ERASO SORTARAKO PURI-PURIAN ZEN SRI LANKA
Baldintza guztiak betetzen ziren Sri Lankan Pazko Igandeko sarraskia gertatzeko. Eta ez da ondorengo premonizio bat. Azken hamarkadotako gerraren ondorioz, auzi etniko-erlijiosoa pil-pilean dago gehiengoan den budismoaren eta gutxiengoan diren hinduismoaren eta islamaren artean, azkenean kristauek ordaindu badute ere. Gobernu barneko tirabirek segurtasun arloan eragindako hutsuneek, gainera, lana erraztu diote horrelako egoerak bereziki maite dituen Estatu Islamikoari. Bere izenean 253 hildako eta 500 zauritu eragin dituen atentatu sorta ikaragarria egiteko boluntarioak baino ez zituen falta, baina samur aurkitu omen ditu bertako erakunde jihadista baten baitan. Eta ez ziren ez, kamikaze gehienak behintzat, familia txiroetan hasitakoak, enpresa gizonen eta klase ertaineko bikoteen semeak (eta alaba bat) baizik. Politika ankerrari nihilismoa gehitzen bazaio, koktelak horrelako irudi beldurgarriak eskaintzen dizkigu. Eta ez soilik Kolonbon. Hala ere lasai, guk gure irakurketa samurrekin jarraituko dugu. Hurrengora arte. Dabid Lazkanoiturburu