Isidro Esnaola

Umezainen kooperatibaren adibidea egoera kokatzeko

Aste honetan munduko burtsa guztiak gainbeheran ibili dira, Covid-19 birusaren zabalkundea dela eta. Hori da atzean dagoen kausa, adituen arabera behintzat. Egia esan munduko ekonomia nahiko pattal bazebilen lehenagotik ere. Edozein kasutan, askotan pentsatzen dugu inguruneko eraginik gabe funtzionatzen duela ekonomiak. Covid-19 birusak erakutsi digu hori ez dela horrela; are gehiago, edozein gauzak, txikia bada ere, alda dezake ekonomiaren osasuna eta krisia, ahula bada ere, eragin dezake.

Aste honetako egoerak gogoratu dit Ekonomia Nobel saria irabazi zuen Paul Krugmanek asmatu zuen adibide argigarria krisien ezaugarri batzuk azaltzeko. Krugmanek kontatu zuenaren arabera, AEBetan gauean ateratzeko bikote gazteek ez dute konfiantzazko umezainak lortzeko erraztasunik –ezin dituzte hemen bezala aitona-amonak esplotatu, batez ere, distantziak oso handiak direlako–. Horregatik, bikote batzuek umezainen kooperatiba moduko zerbait antolatu zuten, baina, txandaka atera beharrean (tokatzen zaizunean inoiz ez da une egokiena), kupoi sistema bat antolatu zuten. Bikote bakoitzak kupoi kopuru zehatz bat jaso zuen eta, ateratzen zenean, umeak zaintzen zituen bikoteari kupoi bat eman behar zion. Hala, besteen umeekin gelditzean, kupoiak biltzen zituzten bikoteek. Sistema horrek, hasiera batean jasotako kupoiak agortzean besteen umeekin gelditzea bultzatzen zuen oreka berreskuratzeko. Dena oso logikoa zen. Krugmanen adibidean, sistemak pentsatu moduan funtzionatu zuen hasieran. Baina une batean, birus berri baten zabalpena tarteko, adibidea ez da hain zentzugabea, jendeak etxean gelditzea erabaki zuen. Kupoi gutxi zituztenek ez zuten kupoiak berreskuratzerik eta asko zituztenek, aldiz, mugimendu gutxi zegoela ikusirik, ez zuten zituzten kupoiak gastatzerik nahi, ondoren kupoiak berreskuratzea zaila izango zela-eta. Azkenerako, bada, kooperatiba krisian sartu zen. Inork gastatu nahi ez duenean, umezainen kooperatiban bezala, deflazio krisia sortzen da. Irtenbide posible bat kupoi gehiago egin eta bikoteen artean banatzea zen: kupoiak eduki ez eta atera nahi zuenari aukera berria eskaintzen zitzaion horrela; eta besteentzat kupoi gabe gelditzeko beldurra uxatzeko balio zuten kupoi berriek.

Antzeko zerbait egin dute munduko banku zentralek 2008az geroztik. Krisia gainditzeko dirua erruz jaulki dute gastua sustatzeko. Orokorrean, hirukoiztu egin dute zirkulazioan dagoen diru kopurua. Hala ere, ezberdintasun nabarmen bat dago. Umezainen kooperatibaren kasuan, kupoi berriak partaide guztien artean banatu zituzten; banku zentralek, aldiz, dirua banketxeei eman diete. Gainera, baldintza zorrotzen pean. Ondorioa izan da dirutza horrek “fondo putreen” esku bukatu duela eta funts horiek etxebizitzetan sartu dutela dirua, alokairuak igoaraziz. Hainbeste diru dago mundu osoan zehar, alokairuak nonahi igo direla. Gertakaria hain da zabala Nazio Batuek ere gaia aztertu eta errentak mugatzea proposatu dutela. Tankera horretako arau bat aurreko igandean sartu zen indarrean Berlinen. 

Ahaztu egiten badugu ere, ekonomiaren garapena kanpoko faktoreek baldintzatzen dute: gaixotasunak, lehorteak... Baina eragin handiagoa dute giza erabakiek: dirua jaulki ala ez, nori bideratu eta nori ez... Erabaki horietan dago herritarren ongizatearen gakoa. •