France-Presse
INDIAKO ERREPUBLIKA

Segurtasun bila, komun bihurtutako autobus zaharrera joan behar

Begirale feministek Indiak jasaten duen bortxaketa kopuru izugarria saneamendu faltarekin lotu izan dute, emakume askok ilunpetan eta bakarrik atera behar izaten baitute kalera etxean komunik ez dutelako. Milioika komun eraiki dira, baina Asiako herrialdeak bortxaketa tasa ikaragarriari eusten dio.

Orain hilabete batzuk, iazko urrian, esan zuen Narendra Modi Indiako lehen ministroak herrialdea «aire librean egindako kakaz garbi» dagoela, politikariak berak bost urte lehenago agindutakoa bete izan balu bezala.

Baina berri agentziek bestelako kontu bat azaldu digute. Pune mendebaldeko hirian (sei milioi biztanle) Suvarna Dongare ikaslea poztu egin da parke batean arrosa koloreko autobus zahar bat ikusi duenean. Emakumeei zuzendutako komun mugikor bihurtu dute ibilgailua, bi enpresariren ekimenez. «Parkera joan eta komunera joateko premia neukan. Komunok oso erosoak dira eta segurtasun sentsazioa ematen dizute», azaldu die France-Presseko kazetariei 18 urteko neskak.

Bost errupia (bost zentimo) ordainduta, edozein emakumek dauka autobusera igo eta bertan aurkituko dituen komunak erabiltzeko edota seme-alabei titia lasai emateko aukera. Baita fardelak edo konpresa higienikoak erostekoa ere.

Ulka Sadalkar eta Rajeev Kher enpresaburuek Bainugelak Neskentzat proiektua 2016an jarri zuten abian. Gaur egun gurpil gaineko hamabi zerbitzu dituzte, eta egunean 200dik gora emakumezkok erabiltzen dituzte. Ibilgailuok eguzki energiari esker funtzionatzen dute, goiko aldean ipini dizkieten panelei esker. «Bainu garbi eta seguruak erabiltzeko aukera merezi dute emakumezkoek. Oinarrizko eskubidea da beraientzat», esan dio AFPri Ulka Sadalkarek. Oso anbiziotsuak dira, datozen bost urteetan India osoan tankerako 1.000 komun jarri nahi dituzte-eta. «Autobuson moldaketan arreta handia eskaini diogu estetikari eta bainugela garbiak eskaintzen ditugu, telebista pantaila, tenperatura monitoreak eta laguntzaile bat sarreran eta guzti», azaldu du enpresariak.

Manisha Adhav 40 urteko emakumeak zuzentzen du ibilgailu horietako bat. Harro dago bere lanaz, «emakumeen alde zerbait egiten dugulako. Bezeroek bedeinkatu egiten naute. Batzuk oso urrutitik etorritakoak izaten dira, inguru honetan nahikoa bainugela publikorik ez dagoelako».

Modi lehen ministroak aginduta, ia 1.400 milioi biztanle dituen herrialdean 100 milioi komun eraiki dituzte azken urteotan. Baina emaitza ez da beti izaten txalotzeko modukoa, bainu horietako asko erabiltzerik izaten ez delako: urik ez, edo argindarraren akatsak, edo mantentze eskasa… eta zikinkeria.