Xabier Izaga Gonzalez
Entrevue
Asier Larrinaga
EiTB-ko Euskara Zerbitzuko burua

«Euskara batua idatzirako, literaturarako pentsatu zen, eta oso urte gutxiren buruan Euskal Telebistak eta Euskadi Irratiak ahotsa ipini zioten»

Iaz aurkeztu zuen tesian Euskal Telebistak euskararen arloan egin duen lana aztertu zuen. Oraindik orain, ildo beretik, «Euskararen normalizazioa: ikuspegi orokorra eta Euskal Telebistaren kasu partikularra» liburua argitaratu du EHUren eta UEUren eskutik.

Ia hiru hamarkadako ibilbidea egin du Asier Larrinaga bilbotarrak Euskal Telebistan hizkuntza teknikari. Egun bertako Euskara Zerbitzuaren arduraduna da. Ondo ezagutzen du, beraz, euskal telebista publikoak euskararen arloan egin duen lana. Hain zuzen ere, lan hori aztertzea zuen helburu iaz aurkeztu zuen tesiak. Hura egiteko, euskararen normalizazioa aztertu behar izan zuen eta, tesiaren izenburuari buelta emanda, “Euskararen normalizazioa: ikuspegi orokorra eta Euskal Telebistaren kasu partikularra” liburua aurkeztu zuen joan den otsailean.

Tesitik liburura. Zertan dira desberdinak? Liburua, dibulgatiboagoa?

Ez, ez. Tesia eta liburua gauza bera dira funtsean. Izenburua aldatuta dago; tesiaren kasuan “Euskal Telebistaren sorrera, garapena eta funtzioa euskararen normalizazioaren testuinguruan” ipini nion eta liburuari “Euskararen normalizazioa: ikuspegi orokorra eta Euskal Telebistaren kasu partikularra”. Testuak izenburuari buelta ematen dio zeren tesian nire interesa Euskal Telebistak euskararen arloan egin duen lana aztertzea izan zen, hori zen helburua; baina, horretaz gain, euskararen normalizazioa osorik aztertu behar izan nuen, Euskal Telebistak egin duen lana testuinguru horretan kokatzeko. Orduan, esan dezagun bai tesian bai liburuan zutabe handi bi daudela: euskararen normalizazioaren ikuspegi osoa 1960ko hamarkadako azken urteetatik hona, eta, beste alde batetik, Euskal Telebistak testuinguru horretan, eremu horretan, egin duen lana.

Badago beste kontu bat. Tesia 2019ko abenduko datuekin itxi nuen eta EHUk eta UEUk argitaratu duten liburuan testua eguneratuta dago, datu berriak sartuta. Testua osorik irakurri nuen berriz eta pasarte ilunenak edo ulertzeko zailenak iruditu zitzaizkidanak berridatzi egin nituen. Eta, bestalde, aldaketa estilistiko txiki bat egin nuen. Tesian nire ahotik egiten nuen hitz, eta liburuan modu neutro edo inpertsonalean egin dut.

60ko hamarkadan ez zegoen Euskal Telebista, jakina. Beraz, ondorengo garaiarekiko aldea ere aztertuko zenuen.

Bai. Baina nire azterketaren ardatza Euskal Telebista da eta horrek eskatzen du hedabideek euskararen normalizazioan izan duten rola aztertzea. Egia da 60ko hamarkadan euskarazko telebistarik ez zegoela, baina bai beste hedabide batzuk. Idatziak hamarkada batzuk lehenagokoak dira, 50ko hamarkadan irratia ere hasi zen euskaraz. 70eko hamarkadan euskarazko hedabide idatziek garrantzi handia izan zuten normalizazioan, bai “Zeruko Argia”-k, bai “Anaitasuna”-k… Horrek guztiak Euskal Telebistaren sorrerarako, esan dezagun testuinguru bat edo ohantze moduko bat sortu zuen eta, bai, Euskal Telebista euskarazko lehenengo telebista izan zen, baina aurrekari batzuk izan ziren, eta hori ere aintzat hartu dut.

Eta beste kontutxo bat. 70eko hamarkadan Euskal Telebistarik ez zen izan, baina bai euskarazko telebista saioak, TVE Espainiako telebista publikoak astean behin-edo eskaintzen zuena eta Frantziako TF1 kateak ere izan zuen horrelako saio bat. Hori guztia aztertu beharra zegoen, bakoitzak zer leku izan duen.

Ikertzaile askok hedabideei hizkuntzaren normalizaziorako garrantzi handirik eman ez izanak arreta eman zizula diozu.

Bai, baina “ikertzaile” hitza oso orokorra da. Jendeak, adituek ere bai, baina ez hizkuntzalaritzan adituek, esaten zuten telebista garrantzitsua dela hizkuntza gutxituen sustapenerako eta euskararen kasuan ere jakintzat ematen zen. Kontua da hizkuntzalaritzan eta batez ere soziolinguistikan ari ziren adituek ez zutela uste hori; orduan, kontraesan moduko bat zegoen: jende gehienaren iritzian hedabideak funtsezkoak ziren hizkuntza gutxituak sustatzeko eta normalizatzeko, baina arlo horretan ari ziren adituek ez zuten iritzi bera. Nire azterketaren alde teorikoan landu beharreko puntu bat izan da hori, nola gainditu den kontraesan hori, soziolinguistikako adituek hedabideei hain garrantzi gutxi ematea hizkuntzaren sustapenean. Kontua da 2000ko hamarkadatik aurrera beste ikerketa ildo batzuk zabaldu zirela eta ildo berri horietan ari diren ikertzaileek bai jotzen dute garrantzitsutzat hizkuntza gutxituen normalizazioan hizkuntza gutxituko hedabideen funtzioa.

Eta zer eragin izan du Euskal Telebistak, labur esanda?

Labur ezin daiteke esan [irribarrez], baina… Hizkuntzaren normalizazioak hiru alderdi ditu nagusiki: corpusa, estatusa eta jabekuntza, eta nire ikerketaren ondorio nagusia da Euskal Telebistak hiruretan izan duela eta oraindik ere hiruretan duela garrantzi handia.

Erreferentzia da?

Bai, erreferentzia gauza askotan. Corpusaren kasuan, esate baterako, eta corpusa hizkuntza bera da, hizkuntzaren egiturak, hitzak… oso ekarpen garrantzitsua egin du Euskal Telebistak, euskara batuari ahotsa eta doinua ipini dizkiolako. Euskara batua 1960ko hamarkadan sortu eta lantzen hasi zenean eta 1970eko hamarkadan arauak eman zirenean, idatzirako arauak ziren, euskara batua idatzirako, literaturarako pentsatu zen, eta, oso urte gutxiren buruan, 1982an, Euskal Telebista sortu zenean, halako batean idatzirako pentsatuta zegoen eredu hori irratira eta telebistara eraman zen, uhinetara eraman zen eta ahotsa jarri zitzaion. Eta nork ipini zion ahotsa? Euskal Telebistak eta Euskadi Irratiak. Biek batera. Handik urte batzuetara, 1998an, Euskaltzaindiak euskararen ahoskeraren araua eman zuenean, arau horren oinarri nagusia Euskal Telebistan eta Euskadi Irratian landutako eredua izan zen. Tartean gu ere ibili ginen Euskaltzaindiko jendearekin batera araua lantzen. Horren funtsa edo oinarria urte luzez Euskal Telebistak eta Euskadi Irratiak landutako eredua izan da.

Erreferentzialtasun horren esparruan gauza gehiago dago; esate baterako, euskara informatiboa Euskal Telebistan eta Euskadi Irratian asmatu da. Egia da euskarazko informazioa lehendik existitu dela, esan dugun bezala, baina kontua da eguneroko informazioari, aktualitatearen jarraipenari ez ziotela horrenbesteko jaramonik egiten. 1970eko hamarkadan “Argia”-k eta “Anaitasuna”-k garrantzi handia izan zuten, baina gehiago ziren erreportajeak, iritzi artikuluak, eta, Euskal Telebista eta Euskadi Irratia etorri zirenean, orduan hasi ginen euskaraz aktualitatea eta eguneroko informazioa lantzen, eta lanketa horretarako eredu informatibo bat asmatu behar izan zen. Hori da Euskal Telebistak egin zuen ekarpen handietako bat.

Euskarak, beste edozein hizkuntzak bezala, informatzeko, entretenitzeko, umorea egiteko balio du; pellokeria dirudi, erakutsi beharrik ez dagoen zerbait…

Baina erakutsi beharra zegoen, eta Euskal Telebistak lan handia egin du alde horretatik. Hori hizkuntzaren estatusa izango litzateke, gizartean duen irudia, prestigioa... Gizarteari emandako zerbitzua izanda, hori erakutsi behar izan da, euskarak horretarako guztirako balio zuela, informatzeko, entretenitzeko... Eta, entretenimendu horren barruan, era guztietako generoetarako balio zuela, umorerako, gizarte gaietako magazinetarako... Hori da Euskal Telebistak erakutsi duena. Alde horretatik, euskararen prestigioari, euskararen estatusari ekarpen garrantzitsua egin dio.

Umorea aipatuta, kritika asko entzun dituzue zenbait programatan tokiko hizkerak barra-barra erabiltzen direlako?

Euskal Telebista hasi zenean euskara batua aukeratu zen, baita Euskadi Irratirako ere, eta lehenengo urteetan hori besterik ez zen entzun. Gero, gogoeta prozesu bat izan zen. “Sorginen Laratza” esan dezagun izan zela inflexio puntua. Bertan esketx batzuk egiten hasi ziren, umorezko esketxak, eta horietan beste euskara mota batzuk sartzen hasi ziren, euskalkiak-eta. Nahita egin zen aukera hori, pentsatu zen bazela garaia EiTBn beste euskara mota batzuk ere entzuteko, eta ikusi zen, esate baterako, pertsonaien karakterizazioan euskalkia erabiltzea egokia dela. Bide bat urratzen hasi zen. Sasoi batean horretara mugatuta egon da euskalkien erabilera ETBren barruan, baina pentsatzen dugu gonbidatuek eta, zalantzarik ez, kaleko jendeak bakoitzak berea egiten duenez, beste urrats batzuk gehiago egin daitezkeela. Esatariek eta EiTBren izenean egiten dutenek, jakina, batuan egin behar dute, baina beste kolaboratzaile batzuk aritzen direnean, uste dugu egokia dela euskalkian egitea hala nahi badute.

Zu 1991tik zaude ETBren Euskara Zerbitzuan; beraz, ondo ezagutzen duzu lan hori, bertan parte hartu duzulako, eta horixe izan duzu aztergai.

Bai. Ni, egia esateko, enpresako langilea naiz. Euskara Zerbitzuaren arduradun, baina hori baino lehenago bertako hizkuntza teknikaria, ibilbide luzea egin duena. Ikerketan jasotzen ditudan datu asko eta ematen ditudan informazio asko bertatik bertara ezagutu ditut; gehienetan, hartu diren erabakien inguruan ibili naiz lantaldeetan. Egia da ikerketa batean beharbada objektibotasuna galtzeko arriskua sortzen duen faktore bat izan litekeela hori, eta alde horretatik ahalegindu naiz distantzia hartzen eta nire pasioak-eta alde batera uzten. Horretan, zalantzarik ez, asko eskertu behar diet tesiaren zuzendari izan ditudanei. Objektibotasuna zaintzen asko lagundu didate zuzendari izan ditudanek, Igone Zabalak eta Agurtzane Elorduik. Beste gauza askotan ere lagundu didate, baina horretan ere bai, asko.

EiTBren eraginari dagokionez, zer sektoretan izan du edo du eragin handien, sektore batzuetan beste batzuetan baino eragin handiagoa baldin badu; esate baterako, haurrengan, gazteengan…?

EiTBk erabaki estrategiko bat hartu zuen orain dela urte mordoxka, arreta gunearen erdian haurrak eta gazteak ipintzea. Gauza bategatik: hezkuntza sistemaren bitartez belaunaldi berriak ia osorik euskalduntzen zirelako eta euskararen ezagutzaren aldetik belaunaldi berrietan euskaldun gehiago zeudelako beste belaunaldi batzuetan baino. Baina, horrez gainera, EiTB taldeak badauzka besteak beste helburu pedagogiko batzuk ere, adibidez, hezkuntza sistemaren osagarri izatea. Alde horretatik, bat zetozen helburu biak, euskararen sustapena eta hezkuntza sistemaren osagarri izatea. Horregatik ipini da arreta haur eta gazteetan.

Horrek zer ekarri du? Hainbeste programa sortu eta aireratu direla xede-audientzia horiei zuzenduta, eta esan liteke, gainera, arrakasta handiarekin egin dela, eta belaunaldi bakoitzak ETBn beretzat erreferentzia izan den mundu bat edo produktu bat topatu duela, euskaraz. Bere garaian Txirri, Mirri eta Txiribitonek sekulako arrakasta izan zuten haur euskaldunen artean. Haiekin hasi ziren umeak jada oso hazita daude eta beharbada unibertsitatea amaituta daukate jada, baina beste batzuk etorri dira, ezta? “Shin-chan” ere aipatu behar da, edo “Dragoi Bola”, “Unibertsolariak” eta Betizuren mundua… Nik uste dut nahikoa asmatu dela, xede-audientzia horietan asmatu dugula eta belaunaldi bakoitzari erreferentzia bat eskaini diogula euskaraz. Galdetu besterik ez dago. Gazteek gauza bat esango dute, zaharragoek beste bat, baina, esan dezagun: Euskal Herriko azken belaunaldientzat ETB erreferentzia bat izan da.

Nabarmenduko zenuke gorabeheraren bat ETBren arlo horretako ibilbidean?

Nik esango nuke gure gorabeherarik handiena lehiaren handitzea izan dela. Euskal Telebista sortu zenean Espainiako telebista publikoa baino ez zegoen Hego Euskal Herrian, TVE1 eta TVE2 [gaur egun La 2], eta halako batean ETB sortu zenean, hiruren arteko lehia zen; gero ETB2 sortu eta lauren arteko lehia bihurtu zen. Baina 1990eko hamarkadan Estatu espainiarrean telebista pribatuak sortu ziren eta apurka lehia handitzen joan zen, oso urte gutxiren buruan satelite bidezko kanalak hasi ziren, geroago kable bidezko kanalak, Internetetik datozkigunak… Lehia handitu den bakoitzean lehiakide kopurua biderkatu egin da, askorekin biderkatu. Sasoi batean euskarazko telebista lau kanaletako bat zen eta gaur egun euskarazko telebista 2.000 kanalen arteko bat da. Eta hori arazo handia da, audientziak sakabanatu egiten dira. Egoera horri aurre egin beharra baino gehiago, kontua da egoera horretan ikusleak geure produktuetara erakartzen ikasi behar dugula.

Euskarazko kate pribatuak ere badaude. Horientzat ere erreferentzia da ETB?

Oro har euskarazko hedabide lokalekin lankidetza hitzarmenak dauzkagu, eta alde horretatik erreferentzia gara. Euskara ereduari dagokionez, nik Bilbon Hamaika Telebista ikusten dut, eta batuan egiten du, gutxi gorabehera ETBk markatu duen ildotik. Eta normala da, zeren, azken batean, Unibertsitatean kazetari berriek ikasten dutena guk landu dugun eredua da.

Gizartean izan duzuen eta duzuen funtzioa ikusita, erantzukizun handia izan behar du zuen lanak.

Bai, hedabide batek beti dauzka erantzukizunak gizartearen aurrean, eta EiTBk oraindik handiagoak; azken batean, gizartearekin kontratu bat dauka, EiTB sortzeko legean jasota dagoena, ez edozein kontratu. EiTBk euskal gizartearen aurrean hartzen duen konpromisoa zerbitzu publikoa ematea da, eta zerbitzu publiko horretan bereizi egiten dira, alde batetik, informazioa zabaltzea, herritarrei gizartean eta politikan parte hartzeko aukera ematea, gure kasuan euren ahotsa zabaltzeko aukera ematea, eta, beste alde batetik, euskal kulturaren sustapena egitea eta, lehen esan dudan moduan, hezkuntza sistemaren osagarri izatea. Horiek dira haren betekizunak eta momentuz esan liteke ETBk, herritarren iritzian, betetzen dituela.

Gaur egun sare sozialak hor daude eta horiek ere badute eragina hizkuntzan, ezta?

Bai, jakina. Telebistaz ari gara, eta telebista badakigu zer den, etxeko egongelan daukagun aparatua, baina gaur egun hori baino askoz gehiago da, telebista Interneten eta sareetan dabilen produktu bat da. Alde horretatik, EiTBn konturatuta gaude horretaz eta azken urteetako lana horretara zuzenduta dago. Sareetan egon beharra, jendeak ikus-entzunezko produktuak kontsumitzen dituen lekuetan egon beharra, Youtuben... Aplikazioak sortzen ari gara, haurrentzat eta gazteentzat: Hiru, Goazen, Gazte aplikazioak, gure produktuak nahi izanez gero mugikorrean kontsumitzeko, edo tabletan… Eta urrats gehiago egitekoak gara, zeren mundu hau, sareen mundua, oso arin mugitzen da, oso arin eboluzionatzen du, eta egunean egon beharra dago. Azken urteetako ahalegina hori da.