Miren Azkarate Badiola

Lapurtuak bai, baina ez ahaztuak

Nire lanbideak istorio zoragarri eta gogorrak ezagutzera eramaten nau. Irratirako dudan elkarrizketa saio batek duela egun batzuk horietako momentu bat oparitu dit, inoiz ahaztuko ez dudan elkarrizketa, beste hainbat gairen artean gai bat jorratu izanagatik espresuki. Ume lapurtuak. Elkarrizketatuaren osaba izango zenaren historia kontatu zidan, hasieratik bukaerara. Nola bere aiton-amonak Iparraldera eta gero Landetara alde egin zuten Frankismo garaian. Nola bere ama eta beste bi anaia bertako ospitale batean jaioak ziren eta nola haietako bat jaio eta hiru egunetara gaixotu eta hil egin zela esan zieten bertako mediku eta apaizek. Nola ez zuten bertsio ofiziala sinistu eta pena horrekin bizi izan diren urte hauetan. Eta nola amona hil baina lehenago senide lapurtuaren bilaketan ari diren, esperantza galdu gabe zantzu guztien arabera bizirik dagoelako.

Istorioak hasieran pixka bat harritu ninduen, gertaerak ez zirelako espainiar Estatuan gertatu eta ordura arte nik bertako kasuak bakarrik entzun nituelako. Baina zergatik ez? Frankismoaren tentakuluak luzeak direla badakigu. Eta duda guztiak argitu zitzaizkidan elkarrizketa hartan kontatu zidanean bertan lan egiten zuten mojak espainiarrak zirela eta ospitale haren ondoko herri batean guardia zibilak eta haien senideek udako oporrak igarotzen zituzten leku bat zegoela. Hortxe tentakulua!

Frankismoak utzitako beste ondorio ilun bat, noizbait argitu beharrekoa. •