Nerea Goti
ANDRE IJITOEN IRAULTZA

«Etsaiak patriarkatua, kapitalismoa eta ijitoekiko aurkakotasuna dira»

Feminismo ijitoa ahots indartsuarekin azaleratu da Euskal Herrian, bere mezu propioa zentroan ipiniz. Ahotsok Amuge elkartean biltzen dira eta ozen diote emakume ijitoek askotariko diskriminazioez hitz egin dezaketela, feminista izateko emakume eredu bakarra ez dagoela, ijito erreferenteak badaudela, pribilegio, estereotipo eta eskola segregazioarekin bukatu behar dela...

Emakumezko feminista zuriak ez dira gure etsaiak, patriarkatua, kapitalismoa eta ijitoekiko aurkakotasuna baizik». Amuge elkartearen borroka oihuetako bat da hori eta Tamara Claveriak bota du, taldearen ahots indartsuenetakoa gaur egun. Feminismo ijitoa ardatz ideologikoa izanik, ibilbide luzea du elkarteak emakume eta gizonen arteko berdintasunean eta herri ijitoen eskubideen defentsan. Metodoak eta filosofia ez dira berriak, halere. Amugen diotenez, herri ijitoak badaki lan komunitarioa zer den, izen horrekin oraindik existitzen ez zenean ere jartzen baitzuen praktikan: «Gure kulturan sustraituta dago laguntza behar duenari ateak zabaltzea eta laguntza ematea, egun hain modan dagoen zaintza erdian jartzearen ideia bezala. Berdin gertatzen da emakumeen arteko laguntza bultzatzearekin».

Ezer gutxi dakigu kultura ijitoaz, dituen erreferenteez, herri baten zutabe izan diren emakume ijitoez. Amugen argi dute ijito izateagatik bizi duten bazterketa historikoa ez da desagertu, bizirik dirauela kalean eta era askotara azaleratzen dela, batzuetan baita feminismo jakin baten barruan ere. Horregatik, ozen esan nahi dute ahots propioarekin hitz egin eta erabaki nahi dutela, beste batzuek beraien izenean hitz egin ez dezaten.

Bistakoa da bide luzea egin behar dela oraindik ere herri ijitoak behar duen erreparazioa lortzeko. Bide horretan, lan mardula egin du Amuge elkarteak 2003. urtean sortu zenetik, «emakume ijitoekin batera lan egin eta haientzat lan egiteko». Amatasun adina atzeratzea, familia planifikazioa bultzatzea eta neska ijitoen formakuntza akademikoan sakontzea ziren elkartearen erronka nagusiak hasiera batean. Horietako asko bete dituzte, baina bide luzea dago egiteko. «Ijito baten ondoan 24 ordu ematera gonbidatzen zaitut egoera zein den ikusteko...», ohartarazi du Tamara Claveriak. Bilbotarraren ustez, ulergarria da ijitoen heriotza adina payo edo ijito ez direnena baino 20 urte txikiagoa izatea: «Ijitoak etengabeko estres egoera batean bizi gara».

Bilboko Otxarkoaga auzoan duten lokalean hartu du Tamara Claveriak GAUR8. Ondoan, Amugeko beste bi kide ditu: Marisol Duval eta Marimar Claveria, Tamararen ahizpa.

Marimar Claveriak ijitoek bizi duten egoeraren adibide oso argigarria eman digu hitz egiten hasi eta berehala. «Metroan sartu eta payo-ak berehala aldentzen dira nire ondotik. Azkenerako, egoeraren jakitun, ni neu aldentzen naiz sarri, diru-zorroa lapurtuko diedala pentsa ez dezaten... Horrelako egoerekin bizi gara une oro», azaldu du.

Azken egunetan bizitakoei soilik erreparatuta, gertaera zerrenda luzea egin dezakete elkartean, askotariko arrazakeria egoerak bata bestearen atzetik kontatuta: metroan, arropa denda ezagunetan, etxebizitza baten salerosketa dela-eta bizitakoa... Ijitoek bizi duten errealitatera hurbiltzeko, zenbait galdera jarri dituzte mahai gainean: «Badakizue Poliziak ijitoak hamar aldiz sarriago gelditzen dituela kalean payo-ak baino? Zigor ugari eta gogorrenak emakume ijitoek jasotzen dituztela?».

Gizarteak duen ijitoen irudia erabat «kutsatuta» dagoela uste dute. «Gauza txarretarako ijitoa zara, eta, gauza onetarako, berriz, zure ijito izaera kentzen dizute; ‘zu ezberdina zara, ez dirudizu ijitoa’ esaten dizute. Baina ijito txarrak eta onak daude, payo onak eta txarrak dauden bezala!».

«Zuek baino zapalduago?»

Irudi kutsatu hori feminismo batzuen baitan ere ikusten dute. «Nekatuta gaude emakume ijitoak gainontzekoak baino zapalduago gaudela edo gizon ijitoak zuriak baino matxistagoak direla aditzeaz», dio Tamara Claveriak. «Feminismo hegemonikoa gure diskurtsoa hartu eta gure kateez askatuko gaituela esatera heldu da. Hara, emakume payo-ek katerik izango ez bazenituzte bezala... Emakume ijitoek pairatzen dugun zapalkuntzarik handiena payo talde batek eragiten du, batez ere legeak egiten dituzten horiek», dio irmo bilbotarrak.

Ijito herriaren kultura, izaera eta ondarearentzat oraindik izan ez den aitortza aldarrikatzen dute solaskideek, eta nabarmendu dute badagoela zer ikasi bai ijitoengandik oro har bai emakume ijitoengandik espezifikoki, «baina ikusezinak gara». Harago doa azalpenean Tamara Claveria: «‘Ijito’ deitzen diguzue, primeran, hitza onartzen dugu. Baina guk termino horri balio handiagoa eman nahi diogu, konnotazio despektiboa kendu; ez gaitzazue sar zuek sortutako emakume ijitoen imajinarioan, botere harremanak errepikatzen ari zaretelako horrela. Mundu justuago bat izateko begirada kritikoa izan behar dugu».

«Kanpoan utzi gaituzue»

«Ez dut feminismo ijitoa feminismo zuriaren aurrez aurre jarri nahi, baina bai soilik bazterreko zerbait gisa onartzen gaituen feminismo hegemonikoaren aurrez aurre, euren burua zentroan kokatu eta gu periferian kokatzen gaituztenen aurrez aurre», argitu du Tamara Claveriak. «Gure helburua gure herria libre izatea da, gure jendearentzat bizitza baldintza onak lortzea. Baina periferian biziraun behar izan dugu, kanpoan utzi gaituzue eta, gainera, herri ijitoak sinetsi du hori dela ijitoa izatea», gaineratu du.

Begietara zuzen begiratuta, bata bestearen atzetik botatzen ditu danbada moduko hausnarketak Tamara Claveriak, aurrean duena kolpatuz. «Ez iezaguzue ezarri feminista izateko era bat, ez iezaguzue esan zuen erritmora joateko, hemen bakoitzak erritmo bat baitu». Zorrotz hitz egiten du, eta, aldi berean, plazera da ideiak hain argi dituen emakume gazte bat entzutea. Ingurukoek ere onartzen diote adierazkortasuna, argitasuna, irmotasuna, bizi duten errealitatearen neurrikoa. «Tamara hasi eta ez da gelditzen...», diote elkarteko beste bi kideek.

«Esan nahi dizuegu emakume ijitoak erreferente izan gaitezkeela beste emakume batzuentzako ere, Sofia Kovalevskaia izan zen bezala. Europan unibertsitatean eskolak eman zituen lehen emakumea izan zen, eta ijitoa zen. Bera bezalako emakume ijitoak ez dira soilik guretzat erreferenteak», adierazi du Tamara Claveriak. Amugeko kideek aldarrikatzen dutenez, emakume ijitoek asko eman ahal diote feminismoari, feminista izateko eredu bakarra ez dagoela hausnartzetik hasita. «Feminismo ijito dialogikoaz hitz egiten dugu: ez duzu emakume akademikoa izan behar feminista izateko, emakume ijitoak beraien borroka txikiekin feminista ere badira».

«Jendartea eraldatzeko feminismoa ezinbesteko tresna» dela ardatz duen Bilbo Saretzen mugimenduko kide da Amuge. Elkartearen xedeetako bat feminismo ijitoa ikusaraztea da, intersekzionalitatea landuz, jatorri, egoera funtzional edo egoera ekonomikoak eragindako diskriminazio bikoitz edo hirukoitza agertzea.

Inklusioa eta erreparazioa

Tamara Claveriak nabarmendu duenez, herri ijitoak inklusio eta erreparazio politikak behar ditu. «Nire herriak bizi izan duen jazarpenaz hitz egin beharko genuke. Frankismoaren aurkako borroka ez da ikusarazi, naziez eta beltzen aurkako jazarpenaz hitz egiten dugu, baina herri ijitoaren jazarpena ahaztu egiten da...».

Herri ijitoaren historia eta hizkuntza hezkuntza curriculumean izatea aldarrikatzen du Amugek. Hau da, ijitoak payo bilakatzea bultzatzen duten politikekin bukatzea.

Durangon egin ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan berezko ahotsarekin hitz egin zuen feminismo ijitoak Tamara Claveriaren ahotik. «‘Ez hitz egin gure izenean’ esan genuen. Oso interesgarria izan zen jardunaldietan parte hartzea. Esateko genuena onartua izan zen eta gure mezua txalotua», gogoratu du. Hilabete batzuetara jardunaldi bat antolatu zuten Bilbon eta liburu bat aurkeztu: “Romani Hadin. Tras las huellas de las mujeres gitanas”.

Liburuaz «justizia ariketa» bat izan dela diote. «600 urte daramatzagu hemen eta gure ahotsak ikusezinak izan dira. Ikusezinak izaten jarraitzen dugu». Finean, emakume ijitoen istorioak dira, lehenengo pertsonan kontatuak. Zenbait belaunalditako emakumeen testigantzetan askotariko historiak agertzen dira: hirietara heldu eta merkatuetan egindako lana, ijitoen lehen elkarteen eta eliza ebanjelikoaren papera, heziketa jaso duten emakume ijitoen elkarteak, feminismo ijitoaren bisibilizazioa, lan merkatuan sartzeko aukerak, feminismo ijitoa zentroan jartzeko aldarrikapena...

Liburuak tía edo ijitoen artean errespetu handia merezi duten emakumeen arteko solasaldien formatua du. Kontu zahar eta berrien bidez herri oso baten izaera marrazten duten zertzeladak eskaintzen ditu. Zaharren artean oso presente daude familia barruko zein kanpoko elkartasun keinuak, feminismoak bere egin duen «bizitza erdigunean» jartzearen beharra bezalako hausnarketak.

Irudia: zikinak, lapurrak...

Liburuaz diote, «oso garrantzitsua» zela «gure herriaren heterogeneotasuna ikusaraztea». Tamara Claveriak gaineratu duenez, «herri ijitoko emakumeen irudia interes ideologiko eta politikoei erantzunez sortuz joan da. Eta, noski, irudi hori gizartearen gehiengoaren imajinario kolektiboan sartzen joan da: zikinak, lapurrak, iruzurtiak... Esan beharrik ez dago errealitatetik oso urrun dagoela irudi hori».

Amuge elkartearen barrura begiratuta, urte asko igaro dira jada haurrak eskolara joan zitezen bermatzeko haurren bila joateko “iratzargailu zerbitzua” bezalako egitasmoak martxan jartzen zituztenetik. «Ikastetxeetan amentzat lehendabiziko eskolak antolatzen ere hasi ginen. Egun horrelako ekimenei ‘ahalduntze eskolak’ deitzen diete», gogoratu dute. “Pikara Magazine” aldizkariaren erreportaje batean, «kafe klandestinoak» deitu zieten emakumeen arteko lehen solasaldi haiei, «ia ezkutuan egiten genituelako». Garaiko testuingurua ekarri dute gogora sasoi horiek gogoratzean. «Ama ijitoei soilik txarrak ziren kontuengatik deitzen zieten eskoletatik». Egoera ikusita, Lakuak lagundutako hezkuntza proiektu bat jarri zen abian elkarbizitza hobetzea helburu. Kafea hartzeko hitzorduekin hasi ziren. «Erresistentziak» izan ziren hasiera batean, kultura ijitotik oso urrun zen emakume eredu batez hitz egiten baitzieten, baina ordurako beraiek jada «borroka feministaz» hitz egiten zuten, borroka horrek «arrazakeriaren aurkako borroka barnebildu» behar zuela defendatzen zuten...

Eskola funtsezkoa zen eta da, «herri hezia herri armatua delako». Amugeko emakumeek argi dute «elkar ulertzeko eta benetako inklusio eta ez integrazioa lortzeko elkarbizitza beharrezkoa» dela, baita «elkarbizitza eskolatik hasten» dela ere. Egungo elkartearen proiektuetan oso presente dago ideia hori. Bitartean, aurrera jarraitzen dute lanean, berdintasunaren alde eta beste hainbat arlotan ere: hezkuntza, enplegua, gazteria, osasuna... Indarkeriaren aurrean «zero tolerantzia» izateko ekimen bat ere lantzen ari dira, herri ijitoaren desfase curricularra gainditzeko beste bat...

Hala ere, oso kritikoak dira hezkuntza sistemarekin. Gabezia asko ikusten ditu Amugek geletan egiten den aniztasunaren kudeaketan. Haur ijitoen eskola porrotaren datuek Lakuako Gobernua lotsarazi beharko luketela uste dute. «Aldiz, haur ijitoak direnez eta ezkondu eta seme-alabak izan besterik egingo ez dutenez, zertarako eragin...». Gaineratu dutenez, ez da kasualitatea A ereduko ikastetxea Otxarkoagan izatea. «Ijitoentzako ikastetxea da, baina A eredua hautatzeko edo haurra nahi duten ikastetxera eramateko gurasoek duten eskubidearekin mozorrotu nahi dute. Azken batean, ‘toki hau zuretzako da’, ‘hemen ondo sentituko zara’... bezalako mezuak zabaltzen dituen kanpaina bat dago. Ondo sentituko zara, bai, baina pobreziatik», amaitu dute irmo.