joseangel.oria@gaur8.info
INDIA

Milioika lagun bideetan, goseak amorratzen eta beldurrak hartuta

Pandemia dela-eta Indiako lehen ministroak martxoaren bukaeran bat-batean ezarri zuen itxialdiaren eraginez errepideetan harrapatuta geratu ziren milioika lagunek etxera bueltatzeko aukera izango dute azkenean, asteazkenean Gobernuak erabaki zuenez. Horien sufrimendua jaso dugu herrialdeotan.

Ostegunero ilunabarrean egiten duen moduan, Oxfam gobernuz kanpoko erakundeko Mamata Dash gaztea New Delhi hiriburuko bere auzoko barazki azokara joan zen. Baina martxoaren 26 hartan normalean oso bizirik eta argituta egoten zen pasealekua erabat aldatuta zegoen. Saltzaileak eta erosleak beren tratuak lehia bizian egiten egotetik, espazio ilun bat baino ez izatera igarota zegoen pasealekua.

Bizitzaz zein politikaz nekazariekin eta dendariekin hitz egiteko merkatuak normalean eskaintzen duen aukera ere orduan alferrik galduta zegoen. Narendra Modiren Gobernuak azoka guztiak ixteko agindua zuen, hilaren 24an, inolako alternatibarik eskaini gabe eta lau orduko epe eskasarekin.

Aldi berean, auzo aberatsetako merkataritza-guneetan argi guztiak piztuta zeuden, urrutitik ikusteko moduan. Azokan, aldiz, saltzaile gutxiago produktu gutxiago saltzen; ikusten ziren argi bakarrak bezeroen telefonoenak eta tarteka pasatzen ziren autoenak ziren. Guztiak presaka zenbiltzan: saltzaileak Polizia agertu eta beren salgaiak suntsituko ote zituzten beldur zirelako; eta erosleak, lortu ahal zuten guztia etxera eramateko prest zirelako, nahiz eta salneurriak jada altuegiak ziren.

«Nola bizi ezer saldu gabe?»

Mamata Dashek egindako kronikaren arabera, hiriburuko azoka hartan inork ez zuen koronabirusa gogoan, oso lagun gutxik zuten maskara jantzita. «Nola aterako naiz bizirik, saltzeko aukerarik ez badut?», esan zion adineko emakume batek, bestelako kezka baten berri emanez. Laranja saltzaile batek oso irakurketa ezkorra egin zion: «Gutaz ez du inork hitzik esaten, pobreak garelako, bost axola bizirik ala hilda gauden. Orain guztiak datoz beren despentsak betetzeko, baina garai zail honetan ez ditugu gure ondoan izango».

India 1.380 milioi biztanleko herrialdea konfinamenduan dago eta horrela segituko du bihar Gobernuak aurkakoa erabakitzen ez badu. Denda txikiak berriz zabaltzeko baimena eman zuen orain egun batzuk. Narendra Modi lehen ministroak aste honetan bertan esan du ekonomia ondo doala eta Covid-19ak eragindako itxialdiari eutsi egin beharko zaiola eskualde kutsatuenetan.

Estatuburu zintzoaren itxura eman du agintariak, herritarren egoeraz kezkatuta egongo balitz bezala, baina bestelako jarrerak eta erabakiak leporatu dizkiote begiraleek.

Txorien kantua

Konfinamenduak sufrimendua eragin die Indiako milioika herritarrei. Txorien kantua inoiz baino garbiago entzuteak, paisaiak aspaldi galdutako kolorearekin berriz ikusteak, zeruak isilik egoteak… nekez kontsolatuko dituzte tripa bete ezinik dauden herritarrak. Horiei alferrik esango diezu kapitalismoa bera dela gaixotu dena eta hemendik aurrera gauzak hobetu egingo direla.

Arundhati Roy idazleak Indiako eta Txinako agintarien koronabirusarekiko erabakiak alderatu ditu “Financial Times” egunkariak argitara emandako artikuluan. Gogorarazten du Pekin iazko abenduan Wuhanen antzemandako birusaren aurkako borrokan saiatzen ari zen bitartean, Indiako Gobernua bere aurka milioika lagunek egindako mobilizazioekin kezkatuta zebilela.

Eransten du Covid-19aren lehen kasua urtarrilaren 30ean izan zela Indian, Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak bere bisita ofiziala bukatu eta berehala. Baina Modik ez zuen orduan koronabirusaren aurka ezer egin beharrik ikusi eta ez zuen gaia bere agenda ikusgarrian sartu nahi izan: Donald Trump AEBetako presidenteak berak joan behar zuen Indiara otsail bukaeran. Gainera, Delhiko Parlamentua berritzeko hauteskundeak egin ziren eta BJP Modiren alderdiak galdu egin zituen.

Musulmanen aurka

Idazleak esplikatu duenez, Modiren aldekoek Delhiko musulmanak zigortzea erabaki zuten hauteskundeetan porrot egin ondoren. Hiriburuko ipar-ekialdeko langile auzoetara joan ziren alderdi erlijiosoko miliziano armatuak, Poliziaren babesarekin. Etxeak, dendak, meskitak eta eskolak erre zituzten. Musulmanek kontraerasoa egin zuten, hinduen erasoaren zain zeuden-eta. Berrogeita hamarren bat hildako, musulmanak gehienak. Milaka lagunek ihes egin behar izan zuten… kanposantuetara. Modiren India modernoan, errefuxiatu eremu bihurtuta dituzte hilerriak.

Osasunaren Mundu Erakundeak martxoaren 11n iragarri zuen Covid-19a pandemia bihurtuta zegoela. Hala ere, handik 48 ordura Modiren Gobernuko Osasun Ministerioak adierazi zuen koronabirusa ez zela «osasun larrialdi bat». Arazorik ez zegoen, beraz, India ofizialean.

Ikuskizuneko izar nagusia, agintaria bera jakina, martxoaren 19an telebistan agertu zen arte. Lehen ministroak Paris eta Erromako agintariek eskainitako errezeta berberak jarri zituen mahaiaren gainean, «urruntze soziala» goraipatu zuen eta «herriaren etxeratze-agindua» kontzeptu berria asmatu zuen. Martxoaren 22rako bere interesen aldeko festa antolatu zuen: lapiko-protesta, herritarrak balkoietan, Txinan eta Europan bezala, zalaparta eragiten osasun langileen ahalegina eskertzeko.

Hitzaldi hartan, esanguratsuagoa izan zen adierazi gabe utzi zuena. «Ez zuen esan India norbera babesteko ekipamenduak eta arnasgailuak esportatzen aritu zela asteotan, bertako erietxeentzat eta osasun langileentzat gorde beharrean», azaldu du Arundhati Royk.

Informazio hori ondo ezkutatuta zegoen eta, horrela, Modiren aldekoak dantzan aritu ziren, prozesioak egiten… inolako urruntze sozialik gabe. Lehen ministroak telebistan esandakoaren zati hori ahaztuta zegoen. Erlijio ezberdinetako buruek otoitz egitera deitu zuten. Jainkoa da irtenbidea!

Egungo Indian «Jainkoaren pare» jartzeko moduan norbait egotekotan, lehen ministro ahalguztiduna izango litzateke. Martxoaren 24an, arratsaldeko zortzietan, Modi agertu zen berriz pantailan: «Gauerditik aurrera, India osoa itxita geratuko da; azokak, dendak, garraio publiko zein pribatuak». Hau da, 1.380 milioi pertsona, bat-batean, mugitu ezinik.

«Herriaren kontrako segada»

«Bere metodoak ikusita, badirudi Indiako lehen ministroak uste duela herritarrek bere aurkako indar bat osatzen dutela, eta horregatik herriaren kontrako segadak antolatu behar dituela, guztiak ustekabean harrapatzeko», Arundhati Royk esplikatu duenez.

Mumbai hiriko auzo apal batean, telebista zuen etxola bakarrean elkartu ziren herritarrak lehen ministroaren hitzak entzuteko. Koronabirusa dela-eta, herrialde osoa itxita edukiko zuela esan zien herritarrei; hiru astez dena geldirik. Rafiquek ez zuen ondo ulertu. «Hori ez da posible, lanik egin gabe nola jarraitu bizirik?», galdetu zien ondokoei, Jaume Sanllorentek kontatu duenez. Ordu batzuk lehenago, Rafiquek berak honela esan zion Sanllorenteri: «Birusak gurekin ez du zerikusirik. Lankide batek esan dit soilik aberatsen kontua dela, birusa politikari zuriek eta milioidun txinatarrek hartu baitute soilik».

Auzo horretan herritar askok Mumbai lehenbailehen uztea erabaki zuten, nahiz eta trenak eta autobusak ere geldirik zeuden. «Hobe oinez abiatu eta hemendik egun batzuetara jaioterrian egon, hemen gosez hiltzea baino», esan zien auzotar batek kazetariei.

Hiriburuetan bizitzea oso garesti ateratzen zaie, jaioterrian baino askoz ere garestiago, eta lanik gabe utzi dituzten honetan, ihes egiten saiatzea beste erremediorik ez dute.

Dendak, jatetxeak, lantegiak eta eraikuntza konpainiak itxita, aberatsak beren auzoetara joan ziren. Horietan itxialdia samurragoa da.

Langileak kanporatu

Aldi berean, langile migratzaileak, nekazaritza eremuetatik etorritakoak, kanporatu egin zituen hiriburuak. «Enplegatzaileek eta jabeek langile asko kanporatu zituzten, gosez eta egarriz dauden milioika pertsona pobre, gazteak zein zaharrak, gizonak zein emakumeak, umeak zein helduak, gaixoak, itsuak, desgaitasunen bat dutenak. Hirian nora joan ez zuten eta, garraio publikorik gabe, beren herrixketara itzultzeko bide luzea hasi zuten. Egunak egin dituzte bidean, Badaun, Agra, Azamgarh, Aligarh, Lucknow edo Gorakhpurera joateko. Ehunka kilometro. Batzuk bidean geratu dira», idatzi du Royk.

Poliziaren burlak

Adituek jakitera eman dutenez, tankerako egoerak bizi behar izan dituzte milioika indiarrek. Beren estatuetatik irten eta hiriburuetara joaten diren langileek Indiako ekonomiaren %10 mugitzen dute. Konfinamendua modu horretan ezarri izanaren ondorioz, milaka langilek kilometro asko egin dituzte oinez eta kasu askotan Poliziaren jarrera erasokorrari aurre egin behar izan diote.

Mendebaldeko telebista kateetan arrakasta izan dute Indiako agenteek oinez doazen langile horiei egindako irainak eta burlak. Herrialdean bertan Poliziari leporatu zaio etxeratzeko agindua era zorrotzegian betearazi izana, eta kasu askotan herritarrei kalean zergatik dauden galdetu ere egin gabe. Ibiltari batzuk makurtu eta kokoriko jarrita aurrera egitera behartu zituzten. Bareilly hiriko kanpoko aldean, gazte talde bat aerosol bat erabilita gai kimikoren batekin “garbitu” zuten.

Delhiko exodo hori hasi bezain pronto, Roy idazleak bere prentsa txartela erabili zuen Uttar Pradesh estatuko mugara joateko. «Irudia biblikoa zen. Agian biblikoa ez, Bibliak ezingo zituen horrelako zenbakiak ezagutu-eta. Urruntze soziala behartzeko abian jarritako isolamenduak guztiz aurkakoa eragin zuen: konpresio fisiko pentsaezina. Hori egia da Indiako herri zein hirietan. Errepide nagusiak hutsik egon daitezke, baina herritar pobreak etxolatan eta baztertutako auzoetako gela estuetan pilatuta daude», deskribatu du kronikariak.

«Nirekin hitz egin zuten ibiltari guztiak zeuden birusarengatik kezkatuta. Baina kezka hori ez zen berehalako langabezia, gosea eta Poliziaren indarkeria bezain zehatza, beren bizitzan ez zegoen hain presente», Royk idatzi duenez.

Begiraleek kontatu digutenez, Indiako estatuetako agintariak hobeto portatu dira herritarrekin, Modiren Gobernua baino, AEBetan gertatzen ari denaren antzera. Sindikatuek, herritar boluntarioek eta beste kolektibo batzuek elikagaiak banatzen dituzte, larrialdiari aurre egin nahian.

Modiren Exekutiboa mantsoegi ibili dela ere salatu da. Hedabideek jakinarazi zuten lehen ministroaren Laguntzarako Funtsa Nazionalak, horrelako egoeretako propio prestatutakoa teorian, xentimorik ez zuela, eta agintariaren jarraitzaileek emandako dirua beste toki batean pilatu dela. Eta leku horretan lehen ministroaren aurpegia grabatuta duten laguntza paketeak banatzen dituztela. Betiko ustelkeria, hurrengo hauteskundeak erraz irabazteko.

Asteazkeneko datu ofizialen arabera, Covid-19ak 1.007 lagun hil ditu Indian.

 

Munduko farmaziak bere ateak zabalik ditu berriz

Egungo pandemiak ezkutuan zeuden arazo eta fenomeno asko agerian utzi ditu, esaterako, herrialde askok atzerrian ekoiztutako medikamenduekiko duten erabateko menpekotasuna, batez ere Indian egindako botikekiko menpekotasuna.

Asiako herrialdea da munduan sendagai generiko gehien esportatzen duen potentzia. Indiako Gobernuak hamalau printzipio aktibo eta beren formulazio eratorriak esportatzea debekatu zuen, baina azkenean atzera egin du, beste herrialdeek eskatuta. Acyclovir izeneko farmako antibirikoa zegoen atzerrian saldu ezin ziren horien artean. Azkenean, «elkartasunez» Gobernuak nabarmendu zuenez, debekua altxatzea erabaki dute Delhiko agintariek.

 

Kutsadurak hilgarriago egiten du Covid-19a

India da munduko herrialderik kutsatuena, atmosferari dagokionez, eta koronabirusa kaltegarriagoa da aire kutsatua arnasten urte asko egin dituzten herritarren artean. Bi faktore horiek kontuan hartuta, pentsa daiteke egungo izurritea inon baino tragikoagoa izango dela bertan.

Suitzako IQAir konpainiak iaz egin zuen ikerketa baten arabera, munduko 50 hiri kutsatuenetako 25 Indiakoak ziren. Kutsadura hain presente egonda indiarren bizitzan, «oxigeno tabernak» zabaltzen hasiak dira: “The New York Times” egunkariak eskainitako informazioaren arabera, Oxy Pure izeneko establezimenduan sei dolarren truke hamabost minutuko oxigeno saioa duzu. Aryavir Kumar jabeak azaldu du bezeroak zazpi barietate dituela eskuragai, bakoitza bere usain gozo propioarekin. Lisa Dwivedi ukrainar bezeroak ez daki «gauza psikologikoren bat izango ote den, baina ondo sentitzen naiz oxigeno purua hartzen ari naizela jakinda, hamabost minutu baino ez diren arren».

Covid-19ak eragin kaltegarriagoa du hirietan nekazaritza eremuetan baino, Harvardeko Osasun Publikoaren Eskolak egin berri duen txostenaren arabera. Italian eta Madrilen egindako ikerketek gauza bera ondorioztatu dute.