Xabier Izaga Gonzalez
IKUSMIRA

EGURALDIA HIZPIDE

Jagoba Manterola | FOKU
Jagoba Manterola | FOKU

Beroa, edo hotza, euria eta eguzkia egunero-eguneroko hizpide dira. Eguraldia. Kalean, lanean, tabernan eta –batez ere– igogailuan. Ia agur moduan, gehienbat zer esan ez dakigunean. Ez dakigunean baina, isiltasunaren beldur, zerbait esan beharra dagoela uste dugunean. Gehienen gustuko eguraldia egiten duenean, «ederra, bai, ea eusten dion....», edo «bai, baina euria omen dakar», edo hotza, edo haizea, eta horiek beren alerta eta guzti iritsi ohi dira. Eguraldi ezatsegina egiten duenean, antzera, baina beste norabidean, beti ere isilunerik ziztrinenaren beldur: «kaxkarra, bai, ea epeltzen duen...». Eta asteon epeldu du, ia gorputza urtzeraino epeldu ere. Egunotako ezohiko berotzarrak –baldin benetan horren ezohikoa bada– justifikatzen bide du ohiko hizpide hori, eta solas guztietako gai nagusia da, goizean behinik behin, arratsalderako hitz egiteko gogoa ere joaten baita. Ez da erremedio txarra irudiko lagunek, isiltasunari muzin eginda baina hitzetan urri, Argako uretan topatu dutena.