Nerea Goti
IRAULTZARAKO POZOIA

«Pozoi Larroxa», LGTB+ kolektiboaren aterpe izan eta jendartea iraultzeko dosiak

Artikuluak, liburuak, filmak... dira «Pozoi Larroxa» liburuxkak banatzen dituen dosi askatzaileak. Itxialdian indarkeria pairatzen duten LGTB+ kolektiboko kideei zuzenduta dago bereziki, baina «injustua eta zapaltzailea den jendarteari aurre egiteko eta iraultzeko baliabideak» eskaintzen ditu, «sexu eta genero disidenteon erreferentziekin pozoituz».

Hiruki Larroxa kolektiboak konfinamendu garaiotako isolamenduari aurre egiteko pozoia prestatu du eta herritarren eskuetan jarri du ekarpen gisa. “Edabeak” ahalmen berezi bat izatea du helburu: lehengo normalitatera itzultzea baino, “normalitatea” irauli eta gizarte aske bat eraikitzea. Ekarpenari liburuxka deitu eta “Pozoi Larroxa” izenburua jarri diote.

«Sexu eta genero disidenteon berrogeialdirako biziraupen liburuxka» gisa aurkeztuta, mezu inspiragarri batekin hasten da “Pozoi Larroxa”: «utzi pozoi larroxak zure gorputz eta nahiak pozoi ditzan». Artikuluak, liburuak, fanzineak, musika, filmak, dokumentalak, telesailak, webgune interesgarriak... dira pozoi dosiak.

“Pozoi Larroxa” liburuxka LGTB+ komunitateari bereziki zuzenduta badago ere, interesa duen orok eskura dezake http://labur.eus/PozoiLarroxa0 estekan. Itxialdian giro itogarria izan eta etxeko hormen artean bizirauten duten horiek dira hartzaile nagusiak, baina gizarte askeago batekin amesten duen edonork badu bertan zer ikusi, irakurri, entzun, zerekin gozatu.

Ibai Fresnedo Hiruki Larroxa kolektiboko kidea da. GAUR8ri azaldu dionez, duela bi urte sortu zen elkarte formatua duen taldea. Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduaren baitan kokatuta, kolektiboa trantsizio garaian dagoela azaldu du, eta kooperatiba izatera igarotzeko asmoa duela.

Konfinamenduak eragin ditzakeen egoerei erreparatuta hartu zuten “Pozoi Larroxa” plazaratzeko erabakia. Errealitate horren argazki bat izateko, Estatu espainolean eginiko ikerketa baten ondorioetan jarri zuten begirada. Jakinda, hori bai, LGTB+ kolektiboko kideek bizi duten zapalkuntza sozialaren ondorioz, eta berau kalean zein etxean eman daitekeela, ez dagoela benetan ematen ari diren indarkeria egoeren jarraipen zehatza egiten ari den erakunderik.

Fresnedok zehaztu duenez, 2.000 lagun ingururi eginiko inkestetan oinarritutako ikerketa egin zen Estatu mailan, eta ateratako ondorioetako bat da itxialdian LGTB kolektiboko kideen %50 baino gehiago indarkeria egoerak pairatzen ari direla. Etxe barruko indarkeriaz gain, badira bestelakoak ere. Adibidez, lan eremuan, azterketak dio galdekatutakoen %30ek lana galdu dutela, batzuek behin-behinean eta beste askok behin betiko. Ildo horretan, kontuan izan behar da prekaritateak gogor kolpatzen duela LGTB+ komunitatea.

Bestalde, galdekatutakoen %60k familia eremuan senitartekoen diskriminazioa pairatzen dutela diote. Kasuistika askotarikoa da, Larroxa Kolektiboko kideak nabarmendu duenez. «Batzuek etxera itzuli behar izan dute konfinamenduan, alokairuan zeuden eta ordaintzeko diru nahikoa ez izateagatik itzuli behar izan dute familiaren etxera».

Beste datu kezkagarri bat ere utzi du inkestak: galdekatutakoen %6k depresioak jota daudela adierazi dute. «Asko bakarrik bizi dira, inguruan inolako laguntza sarerik edo babes finkorik gabe», nabarmendu du Fresnedok.

Inkestakoak Euskal Herriko datuak ez badira ere, estrapolagarriak direla uste dute Hiruki Larroxan. Diotenez, argazki orokor bat egin daiteke ondorio horiekin. «Askotariko egoerak azaleratu dira: ihesa dutenen errealitatea, egoera honetan ez daukatelako behar beste baliabiderik; adineko LGTB kolektiboko kideen kasua, batzuk egoitzetan daude, bakarrik bizitzen beste batzuk... Kasuistika zabala da».

Bestelako erreferentziak

Egoera ikusita, «beharrezkoa ikusten genuen itxialdian dauden lagunei bestelako erreferentzia eta ereduak eskaintzea, bestelako baliabide batzuk ematea, beraien errealitatera hobeto egokitzen direnak eta seguruenik beraien errealitatea hobeto islatuko dutenak».

“Pozoi Larroxa” plazaratzeko arrazoi ugari dago, beraz. Fresnedok izenaren zergatia azaldu du: «Pozoia beti modu toxikoan ulertu ohi dugu. Baina liburuxkaren atzean dagoen sormena ikusita, guk Euskal Herrian sorginek zabaldu zuten jakintzari aitortza egin nahi izan diogu, naturari lotutako horri, landareen pozoia neurrian erabiltzen jakiteari. Ideia horretatik tiraka eratu nahi izan dugu ‘pozoi larroxa’, egungo jendarte heteropatriarkal, kapitalista eta kolonialista sexu askapen erreal eta erradikalarekin zipriztintzeko ‘pozoia’, betiere, mezu positibotik eta aldarrikatzaileak ardatz hartuta».

Ez da erraza izan hain eduki ezberdinak liburuxka batean biltzea, ezta aukeraketa egitea ere. Azkenean, zenbait irizpide jarraitu eta «denetariko baina ez edonolako» edukiak hautatu dituzte. Liburuen atalean, esaterako, Fresnedok azaldu duenez, garrantzitsua iruditu zaie eleberriak eta saiakera politikoak uztartzea. «Dena da politikoa, baina beste mundu edo ametsetan desagertzeko eleberriak ere oso egokiak direla pentsatu genuen», zehaztu du.

Aukeraketa, neurri handi batean «nahiko pertsonala» izan dela onartu du Fresnedok, baina erro bat dute lan guztiek: heteroaraua oso presente duten eguneroko edukietatik urruntzea. Industria hegemonikoak sortzen dituen baliabideetatik kanpoko alternatibak bilatzea izan da beste irizpideetako bat, eta ez da erraza izan Fresnedok onartu duenez.

Euskara izan da aukeraketa egiteko beste ardatzetako bat. «Euskaldunak gara eta identitate gutxituez hitz egiten dugun unetik hizkuntza gutxituei ere aitortza egin nahi izan diegu», azaldu dute egileek.

Liburuxkak Euskal Herriko eragileei eskainitako atal bat dauka. «Gure lana eta borroka kolektiboak dira eta ez gara Euskal Herrian horrelako aldarrikapenak egiten bakarrak, hamaika gara eta horren aitortza ere inportantea zen», nabarmendu du Fresnedok. Horrekin lotuta, zenbait data esanguratsu biltzen ditu liburuxkak, itxialdian aldarrikapenak eta borrokak kalera eramateko zailtasunaren jakitun, horiek lehen planoan jartzeko.

Amaitzeko, “Pozoi Larroxa” ekarpenei zabalik dagoela argi utzi dute bultzatzaileek. Izan ere, dosi berriak zabalduko dituzten zenbaki gehiago kaleratzeko gogotsu dira.