Antton Izagirre

Bazen behin...

Ez dago iritzi artikulurik, telebista edota irrati programarik birusari aipamenik egingo ez dionik. Birus batek aldatu du gure eguneroko bizimodua, nagusiki premisa ekonomikoen gainean eraikitako bizimodu egituratu eta antolatua. Birusak kaosa ekarri digu, desoreka, krisia, gure eguneroko bizimodu estresatuan, geldialdiaren desoreka, ezerosotasuna.

Eta birus honek gure bizimoduan paradigma aldaketa ekarriko baligu? Birus hilgarria delakoan, birusak bizitza sortzaileak direla frogatuko balitz?

Darwinistek espezieen eboluzioa hautaketa naturalaren eta pixkanakako eraldaketaren gainean eraiki zutenetik urte asko joan diren arren, zientzialari gehienak lerratu dira haien uberan. Guztiek onartzen dute bizitzaren oinarrian eta garapenean bakterioak egon direla, bizitzaren sorreran oinarrizko unitateak bakterioak izan direla. Hala ere, bada galdera bat hainbat erantzunen iturburua dena: espezieen sorrera pixkanaka eraldaketaren bidez eman da ala inguruak eragindako jauzikako aldaketaren bidez? Espezie batetik besterako eraldaketa posible al litzateke aldian aldiko aldaketaren bidez? Non daude horren ebidentzia fosilak?

Galdera hauetatik tiraka, batzuek zientziaren eta gizakiaren arrazionaltasunean sakondu ordez, guztiaren jatorria jainko ahaldunen bati aitortu izan diote eta horretan darraite. Aldiz, zientziaren bidetik, ez dago dena esana. Askok uste izan dutenaren aurka, Homo sapiens sapiens-a ez da eboluzioaren azken katebegia.

Bakterioei izaera bikoitza aitortzen zaie: bizitzaren eragile “ongarria”, batetik, eta gaixotasunen eragile “galgarria”, bestetik. Badira zientzialariak birusak infekzio eragileak izatez gain, zelularen barnean material genetikoan aldaketak eragiteko gai ere izan daitezkeen hipotesia defendatzen dutenak.

Gaur-gaurkoz, ebidentzia zientifikorik ez badago ere, nork esan lezake etorkizunean eboluzioaren katean birusak erabakigarriak direla frogatuko ez denik?

Nik ez dakit koronabirusak paradigma aldaketarik ekarriko duen genetikarako. Ez dakit giza espezie berri baten sorreran eragingo duen. Baina eragin digun geldialdi honek gizaki sozial berri baten aldeko hausnarketara eraman beharko gintuzke; azkenaldian areagotzen joan den gizarte indibidualista horren aurrean, gizaki soziala gailendu dadin, amaieran. •