France-Presse
BRASIL

Dengeari aurrea hartzeko ekimenak abian dira ezer ez duten Sao Pauloko favelan

Sao Paulo hiri erraldoiko erdigunetik ordubete eskasera dago «favela verdea», autosufiziente izatea lortu nahi duen komunitatea. Arazoak eta baliabideak partekatzea da bertakoen hautua. Harrizko arrain-haztegi bat egiten hasiak dira, tilapia espezieko arrainak hazteko asmoz. Denge izurriteari aurrea hartzeko ekimenetako bat da.

Emakume bat lanean ari da Sao Paulo hiri erraldoiaren inguruan sortu zen Vila Nova Esperança izeneko favelako baratzean. «Hemen ezkaia, albaka, kurkuma, hiru menda-belar klase eta izpilikua dauzkagu, eta aurki marrubiak ere bai», esplikatu dio France-Presseri, harrotasunez, Lia de Souza 57 urteko emakumeak.

Ez da harritzekoa harro egotea, Sao Paoloko favela horretan egin dutena benetako inbentario botaniko bat baita. Baratze handiaren erdian, gazte bati irakasten dio Lia de Souzak ikasitakoa. Lur gorriz betetako orgatila darama ikasleak. Lurrotan gauza guztiak hazten dira: papaiak, platanoak, fuksia koloreko bugainbileak eta hortentsia arrosak. «Landare sendagarri ugari ere baditugu», erantsi du orain hamarren bat urte komunitateko buru aukeratu zuten pertsonak. Baratze ekologikoan negutegi bat ere badute, loreontzietan landareak sartuta, konpost aberasgarri eta guzti.

“Favela verde” esaten dioten lekuan gauza guztiak aprobetxatzen dituzte, ez dute ezer alferrik galtzeko. Permakulturaren etikari eutsi nahi diote kosta ahala kosta, gizakiok lurrean kokatzeko sistema jasangarri eta harmonikoaren etikari alegia, kontsumismo zorotik kanpo geratzen den jarrera.

Sofa txikituak

Sao Paulo hiri erraldoiko erdigunetik ordubete eskasera dago “favela verdea”, baso atlantikoaren tontor batetik ingurumena zaindu eta bere burua aski izatea lortu nahi duen komunitatea. Arazoak eta baliabideak partekatzea da bertakoen hautua. 

Helburu zinez anbiziosoak dituzte, nahiz eta Vila Nova Esperançan ere ikusten diren gaizki asfaltutako zatiak, bukatu gabeko etxeak, hegan dabiltzan plastikozko poltsak eta kalean utzitako sofa txikituak, San Paulo osoan dauden beste 1.650 faveletan bezala.

Baina beste favela horiei ez dizkiete horrenbeste sari eman. Jarrera ekologikoa saritu diote 3.000 laguneko komunitateari eta lorpen horretan zerikusi handia du “Lia la esperanza” deitzen dioten emakumeak, amets bat eraiki duen pertsonak.

Ludoteka bat ere zutitzen ari dira, eskura dituzten baliabideekin. Lia de Souzak berak hartzen du lokatza, buztina eta porlana nahastuta sortzen dutena, zentroaren pareta izango denaren aurka botatzeko.

Adreilurik ez dagoenez, horrelako konponbideak asmatu behar dituzte. «Eraikuntza hau jasangarria da eta askoz ere merkeagoa. Ingurumena zaintzen laguntzen du», erantsi du Liak. Irribarretsu dago itxura ederreko emakumea eta aurpegia lokatzez beteta du. Birziklatutako gai asko erabiltzen dute. Zer erremedio! «Toki hau hobetzeko lanean aritzea gauza handia da», adierazi digu Everaldo Casimiro Santosek, ludotekarekin beste urrats bat egingo duten jakitun. 

«Vila Nova Esperançara 2003an iritsi nintzenean, hemen ez zegoen ezer –gogoratu du Lia de Souzak–. Gaur egun zirku-antzerki bat dugu, herritarrei kultura hurbiltzeko liburutegia, sukalde komunitarioa eta bainatzea ahalbidetzen duen lakua, umeek asko eskertzen dutena. Eta hazi besterik egin ez den baratza».

Arrain-haztegia

Rodrigo Calisto ingeniariak asko laguntzen du favelan. Harrizko arrain-haztegia egiten hasia da, tilapia espezieko arrainak hazteko asmoarekin. Afrikar jatorriko arrain horiek eltxoak jaten dituzte gustura, eta denge izurritearen aurkako borrokan baliabide ezin estimatuagoa dira.

«Dengearen arazoei aurre egiteko ideia besterik ez da», azaldu du boluntario gazteak. Asteburuetan hogeita hamar lagun elkartzeko gauza da ingeniaria, favelari behar duen guztian laguntzeko prest.

Eltxoekin arazoak izaten dituzten leku gehienetan, lur-irristatze arriskutsuak ere izaten dira. Vila Nova Esperançan laranja-zakuak lurrez betetzen dituzte, horiekin hormak zutitzeko, euriteak iristean lurrak ihes egin ez dezan eta, aldi berean, tragedia saihesteko. «Brasil osoan dugun arazo larria da, komunitate gehienak lur malkartsuetan eraikita baitaude», Calistok esplikatu duenez. Euria egiten duenean ura bildu eta baliatu ahal izateko sistema bat ere egina du.

«Ez daukagu unibertsitatera joan beharrik. Niretzat pozgarria da naturak berak nola bizi guri erakustea», esan du Lia de Souzak. Edonola ere, Brasil ekialdeko Bahia hirian loreak saltzen zituen emakumearentzat ez da samurra izan honaino ekarri duen bidea. Senarrak jipoitu egiten zuen etxean zein kanpoan eta halako batean gehiago aguantatzerik ez zeukala erabaki zuen. 

2003a zen Sao Pauloko Vila Nova Esperançara ailegatu zenean. Komunitateak ia ezer ez zuen orduan, ezta argindarrik ere. Bertako agintariekin topo egin zuen Bahiakoak. «2006an ikusi nuen familiak eremu hartatik ateratzeko prozesu bat abian zutela, lekua ‘degradatzen’ ari omen zirelako. Babestutako ingurumen eremu bat eratu nahi zuten», azaldu du komunitateko buruak.

Komunitateak bereari eutsi zion eta ez zuten alde egin. Bost urte geroago 30 polizia bidali zituzten favelara. Zibilez jantzita eta armaz josita. «Biztanle guztiak kanporatu nahi zituzten, egurra emanda eta gas negar-eragilea erabilita», gogoan du Lia de Souzak.

Sao Paulo estatuko CDHU garapen konpainiak dirua ere eskaini zion emakume ausartari: «Hemendik alde egiteagatik dirua agindu zidaten».

Alfer-alferrik ordea, eta Lia de Souzak herritarrei ingurumen hezkuntza emateko ekimenak abian jarri zituen, «euren janariak landatzen ikas zezaten».

Berotasun falta

Baliabide urriko tokia da Vila Nova Esperança. Herritar asko langabezian daude. «Alkatetzak hileko 244 dolarreko bonu bat ematen digu, egunean sei orduko soldata ordaintzeko. Baina aurki hori ere moztu egingo dute».

Edozein kasutan, aurrera egin beharrean dira. «Bonurik gabe geratzen bagara, gogorra izango da, baina lanean jarraitu beste erremediorik ez dugu», esan digu. Tristezia nabari zaio aurpegian, favelako herritar batzuek abian jarritako ekimenei estimu berezirik ez dietela erakusten onartu digunean.

 

Inoiz ezagutu duten denge izurriterik larriena sufritzen ari dira Latinoamerikan

OPS Osasunaren Erakunde Panamerikarrak jakinarazi duenez, kontinenteak inoiz ezagutu duen denge izurriterik larriena sufritzen ari da hilabeteotan eta premiazkoa da gaitz horren aurkako neurriak lehenbailehen hartzea, haren efektuak (156 hildako aurten, azken datu ofizialen arabera) murriztu nahi badira.

Osasun langileek koronabirusak eragindako giroan egin behar dute lana ordea, eta Paraguain muturreko jarrera hartu behar izan dute medikuek: «Etxean geratzen ez bazarete, gu geure etxeetara joango gara». Edilberto Rivarola Prebisio Sozialerako Institutuko mediku elkarteko presidenteak esan du herrialdean oraindik ez dituztela koronabirus kasu asko izan, baina bertako osasun sistema oso ahula dela larritasun handiko kasu askori aurre egin ahal izateko.

OPS erakundeak argitaratu berri duen txosten batek dio kontinenteak «bere historiako denge izurriterik okerrenari» egin behar diola aurre. Adituen arabera, aurten gaixotasunak oso datu txarrak emango ditu bazter guztietan. Lehenengo sei hilabeteak normalean oso zailak izaten dira hegoaldeko estatuentzat, baina aurten Mexikon bertan ere eltxoek transmititzen duten gaitzak kasu asko utzi ditu, Marcos Espinalek Efe agentziari azaldu dionez. Gaixotasun horren intzidentzia murriztu egin zen 2017an eta 2018an, baina iaz marka guztiak hautsi eta hiru milioitik gora gaixo izan ziren, «historiako kopururik handiena». Dengea beste izurrite batzuetan ere protagonista den «aedes aegypti» eltxoak transmititzen du. Carlos Serrano adituak Latinoamerikan izurriteok intzidentzia handiagoa izaten dutela dio: «Ez osasun sistemek ez herritarrek ez dute lortu izurriteak geldiaraztea. Beraz, zalantzak ditugu Latinoamerikak koronabirusari aurre egiteko duen prestakuntzaz».