir Fólksins (“herri ahotsak”) mugimendua sortu zuten. Astero mobilizazioak egiten aritu ziren. 2009ko urtarrilaren 20an ehunka lagunek Parlamentuaren inguruan manifestazioa egin zuten, lapiko eta sukaldeko tresnekin zarata ateraz lehen ministroaren eta Parlamentuaren arteko lehen bilkura oztopatzeko helburuarekin. Protestak hasi zirenetik lehen aldiz Polizia manifestarien kontra oldartu zen, hogei pertsona atxilotuz eta beste hainbeste piper gasaz zaurituz.

Hurrengo bi egunetan protesta gehiago egon ziren. Milaka lagunek Gobernuaren egoitzak inguratu zituzten. Manifestariek lehen ministroaren autoari elur bola eta arrautzekin eraso egin zioten. Urtarrilaren 22an istiluak egon ziren manifestarien eta polizien artean. Poliziak gas negar-eragilea erabili zuen. Islandiako poliziak 60 urte zeramatzan manifestarien kontra gas negar-eragilea erabili gabe, 1948ko NATOn sartzearen kontrako mobilizazioetatik. Reykjavikeko polizia buruak adierazi zuen protestek jarraituko zutela pentsatzen zutela. «Egoera berria da. Dena ari da aldatzen Islandian». “Lapikoen Iraultza” gertatzen ari zen.

Torfasonek GAUR8ri egun horietan bizitakoa azaldu dio. «Eszitazioak eta zalantza egoerak ezaugarritutako garai ezohikoa izan zen. Parlamentua inguratu genuen eta egun gutxira gobernuak dimisioa eman zuen. Manifestarien eskaera guztiak onartuak izan ziren». “Iceland Weather Report” komunikabide digitalari 2009ko martxoan eskainitako elkarrizketan dena nola hasi zen azaldu zuen: «Ez nuen ezer berezia pentsatuta. Lehen mobilizazioan Austurvöllur plazan mikrofono ireki batekin jarri nintzen eta jendea hitz egitera gonbidatu nuen. Jendeari hitz egin nion, jendea entzun nuen, haserre nengoen. Hurrengo larunbatean lehen mobilizazio antolatua egin genuen. Niretzat garrantzitsua zen manifestazioek ahalik eta iritzi eta ikuspuntu gehien islatzea. Ahalegin etengabea egin behar izan genuen mugimendua infiltratu nahi zuten taldeak urrun mantentzeko. Hirugarren larunbatean gure eskariek forma hartu zuten: ikuspegi hobea hartzen hasi ginen». Haien aldarrikapenak: Gobernuaren dimisioa, hauteskundeak lehenbailehen egitea eta Banku Zentralaren Batzordea nahiz Ikuskatze Finantzariorako Autoritatearen Batzordea kaleratzea.

«Suziriak gogoratzen ditut, irribarreak, itxaropena, energia. Lapikoen soinua, oso era sinple eta ahaltsua da jendea batzen duen erritmoa sortzeko. Esnatze bat izan zen», gogoratu du lehen manifestazioetan erreferente bilakatu eta gerora Konstituzio erreformaren zirriborroaren erredakzioan parte hartuko zuen Katrin Oddsdottir abokatuak.

Lluentek txanponaren beste aldea nabarmendu du: «Desengainu handi bat izan zen. Ni ez nengoen egun hartan [lehen ministroak adierazpena egin zuen egunean], bi hilabete geroago iritsi nintzen. Orduan jendeak azaltzen duena da hiriak isiltasun absolutuan zeudela. Dolu moduko bat zen, eraso bat gertatu izan balitz bezala, arma ikusezinekin garatutako gerra batek, kasu honetan finantzarioa, herria goitik behera suntsitu izan balu bezala. Bromak egitera iritsi ziren ea nork erosiko zuen Islandia, porrot egin duen enpresa bat balitz bezala».

 

Ondorioak

Urtarrilaren 22ko istiluen biharamunean Geir Haarde lehen ministroak hauteskundeak apirilaren 25era aurreratu eta politika utziko zuela iragarri zuen. Horrek ez zituen islandiarrak ase eta mobilizazioei eutsi zieten, milaka pertsona bilduz bere berehalako dimisioa eskatzeko. Urtarrilaren 26an, protestak gogortu eta astebetera, lehen ministroak dimisioa aurkeztu zuen. Aliantza Sozialdemokratak zentro-ezkerreko koalizio gobernua osatu zuen Ezkerra Berdeak alderdiarekin.

Hauteskunde aurreratuak 2009ko apirilaren 25ean izan ziren. Gutxiengoan zegoen gobernu koalizioak gehiengo osoa lortu zuen, eta boterean 18 urte zeramatzan Independentziaren Alderdiak botoen herena galdu zituen, 1944tik lehen aldiz lehen indarra izateari utzi ziolarik. Gobernu berriko indarrek, Alderdi Sozialdemokratak eta Ezkerra Berdeak alderdiak, herriaren birfundazioa eta Konstituzioaren erreforma zeramatzaten euren programetan. Horixe zen kalera atera zen jendeak, botoa eta gobernua eman zienak, eskatzen zuena: birfundazioa.

2010ean eta 2011n bi erreferendum egon ziren bankuen zorraren inguruan erabakitzeko. Bietan zorra ez ordaintzearen aukerak irabazi zuen. Britainia Handiko eta Herbehereetako gobernuek Islandia EFTAren Justizia Auzitegian salatu zuten. Honek 2013ko urtarrilean Islandiaren aldeko ebazpena onartu zuen.

Geir Haarde lehen ministroa zena epaitua izan zen, eta kargu txikiengatik erruduntzat jo zuen epaitegiak, kargu larrienengatik errugabetuz. Banketxeetako arduradunak ere epaituak izan dira. Haietatik 36k espetxe zigorrak jaso dituzte, denera 96 urte, haietako askok espetxea zapaldu dutelarik.

Islandiako herri lasaiaren altxamenduak Europan guztiz ezohikoak diren gertaerak ekarri zituen: Gobernuaren erorketa, indar harremanaren aldaketa nabarmena, banketxeetako arduradunen espetxeratzea eta zorraren inguruko erreferendumak. Era berean, hauteskunde osteko hilabeteetan, konstituzio erreformaren erredakzioan herriak Gobernu berriari aurrea hartuko zion, mundu mailan erabat berritzailea eta eredugarria den prozedura martxan jarriz.