Antton Izagirre

Politikaren ajeak eta loriak

Herritarron egunerokotasunean politikari eskaintzen diogun arreta eskasa dela esango nuke. Mediatikoki deigarriak edo ikusgarriak egiten diren albisteetatik harago zail gertatzen zaigu herritar modura politikagintzan interesa jartzea; are gehiago, maiz, politikariek eskaintzen diguten irudi eta maila kaskarra aintzat hartuz gero.

Politikariek politikagintzak beharko lukeen ospea eta eskatzen dituen praktika onak zapuzten dituzten neurrian, politikariengandik aldentzeko joera indartu egiten da. Egun hauetan bertan, Estatu espainoleko edo lurraldeetako –Nafarroakoa barne– aginte gobernuak osatzeko orduan talde eta interes pertsonalak lehenesteko ematen ari diren aulki jokoak ikusita, lilura gutxi sortzen dute politikariek bazterretan. Ondorioa ezin bestelakoa izan.

Edonongo etxe, lagunarte, lantoki, elkarte edo taberna giroko tertulia eta kontuen artean suma daitekeen mespretxua, atxikipen falta edo urrutiratzea nabarmenegia da. «Nik politikatik paso», «ni ez naiz politikoa», «denak berdinak dira», «politikak du errua»... eta molde bereko esaldiak bolo-bolo dabiltza gure artean.

Egungo gizarte ereduan, batzuek interes handia dute “politika” kontzeptua profesionalen jardun modura ikustarazteko eta herritarrok ikusle anonimo izatera muga gaitezen. Eta hori, inongo zalantzarik gabe, gizakiaren berezko izaeraren aurka ezarritako moldea da.

Politika, zentzu etikoan, gizartearentzat helburu baliotsuak lortzera zuzenduriko jardun modura hartuko balitz, oso bestelakoa litzateke gehienon aurreiritzia.

Gizakiok talde modura edo bakarka hartzen ditugu erabakiak: zer jan, nola jantzi, nola hitz egin, nola antolatu, elkar nola zaindu, nola maitatu, nola bizi, nola hil... Eta hautatzen dugun neurrian, hautu politikoak dira.

Zorionez, berriki egin diren udal hauteskundeetako herrietako zerrendak osatu direnean, aurrez politikari izateari uko egin dion ehunka lagun, politikari bilakatu dira ia nahi gabe. Gutxien espero zuenak, aurretik esperientzia handirik izan gabe ere, egun batetik bestera urrats bat aurrera emateko deia jaso du eta gauetik egunera politikari bilakatu da. Herritar modura, politikariak zentzu zabalean. Mirestekoa! •