Miren Azkarate Badiola

Igerilekuko txanoa gaizki geratzen zaizu zuri ere

Uda iritsi da eta beste hamaika planen artean aurten ere herriko igerileku irekietara joan naiz. Eta urtero bezala galdera berdina etorri zait burura: zergatik da derrigorrezkoa bainatzeko igerilekuko txanoa?

Ez da soilik estetikoki denoi, bai bai denoi, gaizki gelditzen zaigula, oso deserosoa da lagunartean edo umeekin egon eta ditxosozko txanoa hortxe edukitzea, buru gainean.

Kasu hauetan egiten dudan legez, Internetera jo dut eta ondorengoa galdetu diot dena dakien Google andereari: zergatik da derrigorrezkoa igerileku irekietan txanoa erabiltzea?

Erantzuna, higienea. Ados. Bai norberaren burua eta baita igerilekuak ere garbi mantentzea da arrazoi nagusia. Kloroarengandik eta urak dituen beste produktu kimikoengandik babesteko balio du txanoak. Ados, baina beste gorputz atal eta ile guztiak zer dira ba, bigarren mailakoak? Horiek ez dira babestu eta garbi mantendu behar?

Buruko ileek igerilekuko hodiak eta zirrikituak tapatu eta zikintzen dituztela da beste arrazoia. Ados. Ba nik nire buruko ileak baino ile luzeagoak dituzten gizonen bularraldeak ikusi ditut ba! Horiek ez al dute ba tapoirik egiten eta garbitasuna arriskuan jartzen?! Mesedez!

Hauek arrazoi nagusiak. Ez dut zerrendan jarraituko, nagusiak zeintzuk diren ikusita… Arren, otoi, mesedez eta faborez, ez dakit nor den horren arduraduna, baina ziur nago zuri ere deserosoa zaizula eta batez ere gaizki geratzen zaizula, erridikulua egiten dugu! Eta txanoarekin edo gabe berdina zikintzen gara eta dugu! Zikina dena zikina da txanoarekin eta gabe! •