Amagoia Mujika Telleria

«BASOKO BEGIAK» IREKI, NATURA ETA TRANSMISIOA IKUSTEKO

Iñaki Sanz-Azkuek testuz eta Ainara Azpiazuk ilustrazioz kontatu dute Mieltxoren eta bere aitonaren berri «Basoko begiak» izeneko album ilustratuan. Belar-metaz inguratuta eta basoari begira bizi den mutikoaren jakin-minak irakurlearena kutsatzea da erronka. Aitonarekin ikasitakoak eta naturari begira jasotakoak nabarmentzea ere bada helburua.

Basoko begiak”. Basoak ikusten duena ez ezik, basoan ikusten dena ere jasotzen duen album ilustratua dela esan daiteke. Basoan ikusten dena ikusteko, baina, baldintza ezinbestekoa da hari begiratzea. Eta hiritik gero eta gertuago bizi, basotik gero eta urrunago begiak.

“Basoko begiak” album ilustratua bi hernaniarren elkarlanaren fruitua da. Testuak Iñaki Sanz-Azkuek egin ditu, eta, ilustrazioak, Ainara Azpiazuk. Sanz-Azkue biologoa da ikasketaz eta irakasle eta ingurumen aholkulari modura ari da lanean. Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea da eta azken urteotan gero eta toki gehiagotan ikusten dira bere lanak. Oraintxe argitara eman duten lana, «karanbola baten ondorioa» da, egileek esan dutenez.

Iñaki Sanz-Azkuek lotura estua dauka naturarekin. Ez bakarrik ikasketaz biologoa delako, aspalditik naturan eta naturari begira bizi direnekin hizketaldi luzeak izaten dituelako baizik. Bere inguruan jasotako istorioak eta sinismenak igartzen dira album ilustratu horretan. Helduentzako literatur lehiaketa pare batean saria jaso zuela-eta, haurrentzako ipuin txiki bat sortzeko grina piztu zitzaion. Mitologiari eta naturari estu lotutako istorioa sortu zitzaion orduan. Etxeko txikiekin probak egin eta erantzuna ona zela ikusi zuen. «Honek ordenagailuko karpeta batean gelditu behar al du?», sortu zitzaion zalantza.

Eta pauso bat aurrera ematekotan, testua ilustrazioz jantzi behar zen. «Egia da idatzi nuen momentuan oso garbi ikusi nuela norbaitek ilustrazioak egitekotan, Ainara zela egokiena. Testuak zeukan testuinguruak eta koloreak Ainararen sinadura behar zutela ikusi nuen».

Eta horrela bota zion proposamena Axpiri. «Ni justu Zugarramurdiko Sorginen Museorako lan bat entregatu berri nintzen. Museoak hamar urte bete zituela-eta, mitologiarekin lotutako pertsonaiak sortu berri nituen; Basajaun, Mari, lamiak... eta hara non bidaltzen didan Iñakik Basajauni buruzko testua!», kontatu zuen Azpiazuk. Hortxe karanbola. Horregatik proposatu zioten proiektua Zugarramurdiko Sorginen Museoari. Horren bultzadaz argitaratu da “Basoko begiak”, Lamiñarra argitaletxearen eskutik.

Jakin-mina, sormena, transmisioa, natura

Mieltxo, ipuineko protagonista, baserri batean bizi da, basotik gertu. Naturan bizi da eta natura bizi du, bere aitonarekin lotura estua duelako eta aitonak horixe erakutsi diolako. Aitonaren eskutik inguratzen duen mundua deskubritzen du Mieltxok, baina baita beste gauza asko ere. Hizkuntzak ere badu garrantzia. Aitonak hitanoz hitz egiten dio. Naturaltasunez, horrelaxe atera zaiolako egin du Sanz-Azkuek hautu hori, baina bide batez «hitanoa ezagutzera emateko modua ere bada, umeen belarriak horretara egiteko modua».

Ipuinaren protagonistetako bat belar-meta handi bat da, egunotan hain erraz topatzen ez den paisaia bat. Azpiazuren hitzetan, «jende askok nostalgia handia dauka metekin. Nire ume garaian asko ikusten zen gauza bat zen, baina gaur egun gero eta gutxiago ikusten da, arraroa da egun meta bat ikustea. Estetikoki nekazari mundu horrekiko nostalgia handi bat sumatu dut. Ipuina ikusita, jende askok aipatu didan gauza bat izan da».

Horrez gain, naturaren presentzia, koloreak, formak mimoz zainduta daude. «Udazkeneko testuinguruan kokatua dago eta koloreak oso gorriak dira. Metaren koloreak, nola mozten zen, paisaia bera... gauza asko oso zainduak daude», gaineratu du Sanz-Azkuek.

Iñaki Sanz-Azkuek ondo ezagutzen ditu Hernani eta inguruko baserritarren kontuak eta, hain justu, ipuin ilustratuko protagonista den meta handiak badu lotura baserritarrei jasotako istorio batekin. «Hernaniko baserri batean kontatu zidatenez, urtero inguruko metarik handiena egiten saiatzen ziren, inguruko baserritarrek ere ikus zezaten. Bazegoen horrelako harrotasun moduko bat eta meta handi hari ‘Sanson’ deitzen zioten».

Ilustratzaileari ere metak eman dio buruko min gehien. «Niretzako erronka nagusiena hori izan da, pertsonaia bat hiru pertsonaia zirela aldi berean. Dena ezin da egina eman, tartea eman behar zaio irakurtzen duenari bere baitan irudika dezan. Dena bisualegia bada magia kentzen diozu ipuinari. Horri neurria hartzen joan zait denbora dezente», azaldu du Azpiazuk.

“Basoko begiak” album ilustratuan perla ederrak daude. «Mundu naturalari egiten dizkion erreferentzia guztiak zoragarriak dira. Sormena behar dugu eta natura ere behar dugu. Natura hurbiltzeko oso pertsona aproposa da Iñaki. Testuinguru hori oso ondo sortu du eta erakargarria egin zait ipuina egiteko garaian», esan du Azpiazuk.

Ipuinak QR kode bat ere badauka eta audioak eskaintzen ditu, euskaraz eta gazteleraz.