EDERLEZI KOSOVOKO ERROMANIEN FESTA, RAMADAN GARAIAN
Ederlezi izenekoa lau eguneko festa handia da erromani etniakoentzat. Uda ospatzen dute dantza eginez, alkohola edanez eta haragia janez. Aurten ramadanarekin batera iritsi da, musulmanen baraualdiarekin. Islamiarrak nagusi diren tokian, tradizio etnikoaren eta erlijiosoaren arteko kontraesanak bizi dituzte askok.
Maiatzaren 6ko goizeko zortziak dira, oso egun berezia Balkanetan: serbiarrek San Jorgeren festa ortodoxoa ospatzen dute; erromaniek, aldiz, gaur Ederlezi ospatuko dute, neguari agur esaten dion jai paganoa, tradizio migratzaileko herri honek aurrera ateratzeko Europan ibiltzeko behar duen argi berdea.
Aurten ezberdina da, iaz izan zen moduan. Gauza bera gertatuko da 2022ra arte: Ederlezi jaia ramadan garaian egokituko da. Horrexegatik, Plemetin Kosovoko herrian Mustafa familiak kontraesan hori bizi du, herritar askok bezala: erromani izanda, musulmanen fedeari eutsi. Izan ere, ramadanak eguzkia sartu arte ezer jan gabe egotera behartzen zaitu, eta Ederlezi, berriz, orgia liberal moduko bat da: jan, alkohola edan eta dantza egin. Kasu honetan, tradizio erlijiosoak talka egiten du erromanien ohiturekin.
Avni Mustafak 31 urte ditu. Ile gutxi eta azal beltzarana. Apala de gorputzez. Ezkerreko eskuan zerbeza lata bat dauka, eta ondo zorroztutako labana eskuinean. Metalezko egitura batetik zintzilik dauden bi ardi pusketatan ebakitzen ditu. Diru faltarik ez den etxe honetan, egitura bera kolunpio edo zabu moduan erabiltzen dute etxeko umeek festa amaitzean. Zalaparta izugarria den arren, Dai anaiak lo jarraitzen du. Atzo ramadana ospatu zuen: azken otordua goizaldeko lauretan egin ondoren oheratu zen. Bost ordu beranduago, beltzez jantzita, bere etxeko eskailerak jaisten ditu. «Ez daukat goserik, baina egarria bai. Ordu pare bat lo egitea lortu dut eta hobeto sentitzen naiz. Ramadan garaia izango ez balitz, haragi horri ez nioke ihesik egingo, baina gaur...», hasi zaie esplikatzen 36 urteko gaztea. Nortasun agiria erakutsi gabe, Avniren anaia bikia dela dirudi. «Ederlezi erromanien ospakizun nagusia da, baina aurten ramadanarekin batera etorri da eta egoera korapilatsuegia da. Baliteke ramadana bukatzean, nire aitaren laguntzarekin, ardi bat hiltzea». Konponduta, kontraesana.
Avni ardia zatitzen ari da Ramiza emaztearen laguntzarekin. Seme-alabak batetik bestera dabiltza. Gadjo edo atzerritarrari irribarre egiten diote. Hemen da Fatima, Tina etxekoentzat: ingelesez zerbait egiten du, eta primeran erromaniz eta serbieraz, baina, etnia bereko beste neska askok bezala, albanieraz ez du hitzik egiten. Gero Adis Tinaren anaia, Angjelina eta Sadri lehengusuak datoz.
Hostoak eta loreak
«Ederlezi jaia da erromaniontzat erabateko zoriona topatzen dugun unea», hasi zaigu Avni, lau eguneko iraupena duen festa esplikatu nahian. Kristauen San Jorgeren egunarekin batera hasten da erromanien ospakizuna.
Avnik kontatu digunez, Ederlezi festa iritsi aurretik, bezperan, goizean goiz, etxeko andreak ogia egiten du labean eta zuhaitzetako adarren irudiekin apaintzen du. Gizona esnatzean, lehenik eta behin txanpon batzuk jartzen ditu ogiaren gainean. Ondoren guztiak dotore-dotore jantzi eta ibaira joango dira. Mustafatarrek bi kilometro egingo dituzte. Bertan hasten dituzten errituek hostoak eta loreak dituzte erdi-erdian: «Hiru sahats ezberdineko hostoak hartu behar dira, onenen bila bide luzea egin eta gero. Ondoren, ibaiaren ondoan, umeak saltoka hasi eta etxeko buruak hostoak banatzen ditu, puntu zehatzetan utz ditzaten».
Bazkaltzeko garaia, etxeko andreak prestatu duena jateko ordua. Kosovon ohikoena flia jatea izaten da, gazta kremarekin betetako hostorea alegia. «Eguna egiten dugu horrela, edaten eta Balkanetako leku askotako erromanien musika entzuten. Hurrengo goizean, ibai ondoan hartutako sahats hostoekin eta belarrekin dutxatzen dira gizonezkoak», kontatu digu Avnik.
Ederlezi egunetan kolore gorria eta berdea nagusitzen dira. Lehen egunean neska-mutilak berdez jantzita ibiliko dira, zoriontasunaren kolorearekin alegia. Bigarrenean haragi-festa hasten da: erraiak gosaltzeko, afaltzeko ardiaren zatirik estimatuenak, hurrengo egunean haragi-zopa… Eta laugarren egunean ardia hiltzen du etxeko buruak eta etxean diren gizonen kopuruaren arabera zatitzen du: zati bat gizon bakoitzeko. Avnik bi ardi hil ditu, bat bere izenean eta bestea Adis semearen izenean. Isuritako odola biltzen du etxeko andreak metalezko ontzi zabal batean. Ondoren hatz bat odoletan bustiko du eta etxeko guztiei marka egingo die kopetan. «Gorria osasuna eta energia positiboa da», dio Avnik. Lagunak eta senideak hirugarren eta laugarren egunetan etorriko zaizkie.
Erromaniak, ijitoak, buhameak, motxaileak… Izen asko ditu egungo Indiako iparraldean jatorri duen herriak. Kosovora XIII. mendean iritsi ziren. Indiatik etorri ziren: seguru asko horrexegatik margotzen dute puntu gorria kopetan eta, arrazoi berarengatik, ibaian hostoak ipintzen dituzte.
Balkanetako beste ijito askok egin dutenaren aurka, Kosovoko erromani askok islamarekin bat egin dute. 1998 eta 1999 urteetako gerra hasi aurretik, garaiko giro nahasian, serbiarrei laguntzea leporatu zieten albaniar jatorriko kosovarrek, hau da, egun agintean daudenek. Oraindik ez dira zauriak itxi eta mesfidantza begi bistakoa da. Horrexegatik ez da harritzekoa ijitoek eta serbiarrek eskualde berberak aukeratzea bizitzeko, ghetto berberak, eta etorkizunari begira tankerako jarrera izatea.
2.000 biztanle eta bi eskola
Plemetin herria txikia da, ez baita 2.000 biztanlera iristen. Trenbideak bitan zatituta du. Ijito aberatsak eta pobreak, musulman kontserbadoreak eta heterodoxoak, serbiar ortodoxoak, droga trafikariak, autonomoak, soldatako langileak… Baina kalean batez ere haurrak ikusi ditugu, atzerritarrarekin harrotuta. Bi eskola dituzte: serbiarra eta albaniarra. Mustafatarren etxekoak serbiar zentrora joaten dira. Horregatik Tinak ez du albanieraz ikasi. Eta ezin da baztertu inoiz ez ikastea, bere adaptazio-nahasmendua larriagotzeko. «Oraindik ez dakit zergatik ditugun bi eskola», esan digu.
Bere egoera oso ohikoa da erromanien artean, une bakoitzean aurrera ateratzeko baldintzarik egokienak bilatzen aditu bihurtu den herrian. Eta hezkuntza eta osasun sistema paraleloen bitartez, Kosovoko kontuetan muturra sartzeko jarrera duen Serbiak Pristinako Gobernuak baino baldintza hobeak eskaintzen dizkie: 200 euro hilean, umea beren zentroan edukitzearen truke. Kosovoko Gobernuak 120 euro ematen ditu, kasurik onenean, bost urtetik beherako umeak albaniar zentrora eramateagatik.
Ijito batzuek bi pasaporteak dituzte, Kosovokoa zein Serbiakoa, bi aldeetatik iristen diren laguntzak hartu nahian. Herritar batek astean 50 ordu lanean egiteagatik hilean kobratzen duen kopurura ailegatzen dira modu horretan.
Beste aukera, kosovar askok nahiago dutena, Mendebaldeko Europara joatea izaten da, hilabete batzuk lanean egin eta Plemetinera urtebete lasai bizitzeko adina dirurekin itzultzeko.
«Erromaniok uda eta negua ditugu. Ederlezin udaren hasiera ospatzen dugu, ijitook migratzen hasteko garaia. Orain gauzak aldatu egin dira eta jendeak lan egiteko aukerak ospatzen ditu, etxera jateko zerbait ematekoa», esplikatu du Avnik erdeinuz begiratuta.
Plemetin Pristina hiriburutik 15 kilometrora dago. Oso kutsatuta utzi du bertako jarduera ekonomikoak. Kosovo A eta B zentral termikoek behar zituzten langileak bertan bizi ziren. Herriko gazte askok bezala, Daik uste zuen berak ere zentraleko langile bihurtu beharko lukeela. Ikasle ona izanik, osasun laguntzaile tekniko izateko ikasketak hasi zituen. Ikastaroa bukatu gabe utzi behar izan zuen, ezkondu egin behar zuen-eta. Aitak eskatzen ziona bete zuen, baina handik urte batzuetara, makina bat mediku eta espezialista bisitatu ondoren, dibortziatzea erabaki zuen emakumea antzua zelakoan, karga astunegia erromanientzat.
Atzerritarren etorrera
Zentral termikoetan lanean hasi ahal izateko meatze-teknikari formazioa jaso zuen garai hartan. Jaiotzak markatutako bidea zirudien, baina gerrak giroa aldatu zuen eta nazioarteko makina bat erakunde ailegatu ziren.
Itzultzaileak behar zituzten atzerritarrek, ijitoen komunitate itxian sartzeko gaitasuna duen jendea. Mutil bizkorra, ziztu bizian ingelesez egiten ikasi zuen Daik. Gaur egun erromaniekin, egiptoarrekin eta ashkaliekin lan egiten duen gobernuz kanpoko erakunde batekin sinatutako kontratua dauka. Agintariek hiru talde etniko ezberdintzat dituzte, baina Daik eta Avnik badakite guztiak erromaniak direla.
Influentzia-trafikoaren aurka dagoenez, Avnik esan digu ez lukeela anaia inoiz kontratatuko. Berak ijitoen eskubideen alde lan egiten duen erakunde bati ere laguntzen dio. Haserre, Kosovoko herritarren egoera zaila aldatzeko modu serioan borrokatu beharrean, dirulaguntza komunitarioak lortzea beste helbururik ez duten entitateen kontra hitz egiten du. Ramiza emazteak ere egiten du ingelesez. Gaztelaniaz egiten duena “Kassandra” telesailari esker ikasi du. Bikotea bizi den etxea, txalet bateko beheko solairua, Dairena da, nazioarteko laguntzei esker diru asko pilatzeko aukera izan baitzuen.
Jimmyrentzat egun berezia da: hiltzen duen lehen ardia du esku artean. Ramizak esaten dio labana nola eta nondik sartu, erraiak urratu gabe. Berehala ikasiko du, musikari izanik esku onekoa da-eta. Jimmy Mustafa Band bere taldearekin disko bat grabatzen ari da. Berak eta emazteak ospatzen dute Ederlez jaia, baina festako izarrak izan gabe: gizonak ez du ezer kantatzen eta musika hasi edo amaitzean ez du inolako keinurik egiten.
Ospakizun «deskafeinatua»
Avnirekin alderatuta, oso gutxi edaten du Jimmyk, Avdyl beste anaiak bezala: 32 urte dituen arren, umeekin ondoen pasatzen duena bera da. Berak dio oilaskoa eta barazkiak gustatzen zaizkion erromania dela, ez duela ramadana ospatzen, bai ordea «Ederlezi deskafeinatua», ardirik gabea alegia.
Tradizioen aldaketa aspaldi hasi zen. «Arbasoen garaian, herriko ijito guztiak elkartzen ziren Ederlezi ospatzeko. Orain, aldiz, bakoitza bere etxean dago, edan eta edan», onartu du Daik.
«Gerra hasi aurretik familia guztiak hilobi sakratu baten inguruan bilduta ospatzen zen. Nire aitonaren garaian, bugurdji guztiak (mustafatarrak) hara joaten ziren. Lagun, senide eta maitatutako pertsona horiek biltzea da niretzat Ederlezi jaiaren esanahia», ardoa edan ondoren Avnik kontatu duenez.
Gerraren ondorengo desilusioaren eraginez edo erromanien kastak hain batuta ez daudelako, islama gero eta indartsuago dago Kosovon. «Ni fededuna naiz, baina erromani gisa Ederlezi jaia ospatu behar dut. Komunitatea definitzen duen ohitura ospatzen ez duen herria beste zerbait bihurtzen da, ez dakit nola adierazi. Erromania den zerbait, zergatik ospatu gabe utzi?».
Sadri 60 urteko patriarka, Fatime emaztea eta Dai mahaian eseri dira ilunabarrean. Beraiek dira ramadana egiten ari diren bakarrak. Eguzkia ezkutatzean, ura edan eta datil bat jango dute, lokum izeneko gozokia dastatu baino lehen. Zopa, entsalada eta haragia. Daik goizean hildako ardia jango du, baina Sadrik eta Fatimek oilaskoa. Normalean, bi ospakizunak aldi berean izaten ez direnean, «Ederleziko haragia jaten dute, baina aurten kontzientziak ez die hori egiten uzten».
Daik berak edaten du alkohola eta urtean bitan joaten da meskitara. Ardia jateak ez dio arazorik eragiten, musulmanen festa batzuetan ere horrelaxe jaten dute-eta. Bera islama heterodoxoa da. Aitarenak, berriz, kontserbadoreagoa dirudi, baina ez da horrela: seme-alabei ez die ez edatea ez erretzea debekatu. Gainera, ulertzekoa da ramadan izanda, esku batean zerbeza edukita bestearekin hildako ardia jatea ez zaiola gauzarik egokiena iruditzen. Baina islamak onartzen ez duen haragia onartzen du berak bere etxean. Eta hori, familia kontserbadore batek, ezingo luke onartu.
Belaunaldiz belaunaldi
«Aitak egiten du ramadana, baina Ederlezi jaiari buruz dakidan guztia berak erakutsi zidan. Lehen aitonak egin bezala, eta nik semearekin egiten dudan moduan. Zer zaren esaten dizun tradiziorik izango ez bagenu, geure etnia arriskupean jartzen egongo ginateke», dio Avnik. Bere aitaz harro dago.
Gauerdia. Bakoitza bere etxera. Gehienek lasai egingo dute lo, baina Dai, Sadri eta Fatimek beste hitzordu bat dute hemendik bi ordutara: jan eta edan egin behar dute, eguzkia atera baino lehen.