Maider Iantzi Goienetxe
KARDENA BILDUMA

XVI. mendeko euskal bordatuen historia, jantzi berri eta erabilgarri bihurtua

Oihane Pardo Amarenak markaren sortzaileak bere tailerreko ateak zabaldu dizkio GAUR8ri azken proiektua aurkezteko: Kardena. Era ezberdinetan erabil daitezkeen udarako jantzi erosoak dira, liho eta kotoizko oihal naturalekin eginak, bertan eta «zero waste» filosofiarekin. Ederrak dira, atzean daukaten historia bezalakoak.

Donostiako Tabakalerako laugarren solairuan du tailerra Oihane Pardo diseinatzaileak, Amarenak markaren sortzaileak. Ezagunak dira amonaren kaikutik abiatuta ikertzen eta berritzen hasi eta plazaratu zituen kaikuak. Geroztik «janzteko istorioak» bilatzen, sortzen eta transmititzen jarraitzen du. Beti dabil egitasmo ugarirekin esku artean eta gaur azkena erakutsi digu.

Antzina, Euskal Herriko emaztegaiek arreoa prestatzen zuten eta haren parte inportante bat ziren bordatuen istorioa jantzi dugu. Literalki.

«Ideia bila nabilenean museoetara noa», aitortu digu Pardok argazki saioa bukatu eta lasai eseri garenean. Begiratu eta ikertzen hasten da zerbait interesgarria topatu arte. Kasu honetan, gurutze puntuz egindako bordatu batzuk aurkitu zituen San Telmo Museoaren bilduman. «Informazioa eskatu nion museoari eta liburu bat erakutsi zidaten, non Eva Elortza eta Mariasun de Miangolarrak bordatuen esanahiari buruz egin zuten ikerketa jasotzen den. Haiekin bildu nintzen eta Bilboko Euskal Museora ere jo nuen».

Hala ezagutu zuen historia. Antzina, Euskal Herriko emaztegaiek arreoa prestatzen zuten ezkontzeko. Beren bizitzan zehar biltzen zuten ondarea zen, ezkontzerakoan etxe berriari emateko. Bertan, lihoak garrantzi handia zuen, emakume gehienek lihoa lantzen baitzuten lursail txiki batean. Etxeko oihal guztiak liho horrekin egiten zituzten.

Ezkontza egunean, gurdi batean erakusten zuten arreo guztia: aulkiak, mahaiak, eltzeak… Goialdean ohe bat jartzen zuten, ohazalarekin. Bordatu horiekin apainduta zeuden. Emazte berrien trebetasuna eta estatusa islatzen zuten. Eva Elorzak deskubritu zuenez, batzuek euren kabuz egiten zituzten, eta, besteek, aldiz, erosi.

Teorian bikoteak erabiltzeko ziren, baina belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren, beste erabilera bat emanez batzuetan. San Telmo Museoak dituenak XVI. mendekoak dira. Ohearen alde batean bakarrik agertzen ziren ohazalak, hormaren kontra jartzen baitziren ohantzeak. Lihozko maindireak apurtu edo zahartzen zirenean, bordatua moztu eta tximiniaren gainean jartzen zuten, edo mantel bezala… Gaur egun horrekin identifikatzen du jendeak.

«Proiektua lantzen ari nintzenean, beste herrialdeetako jendearekin hizketan, esan zidaten Finlandian eta Palestinan antzeko bordatuak daudela. Bordatu motibo ezberdin asko dago. Adibidez, San Telmo Museoaren bilduman 80 baino gehiago daude. Horiek dira gaur egunera iritsi direnak, baina segur aski familia bakoitzak bere bertsioa izango zuen. Elorzak uste du txantiloiren bat egongo zela, etxez etxe pasatzen zutena. Horregatik aurki ditzakegu agian Finlandian eta Palestinan antzeko bordatuak».

Artisaua eta digitala nahasiz

Bordatuak ez ezik, beren historia ere oso polita iruditu zitzaion diseinatzaile donostiarrari eta zerbait egitea erabaki zuen, Amarenak markaren funtzioa hori baita: euskal tradizioko istorioak hartu, diseinuaren bidez berritu eta erabilgarriak diren jantzi berriak ateratzea. «Gehien interesatzen zitzaidan pausoa zen nola egin bordatu horiek era industrialago edo modernoago batean erreproduzitzeko, eskuz egiten baitziren, eta, jakina, lan izugarria zuten. Hori izan da galtzea ekarri duen arrazoietako bat. Interesgarria izan da ikertzaileekin mintzatzea ere. Esan didate bordatu horiek garrantzitsuak zirela emakumeek elkarrekin egiten zituztelako. Elkartzeko espazio bat sortzen zen. Arratsalde eta gauak batera pasatzen zituzten, josten eta konpartitzen».

Errepikapen prozesu hori eta artisau aire hori mantentzeko, teknika ezberdinak nahasi zituen, artisau eta analogikoagoak eta digitalak. «Pauso asko izan ditu diseinu prozesuak. Bordatuak digitalizatu ditut, baina hasieran oso teknika artisaua izan zenez oreka hori mantentzea lortu dut». Behin hori lortuta, horrekin zer egin galdetu zion bere buruari. «Amarenaken barruan moda egiten dut. Ez nituen berriro maindireak egin nahi. Kalera atera nahi nuen lana eta horretarako moda zen bidea».

Beti saiatzen da moda iraunkorra egiten. «Asko inspiratzen naiz orain dela mendeak gauzak egiteko zuten moduan. Orain joera da, baina hala egiten genuen ia-ia Erdi Aroan ere. ‘Zero Waste’ diseinatzeko era da, non oihal guztia erabiltzen den».

Kimonoa, galtzak, soineko luzea eta soineko laburragoa egin ditu. Ezberdin erabil daitezkeen jantziak dira (sokarekin lotzen direnak, neurri bakarrekoak), udakoak, erosoak. Liho eta kotoiarekin eginak. «Estatu espainiarreko enpresekin lan egin dut eta ekoizpena Gipuzkoan egin da».

Bilduma mugatua da, bakoitzeko 25 ale. Tailerrean eta Amarenak.com atarian eros daitezke, baita Donostiako Noventa Grados eta Bilboko Galeria 8360 dendetan ere.