INGELESEZ IKASI ETA AEB-ETARA IHES EGIN
Evelyn Hernandez El Salvadorretik nekez iristen diren berri on arraro horietako baten protagonista izan da aste honetan. 17 urte zituela bortxatu egin zuten eta gero umea hilda jaio zitzaion. Jainkoaren erreferentziaz beteta dagoen herrialdean, bekatu larrienetako bat da haurdunaldia etetea, bortxaketa bera baino askoz ere larriagoa, agintarien jarrera ikusita. Berak haurdun zegoenik ere ez zekiela esan zuen arren, 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Hiru urte giltzapean egin ondoren, aste honetan kendu diote zigorra, eta berak barruan geratu direnak gogorarazi ditu: abortua legeztatzearen aldeko erakundeek diote 147 emakume zigortu dituztela herrialdean 2000tik 2014ra bitartean, eta horietako hamasei une honetan kartzelan daudela. Aske geratu den gazteak hemendik aurrera dituen planen berri ere eman du: informatika eta ingelesa ikasi. El Salvadorreko herritar askok AEBetara ihes egitea beste erremediorik ez dute ikusten aurrera ateratzeko, han Trump eroaren kapritxoen mende egongo badira ere. joseangel.oria@gaur8.info