Antton Izagirre

Kameleoiak

Garapenaren izenean baserri zaharra eraistera behartua, derrigortua, izan den gizakiaren borroka juridiko, psikologiko, emozionala erakusten duen “Basque Selfie” filma ikustera bildu ginen zinemara. Ama lurraren, baserriaren, jaiotetxearen, tradizioaren, patrimonioaren defentsa unibertsala da; indigenak, bertako nekazariak, herri txikiak, munduko lurralde desberdinetan ematen den borroka horren lekuko.

Filmaren ikuspegi artistiko edo gaiaren sakontasunetik harago euskal ikuspegiarekin landua izanak eransten dio berezitasuna eta sortu du interesa. Hala ere, zenbaiten ustetan, filmaren izenburua ingelesez eman izanak, kontaketari koherentzia murrizten dio. Izan ere, merkatuak baserria galbidean jarri duen moduan, ez ote da koherentzia eza, filma hobeto saltzearen mesedetan euskaraz izendatzeari uko egitea?

Gaiari dagokionez, garapena ez da baserria eraistearen erruduna. Garapenaren atzean erabaki politikoak daude, eta erabakiak politikoek hartzen dituzte, izen-abizenak dituzten alderdi politikoek eta gizon-emakumeek. Herriko zineman filma ikustera bildutakoen artean baziren abiadura handiko trenaren aferak eraginda lurrak, etxebizitza galdutakoak, kaltetutako baserri jabeak, baita Udalak onartutako Hirigintza Plangintzak eraginda euren borondatearen kontra etxebizitza saltzera eta eraistera behartuak izan direnak ere. Ikusten ari ginenarekin arrazoiz eta sentimenduz identifikatuak asko eta asko. Horien artean, filmaren amaieran, gaiak sortzen duen samina haserre bilakatzeko motiboa aurkitu zuten hainbatek, ikustean nola, herrian abiadura handiko trenaren eraikuntzaren bultzatzaile eta aipaturiko Hirigintza Plangintzaren sustatzaile izan zen herriko EAJko alkate ohia, filmeko protagonistari bostekoa eman eta zoriontzera bildu zen. Ez dakigu filmaren edertasunagatik, baserria eraisteak sortzen zion saminagatik ala baserriaren defentsan eginiko borrokarengatik zoriondu zuen, baina keinuaz jabetu ginenoi, politikari horien azal gogorraz konturatzeko balio izan zigun. •