Amagoia Mujika Telleria
infraganti

IRATI ALCANTARILLA

Euskal Herriko Eskolarteko txapela etxeratu berri du urruñar gazteak. Oraindik 18 urteak bete gabe, bertsolaritzan eta futbolean polito egiten ari da bidea. Aurten Oiartzunen jokatuko du. Borrokalaria da, «bizitzak horrela egina», eta garbi dauka zer esan nahi duen eta nola. Bertsolaria eta futbolaria eta, oraingoz, bietan segitzeko asmoz.

U rruñarra da eta datorren abenduan beteko ditu 18 urte. Ekainaren 8an Saran jokatu zen Eskolarteko Bertsolari Txapelketan txapela etxeratu zuen. Hilabete inguru lehenago, Plazatik Gaztetxera sariketan ere irabazle izan zen. Aurten plaza dezente egiten ari da, Euskal Herri osoan barna, eta inoiz baino bertsolariago sentitzen omen da. «Ez dut sentitzen ondo egin beharra eta agian horregatik, ondo egiten dut». Une gozoa bizi du, bere bi pasioekin gozatzen ari baita; bertsolaritza eta futbola. Oraintxe fitxatu du Oiartzungo Kirol Elkarteak.

«Urruñan bizi naiz, baina futbolean Oiartzunen jokatzen dut orain eta bertso eskolan Irunen ibiltzen naiz. Irun inguruan asko mugitzen naiz. Baina eskolan Seaskan aritu izan naiz beti». Orain Irakasle Ikasketetako gradu bat egingo du.

Eskolartekoa urruñar batek irabazi duela nabarmentzen dugun unetik, bistan uzten ditugu hainbat estereotipo. Eta horrekin konturatuta dago Alcantarilla. «Konturatzen naiz Hego Euskal Herrikoentzat Ipar Euskal Herria oso aparte dagoela. Niri, adibidez, harrigarria egiten zait irundar batentzat Urruña Tolosa baino urrunago egotea. Hementxe dago, bost minutura. Egia da beste mundu bat balitz bezala ikusten dutela, eta mundu beraren parte garela. Baina Iparraldekoentzat ere Hegoaldea oso urruti dago. Bi estaturen arteko marran bizitzearen ondorioa izango da».

Urruñako ikastolan hasi zen bertsora gerturatzen, baina etxean ere jaso du bertsozaletasuna. «Hasieran idatziz bakarrik egiten genuen. Bat-batean 12-13 urterekin hasi nintzen, eta gero eta gusturago sentitzen naiz bertsotan. Bertsolari sentitzen naiz».

Jendaurrean lasai samar

Plazak, jendaurrekoak, bertigorik ematen ote dion galdetuta, lasai erantzuten du. «Hasieran banuen beldur hori. Baina jendaurrean bertsotan hasi nintzenean, konturatu nintzen publikoa ez dudala ikusten, nire buruarekin konektatzen dut erabat eta barrura begira egoten naiz. Publikoak baino gehiago kezkatzen nau bertsokideak askotan. Egokitu izan zait puntako bertsolariekin aritzea, Unai Iturriagarekin adibidez, eta orduan bai sentitu dut maila eman beharraren presioa. Baina publikoaren presioak ez nau estutzen. Nabaritu izan dut, eta zorte handia dela uste dut, publikoak oso ondo erantzuten diola nire bertsokerari, gustatu egiten zaiela nire esateko modua. Gaztea eta hasiberria naizelako izango da agian».

Bertsokideek, baina, eman diote abisua: berriaren etiketa ez da betirako, iraungi egiten da. «Bai, esan didate eta ni ere konturatu naiz. Publikoak gero eta gehiago espero du nigandik. Ea asmatzen dudan hori kudeatzen».

Bertsolariak zer esango eta nola esango, horri begira egoten da entzulea. Eta bertsolari gazteari gerta dakioke artean bizitu gabekoari kantatu beharra. «Saiatzen naiz ondo informatua egoten, albisteak jarraitzen. Komeni da, gainera, kantatu behar duzun herriari buruz ere informazio eguneratua izatea. Ariketa hori egiten dut. Baina uste dut bertsolari ez banintz ere, egingo nukeela. Gustatzen zait gure munduan zer gertatzen den jakitea». Oraingoz ez omen zaio gertatu zer esan ez dakiela geratzea gai baten aurrean. «Normalean, beti izan dut zer esan eman dizkidaten gaien inguruan. Behin gertatu zitzaidan ez nekiela zer esan, eta horixe esan nuen bertsotan; ez dakit zer esan. Oso ondo funtzionatu zuen gainera».

Goi mailako futbolaria ere bada Irati Alcantarilla. Orain arte Irungo Mariño taldean aritu da, Euskal Ligan, eta aurten Oiartzun Kirol Elkarteak fitxatu du. «Borrokalaria naiz, horrela definituko nuke nire burua. Hori etxetik jaso dut, gurasoen eskutik. Horrela izatea egokitu zait».

Borrokalaria

Gurasoak donostiarrak ditu, baina Urruñan bizi dira aspalditik. Irati Alcantarilla motxiladun umea izan da, aita eta ama kartzelan izan baititu. «Dagoeneko kendu dut motxila, baina egia da pisu handia zuela. Pozten naiz orain horri buruz gehiago hitz egiten delako, lehen ekidin egiten zen motxiladun haurren gaia. Hiru urte nituela atxilotu zituzten gurasoak. Ama bi urte eta erdi egon zen espetxean eta aita zortzi-bederatzi urte. Baina ama kalera atera zenean, bost urtez lehengusuekin bizitzera behartu gintuzten. Hori pasata, ama eta biok bakarrik bizi izan gara, aita askatu zuten arte. Uste dut borrokalaria izatea beste erremediorik ez dudala izan», kontatu du irriño batekin. Futbola, bertsolaritza eta ikasketak direla medio, joan-etorrian ibiltzen da Urruñatik eta oraingoz aita da bere txoferra.

«Orain arte astean hirutan entrenatzen ginen eta gero nire kasa ere aritzen nintzen. Pentsatzen dut Oiartzunen antzeko arituko garela. Iaz lesio bat izan nuen bizkarrean eta hilabete batzuetan entrenatu gabe aritu naiz. Ea nola hasten dudan denboraldia».

Emakumeen futbola azkenaldian lortzen ari den ikusgarritasunarekin pozik dagoen arren, begiratu kritikoaz hausnartzen du. «Pentsatzen dut futbola dirua dela eta emakumeak akaso orain hasi garela dirua ematen edo dirua emateko aukerak erakusten. Baina kluben artean lehia handi bat ikusten dut, nor baino nor feministago agertzeko, etiketa hori nahi dute, baina gero sakonean ez dakit benetako lana egiteko prest ote dauden. Alde batetik futbolaren alde nago, baina, bestetik, futbolaren oso kontra. Taldeko lana gustatzen zait, baina futbolak dakartzan interesak eta dirua ez zaizkit batere gustatzen».

Eta, bertsolaritzaz, zer gustatzen zaio eta zer ez? «Gustatzen zaizkit gai bat entzuten dudanean nire barruan sortzen diren istorioak eta gustatzen zait jendeak nik esaten dudana entzuteko interesa izatea. Eta ez zait gustatzen poto egitea. Nire ustez, ez luke horrela izan behar, baina potoa da bertsolari batek egin dezakeen hanka-sartze larrienetakoa. Euskara akats larriak berdin epaitu beharko lirateke nire ustez, baina ez da horrela gertatzen».

Kantaera ederra eta indartsua dauka Alcantarillak. «Asko gustatzen zait abestea, beti ibiltzen naiz kantuan. Tira, beti ibiltzen naiz bertsotan, dutxan, etxean, bidean... ez naiz abeslaria, bertsolaria naiz».

Futbola eta bertsoa, biak

Bertsolaria eta futbolaria. Buruak eta gorputzak elkar osatu egiten ote dute? «Normalean, bertso saio bat baino lehen, hiru egun gaizki pasatzen ditut; jan gabe eta lo egin gabe. Horrek kalte egiten dit futbolean jokatzeko. Bertsoak eragin dit futbolean, baina aldrebes ez, futbolak ez dit eragin bertsotan. Aukeratu beharraren presioa ere sentitu dut; futbola edo bertsoa, bietako bat. Baina, oraingoz, biak egiten segitu nahi dut».

Tira, futbola eta bertsoa, gorputza eta burua esan dugu, baina ez da erabat zuzena, gorputzak ere presentzia baitauka bertsolaritzan. Eta emakumeen gorputzak, gainera, presentzia berezia, lupa zorrotzek estutua. «Saio batera joatean, ez dit buruhauste handirik sortzen itxurak; nola joan, zer jantzi... ni ni naiz eta ez dit batere eragiten jendeak nitaz pentsatzen duenak. Egunaren arabera bakeroekin edo txandalarekin joan naiteke. Saiatzen naiz gauza horiei garrantzi handirik ez ematen».

Hala ere, emakume izateagatik sentitu izan du pisurik. «Bertso-eskolan gizonezkoekin aritzea egokitu zait. Bi emakume gaude, baina besteak ez du bat-batean egiten, idatziz bakarrik. Nabaritu dut gaiak emateko orduan, beti egokitzen zaidala amaren, alabaren... papera. Bolada batean erreta sentitu nintzen beti paper beretik aritu beharragatik. Baina bertso-eskolan adierazi nuen eta aldaketa gertatu da. Guztiz ulertua izan nintzen eta agian horregatik kontatu nuen, banekielako guztiz ulertua izango nintzela».

Baina, orokorrean, pentsatzen duena eta sentitzen duena kanporatzearen zale da. «Barruan kalte egingo didaten gauzak barruan gordetzea ez zait gustatzen». Horrelakoxea da aurtengo Eskolarteko txapelduna. «Gauza handia lortu dut, baina handiagoak ere lor daitezke. Eta bidean jarraituko dut». •