Maite Ubiria Beaumont

Ortzadar bandera eta ikur berdea udazken politikoan

Frantses Legebiltzarrak abiatu berri duen eztabaida egutegiak garrantzi handia izan dezake Emmanuel Macronen presidentetzari buruzko kontakizuna idazteari begira. Bederatzi hilabete luzez gobernu jarduna eta hedabide nagusien agenda guztiz eraldatu zituen Txaleko Horien mugimendua sortu zenetik lehen urtemuga beteko da heldu den azaroaren 17an. Data horri zeharka begiratuz, krisia gainditutzat eman eta norabide aldaketaren emaitzak behar ditu mahai gainean jarri azken garaian gehienbat nazioarteko profila berreraikitzeko ahaleginak egin dituen Macronek.

Pentsio sistemaren erreforma izanen da, zalantzarik gabe, urte politiko berrian tenperatura gora eraman dezakeen egitasmoa. Ohikoa zen “urte hasiera beroaren” eskema gaindituz, borroka ezberdinen arteko uztarketa izan daiteke udazkenak ekar dezakeen aldaketarik esanguratsuenetarikoa. Justizia soziala eta justizia klimatikoa txanpon beraren bi alde gisa hartuz borroken konbergentzia alternatiba bakarra zela ondorioztatu zuen, dagoeneko, Irun-Hendaian egin zen G7aren aurkako kontragailurrean parte hartu zuen CGT sindikatuko buru Philippe Martinezek.

Klimaren Aldeko Asteak eremu ezberdinetan jarduten duten herritar dinamikak harilkatzeko asmo horiek baieztatu ditu. Hartara, oso bestelako borroken gaineko erreferentziek diskurtsoak hornitu dituzte, oraindik ere guztiz margotu gabe dagoen alternatiba irudikatuz.

Komunikazioaren kolpe efektuek ez diote babes aski eskaini Macroni, bere gobernuak ez baitu benetako engaiamendurik azaldu trantsizio ekologikoari begira. Hori dela eta, ikur berdea fite herdoildu ahal zaiola jakitun, bere agintaldiak eskas duen sendotasun bila, unibertso sozial-sinbolikoaren katalogoa arakatzeari ekin dio, bandera aproposago baten bila. Kasurik txarrenean bere presidentetzari dirdira labur bat emanen dion garaipen bat, eta, onenean, askoz preziatuagoa den saria, transzendentziaren ospea, ekar diezaiokeen egitasmo izar bat behar du Eliseoko apopiloak.

Kartak mahai gainean jarri eta aldez aurretik irabazita ez dagoen partidari hasiera eman zaio, hortaz, Asanblea Nazionalean. Batzuetan ohituren bilakaera osasuntsu baten ondorioz, beste batzuetan gogo eta eskubideen artean nahasmen handia sortu ostean lehenak piztera eta bigarrenak itzaltzera jokatzen duten merkantilizazio joerek lagundurik, gizartean txertatu diren jokabide berriei isla juridikoa eman nahi dion Bioetikaren Legeak hartuko du arreta. Egitasmo zabala, sakona, poliedrikoa izanki ere, txinparta gehien sortuko duen mamia PMA medikuntzaz lagundutako ernalketa sistema emazte guztiei –beste emazte bat maitatu edo bakarrik bizi direnei barne– zabaltzeko egitasmoa izanen da. Badira hogei urte, udazken batean ere, izatezko bikoteak arautu zituen PACs legea onartu zuela Frantziak. 2013ra arte ez zuen, ordea, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza arautzeko legea onartu. Berdin, PMA delakoa 2004an onartu bazen ere, lege berria behar luke aldarrikatu ondoko hilabeteotan emazte guztiei aukera hori zabaltzeko. Lege horri esker bere agintaldirako finkatu zuen gizon eta emazteen arteko berdintasunaren helburuari ekingo lioke Macronek, ortzadar koloreko adaxka helduta. Eskubideen desarautze eta egiturazko injustiziaren enborra ukitu gabe ere, garaipen sinboliko bat lortuz. •