Dabid Lazkanoiturburu
analisia

Erreinu jihadista Sahelen

Jihadistak nagusi dira Saharako basamortuaren ataurrean, Sahelen. Malik eta Burkina Fasok ia lurralde osoaren kontrola galdu dute eta Frantziako soldaduak eta bere aliatuak ez dira erasoaldiari aurre egiteko gai.

Azaroak 7, Burkina Fasoko ekialdea. Boungouko urre meategia ustiatzen duen Kanadako Semafo multinazionalaren konboi bat segada batean erori da. Bost autobusetan zihoazen bertako langileak eta militarrak. Azken bost urteotako erasorik odoltsuena da eta 37 hildako eta 60 bat zauritu eragin ditu. Bizirik atera diren lekukoen esanetan, erasotzaileak asko ziren eta militar jantziak eta kalatx-ak (kalaxnikov fusilak) zeramatzaten.

Azaroak 2, Mali. Gutxienez 53 soldadu hil dira Indelimaneko hiriko kuartelaren aurkako erasoaldian, Nigerreko mugatik gertu dagoen Menaka-ko eskualdean. Erasoa pick-up eta motorretan iritsi ziren 100 bat jihadistak egin zuten. Kuartela kontrolpean hartu ondoren, armategiak ebatsi, muga zeharkatu eta Nigerrera ihes egin zuten. Azken urteotako erasorik bortitzena da hau ere.

Baina ez bakarra. Aurreko hilabetean, Malik Burkina Fasorekin duen mugatik gertu, Boulikessy-ko herrian, bi kuartelen aurka eraso egin zuten jihadistek eta 40 soldadu hil zituzten.

Abuztuan Armada burkinafasoarrak inoiz jasan duen erasorik gogorrena jasan zuen Koutougou izeneko iparraldeko herrian. 24 hildako izan ziren.

Eguneroko kontua

Jihadisten mehatxua eguneroko kontua da Sahelen, eta batez ere aipatu ditugun bi “estatuetan” (komatxo artean, bertako gobernuek ez baitute inondik inora kontrolpean lurraldearen gehiengoa). 2015etik hona izugarrizko indarra hartu dute jihadistek Burkinan. Iparraldean jo zuten aurrena, gero ekialdean. Egun, hegoaldean eta mendebaldean egoera gero eta arriskutsuagoa da.

Iturri ofizialen arabera, erasoaldiaren ondorioz hildakoak 600 dira, baina giza erakundeek dagoeneko milatik gora direla salatu dute.

Burkina Fasoko «Estatua ia-ia Uagadugu hiriburura mugatzen da», dio behatzaile batek; herrialdearen erdia, ipar eta ekialdea, galdutzat jotzen dute eta errepideak eta pistak lehergailu-tranpaz josita daude. Talde jihadistak lasai daude bertan, herritar asko alde dituztelako eta horiek tropen mugimenduen berri garaiz ematen dietelako.

Ipar-ekialdean salbuespen-egoera ezarri du Gobernuak, baina Djibo eta Dori hirietan setiopean daudenak militarrak dira. «Eguerdiko ordu bietatik aurrera denak, poliziak, militarrak, jendarmeak, funtzionarioak… Armadaren kuartelean babesten dira», kontatu du izena eman nahi ez duen polizia batek.

300.000 herritarrek beren etxea utzi eta ihes egin behar izan dute, ez jihadisten erasoen ondorioz soilik, baita Armadaren errepresioak bultzatuta ere.

Burkina Fasoko hegoaldeko beste erdian (hiriburua barne) egoerak okerrera egin du. Bobo-tour operadoreek alde egin dute Dioulasso herri turistikotik eta ingurutik, jihadistek eraso egingo duten beldurrez.

«2005ean lapurrak aritzen ziren bidegurutzeetan. Egun desagertu egin dira, baina jihadistak daude. Jende bera da eta oihanean ezkutatzen dira», kexu da laguntza humanitarioko ekintzaile bat. Gobernuak salatu duenez, salafisten predikuak gero eta ozenago entzuten dira hegoaldean.

 

Malin Armadak atzera

Malin egoera ez da hobea. Egun hauetan Armadak atzera egin du eta sakabanatuen dituen posizioak utzi ditu, soldaduak «erresistentzia-guneetan» bilduz. Horrela, bada, jihadisten etengabeko erasoaldiei ezin aurre egin eta Burkina Fasorekin eta Nigerrekin duen mugatik alde egin du Maliko Gobernuak, Ibrahim Boubakar Keita presidenteak hori ukatu badu ere.

Nola iritsi dira egoera honetara Saheleko gobernuak? Dudarik gabe, geografiak badu bere pisua eta jihadistak herrialdeen arteko muga fisikorik gabeko basamortuan arraina uretan bezala mugitzen dira.

Hala ere, basamortua beti egon da hor. Beraz, jihadisten arrakasta ulertzeko talde desberdinen arteko koordinazio eta batasuna kontuan hartu behar da.

Indelimaneko erasoaldiaren inguruan, adituak bat datoz atzean JNIM erakundea omen dagoela; Islamaren eta Musulmanen Aldeko Fronteak atzean utzi zituen 2017an jihadisten arteko tirabirak eta liskarrak eta bere baitan bildu zituen Ansar Dine jatorriz mugimendu tuareg-a, Magreb Islamiarreko Al-Qaeda (AQMI) eta Macinako Katiba taldea.

Ansar Dineko Iyad Ag Ghaly da JNIM fronteko buruzagia. Agintari tuareg honek Maliko iparraldeko Azawad lurralde tuarega bereganatu zuen 2012an. Frantziako Armadak “Serval” izeneko operazioa jarri zuen martxan, Bamakoko gobernuak porrot egin ez zezan.

Koalizioan dago Mojtar Belmojtar aljeriarra ere, askotan hiltzat jo duten Mujao-ko agintaria (Mendebaldeko Afrikan Batasun eta Jihadaren aldeko Mugimendua). Belmojtar-ek hainbat talde bildu zituen 2015ean, Mujao eta Al-Mourabitun tartean, AQMIko ‘Saharako Emirerria’ sortzeko. Bere koalizioa JNIMen baitan dago.

Koalizio jihadista honek hartu ditu bere gain azkenaldian Sahelen gertatu diren eraso eta atentatu gehienak, baina gehiago ere badaude.

2015ean, Iraken eta Sirian indarrean zegoen ISISen kalifa-herriari atxiki zitzaion Sahara Handiko Estatu Islamikoa izeneko talde edo sukurtsala. Adnan Abu Walid Saharaui da buruzagia. Mendebaldeko Saharan jaio zen Abu Walid eta Mujao-ren baitan borroka egin zuen Azawadeko erasoaldian. Belmojtarrek Al-Qaedarekin zituen harremanak ez ziren haren gustukoak eta talde propioa eratu zuen, berriki zendu den Abu Bakr al-Bagdadi ISISen kalifari men eginez.

Sahara Handiko Estatu Islamikoak (EIGS) Maliko ipar- ekialdean dagoen Menakako eskualdean du gotorlekua eta mugaz bestaldera, Niger aldera, ere badu indarra.

Orain arte bere gain hartu duen eta oihartzun handiena izan duen ekintza 2017ko urrian Tongo Tongon, Nigerreko mugan, lau soldadu estatubatuarren eta beste lau maliarren heriotza eragin zuen atentatua izan da.

ISISi Nigeriako Boko Haram, «Afrikako talibanak», gehitu zitzaizkion. Den den, eta azken hilabeteetan, ISISen kalifa-herriaren porrotaren ostean Siriatik eta Iraketik hainbat jihadista Saharako frontea indartzera iritsi badira ere, Al-Qaedaren inguruan dagoen JNIM da indartsuena eta koalizio honek egin ditu herrialdeko hiriburuetan hotel eta jatetxeen aurkako atentatuak eta NBEaren eta mendebaldeko militarren aurkako segadak. Bere eragina Sahel osora hedatu da eta koalizioa osatzen duten taldeek ‘inteligentzia’, teknologia eta armategiak partekatzen dituzte.

Hori dela eta, ISIS atzean utzi eta garaile ateratzen ari da Al Qaeda Sahelen, jihadisten barne liskarrean.

Jihadismoak Sahara Handian duen indarra ez da berez etorri eta baditu aurrekari historikoak eta, nola ez, erantzukizun politikoak.

Horretarako, Aljeriako «hamarkada odoltsua» (1991-2001) gogora ekarri behar da, hauteskundeak irabaziko zituela-eta FIS alderdi islamista legez kanpo utzi zutenean. Ondorengo gerra zibilak 200.000 hildako eta bake akordioa sinatu ez zuten hainbat talde utzi zituen.

Libiako matxinadak eta ondorengo krisiak kaosa zabaldu zuen herrialde osoan.

2012-13an Armada frantsesak Azawad Maliko iparralde tuarega kontrolpean zuten jihadistei aurre egiten ari zen une berean, Burkina Faso horien gotorleku bilakatu zen eta orduko presidente Blaise Compaore-k bere burua bitartekari gisa aurkeztu zuen.

Hori gutxi balitz, eta estatu-kolpe baten beldurrez –azkenean herri matxinada batek bota zuen boteretik 2014an–, Compaorek armak kendu zizkion Armadari, bere guardia presidentziala indartuz.

Estatu ahulak

Egungo presidenteak, Marc Roch Christian Kaborek, ez dio arazoari aurre egin eta soldaduek ez dute ez armarik ez soldatarik jasotzen. Gainera, Armadako goi kargudunak hiriburuan geratzen dira eta soldaduek aginterik gabe egin behar diete aurre armaz ondo hornituta eta motibatuago dauden jihadistei.

Frantziako eta Mendebaldeko armadak ez dira gai izan orain arte mehatxua uxatzeko. Aitzitik, arrotzen presentziak askorengan haserrea eragin eta auzia are gehiago korapilatzen du.

Azkenik, Afrikako kolonizazioak utzi zituen zauriek Sahel-eko estatuak ahulduta mantentzen dituzte.

Malin peuls eta dogon-banbara tribuak mokoka ari dira 2015etik. Lehenak artzain eta abeltzainak dira eta bigarrenak, nekazariak. Sarraskiak eta elkarren arteko pogromak ugaldu egin dira eta bi taldeek autodefentsarako miliziak eratu dituzte.

Burkina Fason ere jihadisten erasoaldiak komunitateen arteko tentsioak areagotu ditu, batez ere iparraldearen eta hegoaldearen artean. Burkinak Malirekin eta Nigerrekin dituen mugetan kokatzen den Liptako izeneko antzinako erreinuko emirrak, Osman Amoru Dickok, salatu duen bezala, «50 urtetako desoreka dago. Iparraldea ahaztua izan da eta gaztediari irtenbideak eskaini behar zaizkio».

Jihadisten besoetan eror ez daitezen.