Amagoia Mujika Telleria

Besteen beldurrak gure azalean

Katarro galanta harrapatu du, marranta eta eztula. Eztul oso itsusia dauka, betidanik. Artean ez ditu hamar urte eta eztul egiten duenean ehun urtetik gertukoa dirudi. Horrelakoa da bere eztula. Lotsatu egiten da bere eztulaz eta besoarekin tapatzen du ahoa eztul egitean, medikuak agindu bezala. Egun osoa etxean egon da eta erosketak egitera joan gara, pixka bat mugitzearren. Supermerkatu jendetsuan sartu orduko konturatu gara, bai ni eta bai bera, ez dela ideia ona izan.

Eztul egiten duen bakoitzean –nahiz eta oso ondo gordetzen duen– inguruan baten bat begira geratzen zaio eta pausoa aldatzen du, urruntzeko. Beste batzuek ahopeka aipatzen dute mutikoaren eztul itsusiarena. Eta hari eta niri begiratzen digute. «Nola ekarri duzu haurra supermerkatura eztul itsusi horrekin?», esanez bezala. Eta maskara gabe, gainera.

Bai, oso gaizki sentitu gara. Besteen beldur guztiak iltzatu zaizkigu azalean eta ez zaigu batere gustatu toki hori; «errudunarena», «seinalatuarena», «susmagarriarena», «arriskutsuarena». Ariketa gogorra izan da, baina baliagarria. Gure azalean probatu dugu jendarte honek hainbeste jenderentzat erabili ohi duen botika, mesfidantzaren pozoia.

Ez dugu koronabirusak gu erotzerik nahi. Tamaina hartu nahi diogu eta zentzuz jokatu, alarmismoan erori gabe. Baina ez da erraza. Auskalo egunean zenbatetan entzuten dugun hitz hori azkenaldian.

Etxera bueltatu gara, erosketak pulamenturik gabe eginda, eta bost urteko ilobak esan digu oso kezkatuta dagoela, bere lagun Oihaneren amona Donostian bizi delako. «Eta?», gure galdera harrituta. «Ba koronabirusa Donostiara iritsi da eta nire lagun Oihane oso kezkatuta dago». •