Juantxo EGAÑA

Murchanten, pilotan, 1905. urtean

Nicolas Salinas| Tuterako udal artxiboa
Nicolas Salinas| Tuterako udal artxiboa

Tuteratik Tarazonara zihoan trenbideko linea 1895. urtean inauguratu zen. Bide hori Murchantetik pasatzen zen eta geltokia Nafarroako Erriberako herri horretatik bi kilometrora zegoen. XIX. mendearen amaieran Murchantek 1.800 biztanle zituen eta ekonomia-jarduera nagusia mahastien laborantza zen, ardoa ekoizteko. 1897. urtean filoxera izurrite garrantzitsu bat gertatu zen eta mahastien jarduera ia erabat galdu zen. Ondorioz, XX. mende hasieran zerealen eta erremolatxaren ekoizpenak indarra hartu zuen. Goiko partean ageri den irudia Murchanten jasoa da, 1905. urtean, pilota partida batean. Egilea Tuteran bizi zen Nicolas Salinas (1872-1955) argazkilari afizionatua izan zen. Salinasek garaiko Tuterako gizartearen testigantza jaso zuen argazkietan eta Nafarroako Erriberako inguru horrek hogeita hamar urte luzetan izandako aldaketa urbanistikoak ere jaso zituen.