Idoia Eraso
Entrevue
Guillaume Irigoyen
kazetaria eta kulturgilea

«Kazetaritzan sartu banaiz izan da euskaraz lan egiteko, baita komunikabideak euskaraz sustatzeko»

Ipar Euskal Herriko lehen telebista kazetari euskaldunetako bat izan zen, eta gaztetatik euskarazko kultura sortzen eta sustatzen aritu da eremu ezberdinetan. Bere ibilbideari begira, egungo gizartea ulertzeko gakoak ematen ditu.

Ia hamazazpi urtez Ipar Euskal Herriko egunerokotasunaren leihoa izan den “Iparraldearen orena” telebista emankizuna aurkezten egon eta gero, agurtu du lanbidea, baina Baionako kulturazaleek oraindik gurutzatzen jarraituko dute, euskarazko kultura biziarazten duten ekimenetan parte hartzen jarraituko baitu.

Erretreta hartu berri duzun honetan, zeintzuk dira zure etorkizunerako proiektuak?

Atzeratutako lan asko badut, erretiratu behar nintzelako utzia, eta orain horiek egin behar. Nire helburua da etxeaz eta etxekoez okupatzea, beharbada orain arte egin dudana baino gehiago, haiek hor izanen dira eskatzeko. Baditut aktibitateak, Baionan Kantuz, Olentzero eta Karrikaldia, besteak beste, bada hogei urte baino gehiago horiekin nabilela, eta, noski, horiek ere jarraiki behar dira. Hor gauden gehienak hogei urte gehiago dauzkagu ere, beraz unea da erreleboa atzemateko.

Berez ez zenuen kazetaritza ikasketarik egin, baina komunikabideen arloan lanean aritu zara urte luzez. Nola abiatu zenuen ibilbide hori?

Ni naiz, Euskal Irratietako belaunaldi batzuk bezala, irrati libreen umea. Irrati libreen legea 1981ean izan zen, eta uda horretan sartu nintzen Radio Adour Navarre, Iparraldeko lehen irrati librean, orduan egiten baitzuen Loiola Irratiaren errepikagailuari esker oren erdi bat euskaraz eta frantsesez. Han aurkitu nuen Bernadette Argain, orain Irulegiko Irratian dena. Hartan eman nituen hiruzpalau urte, soldaduska aitzin. Han gurutzatu nituen Jojo Bidart, Pantzo Etxegarai eta Ttotte Darguy, besteak beste.

Saiatu nintzen informatikan lan egiten, baina badirudi informatikak ez ninduela nahi, eta, lanik gabe nintzelarik, Ttottek deitu ninduen orain France Bleu Pays Basque bezala ezagutzen den irrati publikotik, erranez Pupu Oyhanbururen ordezkoa bilatzen zutela, berak erretreta hartzen zuelako, eta hartan sartu nintzen. Horri esker, Allande Boutin ezagutu nuen; berak garaian ETBn lan egin zuen, lehen telebista esataria izan zen, eta hark utzi zuenez, nik segitu nuen, 1993ko urtarrilaren 3an. Hor aurkitu nuen Inma Alvarez, nire lankide gelditu dena, ia hamar urtez, eta geroztik Euskal Telebistan aritu naiz.

Eta 2019ko abendura arte «Iparraldearen orena» aurkezten aritu zinen urte luzez.

Bai, kazetaritzan sartu banaiz da, noski, euskaraz lan egiteko, eta euskaraz komunikabideak sustatzeko, baina baita Iparraldea ezagutzeko ere. Nire helburua ere bazen Iparraldea ‘iparraldetzen’ laguntzea komunikabideen bidez, nire harritxoa ekarriz. Eta uste dut horrek, baita beste hedabideetan euskarari buruz egin diren indar guztiek ere dutela Iparraldea lauzkatu, eta orain lehen instituzioa ikusteko plazera izan dugu, ez bainuen uste bizi nintzeno ikusiko nuenik.

Mugimendu bat izan da, eta ni oso kontent naiz mugimendu horretan parte izanaz telebistatik. 1993an telebista zen hedabiderik modernoena, orain gainditua da hori guztia. Uste dut “Iparraldearen orena” saiori esker jendeak bere burua ezagutu duela, eta Iparraldeari buruz euskaraz pentsatzen lagundu duela.

Euskarazko hedabideen bitartez euskal kontzientzia sortzen harritxoa jarri duzula erran duzu.

“Iparraldearen orena” izan da eta oraindik bada euskaraz osoki den telebista saio bakarra, egunero ematen dena. Seguruenik ere Euskal Telebistak gehiago egin dezake, eta egin izan du Iparraldean momentu batean, baina hori horrela da. Komunikabideen erabilpenari buruz egin den ikerketan, nabari da jendeak eskatzen duela euskarazko edukia, eta hori da hainbat urtetan egin den lanari esker, eta beharbada “Iparraldearen orena” saioak berak egin duen lanari esker.

Gogoratzen naiz 1993an Baiona, Angelu eta Biarritzeko distrituetako auzapezak ziren Henry Grenet, Michel Bonnet eta Didier Borotra, oso urruti zirenak euskal gaiez, Eli Galdos Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin elkartu zirela, eta nik horien aurrean egin nion elkarrizketa euskaraz. Kamera atzean sumatu nuen, beharbada amets egin dut, baina ikusi zutela bazela telebista bat euskaraz ari; uste dut hori erakustea momentu horretan garrantzitsua zela. Hori bera egin dute ere irratiek euskaraz.

Horrek erakusten du Euskal Herri osoko errealitatean sartzen dela, zeren eta frantsesez «Pays Basque» erraten delarik Iparraldeari mugatzen da, baina horrekin erakusten da zein den Euskal Herria, hori jadanik garrantzitsua da, zenbait zirkulutan.

Euskararen Erakunde Publikoak 2019an egin zuen ikerketaren arabera, herritarren %42k euskara hutsezko hedabideren bat kontsumitzen dute Ipar Euskal Herrian. Zein irakurketa egiten duzu?

Nahiz eta euskal komunitatea handitu den, maleruski Iparraldean ez da gehiengoa. Hemen 3.000 pertsona gehiago badira urtero; kanpotik etortzen dira, beren ohiturekin, beren hizkuntzarekin, eta guk egiten dugunetik urrun dira. Hala ere, nik ikusten dudana emaitza horietan da funtzionatzen duela proposatzen dugunak; euskal hedabideek proposatzen dutena kontsumitua da. Gehiago egin behar dela, dudarik ez, zeren irrati libreak hasi zirelarik, Euskal Irratiak puntan ziren, eta Euskal Telebista etorri zelarik, puntan ginen, baina orain, beharbada nire kontua da sare sozialetan konturik ez dudalako, baina iruditzen zait hor horizontea urruntzen ari dela. Baina hala ere aitzinatzen gara.

Zer aldatu da kazetaritzan?

Kazetari euskaldunen kopurua. Ni hasi nintzelarik, irrati libreak baino lehen, euskal kazetari bat zen irratian, Marie-Pierre Herguy, eta gero bazen Janbattitt Dirassar “Sud Ouest” egunkarian. Kazetaritza eta euskara elkarrekin, ez zen helburu bat. Euskal Irratiekin, Euskal Telebistarekin kopurua emendatu da, Hegoaldetik etorri direnak ere badira.

Historia segitzen aritu zara azken hamarkadetan, nola garatu da Ipar Euskal Herria?

Lehenik Iparraldea ikusteko moldea, Iparraldea ez zen existitzen ni sortu nintzelarik, hemen Frantzia zen, Euskal Herria molde folklorikoan esaten zen. Euskarak ez zuen aterabiderik, galtzerat zihoan, ahantzi behar zen euskara. Ni eta nire belaunaldia hortik partitu gara, eta orain ikusten dut euskal hezkuntza badela irakaskuntza sail guztietan, Iparraldeak bere erakundea baduela, eta ikustea badela Euskal Herriko Laborantza Ganbara alternatiboa.

Gauzak aldatu dira, tresnak sortu dira, aldi guztiz mugitu da gizarte zibila, eta hori oso inportantea da, kohesioa atxikitzea momentu latzetan aurrera egiteko. Gaztetan genituen hainbat amets ikusi ditugu betetzen, adibidez nik ikusi dut duela hamar bat urte, izugarriko efektua egin zidan zerbait, lehen aldikoz 14 urtez behitikako bertso txapelketa batean, zazpi probintzietako hamalau gazte bertsotan ari ziren, probintzia bakoitzetik bi, eta bakoitza bere euskalkian ari. Nazio mailan gauza batzuk egiten dira euskaraz, eta guk amesten dugun ereduak funtzionatzen du.

Hego Euskal Herriarekiko dagoen harremanean zein garapen ikusi duzu?

Iruditzen zait lehen ameslariago ginela. Badut sentsazioa momentu batean elkar gehiago kasu egiten geniola, momentu bat da beharbada, edo beharbada ni naiz. Elkarren arteko lotura horiek ez dira hainbeste indartu, eta beharbada laxatu ere egin dira. Gizartean, zenbat aldiz ez dudan entzuten «zuek frantsesak»; badakit ez dela gaiztoki erraten, baina guk erantzuten dugularik «zuek espainolak», orduan denak gaizki dira.

Olentzero, Karrikaldia eta Baionan Kantuzen parte hartzen duzu. Ekimen horiek euskal kulturak Baionan ere presentzia izateko sortu ziren. Zein zen egoera abiatu zenituztelarik?

Iruditzen zitzaigunez dena egiteko zegoela, pentsatzen genuelarik egiten ahal genuela zerbait, egiten genuen. Lehena Dantzazpi izan zen, Ibaialde elkarteak asmatu zuen (ni ez nintzen hor ari), horrek zuen bidea ireki Baionan Kantuzi baita Karrikaldiari, eta erakutsi du euskal kultura oso egokia zela hiriarentzat.

Gure gazte denboran euskal kultura modaz kanpoko gauza bat zen, baserrikoa, hiltzera kondenatua. Nolazpait abertzalegoarekin batera garatu zen; abertzalegoa oso anitza izan da, eta kulturan ere garatu da. Kulturari buruzko gauza berriak sortzen joan ziren, Nafarroaren Eguna esaterako, garai horretako kultur asteak garai horretan izan dira abertzaleentzat eta euskaltzaleentzat euskaltasuna zabaltzeko molde bat. Garaiko mezu bat zen ere, oso ongi zela ideologia, baina behar zela ekin lekuan berean, eta horretarako kultura zen gehienbat. Guk nahi berezia baitugu horretarako, saiatu gara tresnak sortzen hirian ere izan zedin euskal kultura, eta horren bidez euskara eta euskaltasuna.

Ekiteko modu hori nola garatu zen? Zein izan zen bidea?

Hasieran gauzak oso ttipi abiatu ziren. Lehen Dantzazpietan gazteak oso gutxi ziren, 100 bat pertsona. Baionan sortu ziren bai Dantzazpi, bai kantu liburutxoak, sakelan ibiltzekoa festa garaian, eta gero hedatu dira Euskal Herri guztian, ez zen existitzen duela 30 urte.

Dinamika ezberdin horietan aipatu dituzun «gu» horiek nortzuk zarete?

Adibidez, Baionan Kantuz sortu zen ikastoletatik, eta geroztik bere bidea egin du, zeren eta gu atera gara ikastolatik gure haurren heinean. Nukleoa ikastola da eta inguruan beste batzuk badira. Olentzero ikastolatik abiatu zen ere, eta sortu da horren inguruan Baionako peña, elkarte eta koroekin, Baionako Olentzero deitutako elkarte bat da, eta horretan nabil.

Karrikaldi da Ibaialde, Leinua, Tuntuna (Baionan Kantuz egiten duena), Orai Bat eta Trikili Trakala dantza taldea. Horiek gara gu; “gu” gara proiektu bat, jende multzo bat, elkarte edo ez, eta jo aitzina.

Liburu bat ere argitaratu zenuen gaztetan idatzi zenituen antzerkiekin. Bide horretan segitzeko asmorik bai?

Okasionea bada. Nik egin ditudan gauza guztiak eta euskal mugimenduan askotan gauzak kolektiboki egiten dira. Horrek dependitzen du kolektiboki baden buru bat edo ez, eta horren arabera sartuko naiz edo ez.