Iñaki Altuna

Zoritxarra iragarri edo mezu eraldatzailea indartu

Alarma egoera eta larrialdi egoera berretsi dituzte hurrenez hurren Estatu espainolean eta Estatu frantsesean. Luze joan da orain arte Covid-19ak eragindako krisia, eta aurrerantzean ere halaxe izango da: luze joko du eta ertz asko izango ditu, ez baita ez epe laburrean ez egun batetik bestera desagertuko. Mundu osoa kolpatzen ari den larrialdiak erabateko aldaketa ekarri dio gu guztion bizitzari.

Muturreko aldaketa izan da gaitzak eragindakoa eta, azken asteotan maiz askok esan bezala, oso ohikoak genituen arazoak eta gabeziak ageri-agerian utzi ditu. Murrizketen erruz, azken urteotan osasungintza noraino kaltetu duten ikusi dugu, urte horietan guztietan diru mordoa beste kontu batzuetan xahutzen zen bitartean, betiere interes jakin batzuen mesedetan. Murrizketak egon dira eta jende askok, langile askok gorriak pasatu ditu azken hamarkadan, baina bakarren batzuen irabaziek gora eta gora egin dute bien bitartean. Eta errealitatearen bi alde horiek –eskasia askorentzat, oparotasun lizuna gutxi batzuentzat– sistemak muin-muinean duen bidegabekeria utzi dute azalean.

Aldaketa handia izan da, bai, baina aldaketa horren barruan ere egoera mugitzen ari da, kasik une oro. Garrantzitsua da hemendik onik atera eta beste etorkizun justuago bat nahi duten sektoreak eta eragileak adi egotea, eta egoeraren arabera perspektibarekin erantzutea. Ez da nahikoa arrazoia edukitzea, asmatu ere asmatu behar da betikoek betikoa indar ez dezaten.

Bistan da EAJk oso zakar ekin ziola krisiaren kudeaketari, Zaldibarren penagarri aritu ostean, burua galdutako boxeolariaren antzera. Urkulluk ez zuen arrazoia, ezta pittin bat ere, eta oso nabarmen geratu zen alarma egoeraren hasieran oso eskas aritu eta hauteskundeekin hainbeste tematu zenean, amore eman behar izan zuen arte. Ez zuen arrazoia eta ez zuen, gainera, herritarren kezkarekin konektatzea lortu.

Horri buelta ematen saiatzen ari da EAJ. Ez arrazoi bila hasi delako. Horretarako bere lehentasunak aldatu beharko lituzke. Bereari eutsiz, gizarteren gogoarekin nola edo hala kointziditzen ahalegintzen ari da, eta horretarako konfinamendua arintzeko gero eta zabalagoa den gogoa eta ondorio ekonomikoek sortzen duten kezka jarriko ditu erdigunean. Berriro ere normaltasun jakin bat sortzeko. Hitz bitan esateko, AHT lehentasuntzat duen normaltasunera bueltatzeko.

Beste normaltasun bidezko bat aldarrikatzen dutenek –hain zuzen, gaiari merezi zuen garrantzia eskaini ziotenek eta, besteak beste, hauteskundeak bertan behera geratu behar zirela esan zutenek– une oroko aldaketa horiei ere erreparatu behar diete, beti bandera berak edo modu berean astintzea ez baita baitezpada egokiena, arrazoia izan arren. Gizarteak zoritzar-igarletzat hartzen baditu mezu eraldatzailearen indarra galdu egingo da. Pandemiak bigarren buelta txar bat badu, denontzat zorigaitza; eta halakorik ez badago edo hain larria ez bada, «gero eta okerrago, gero eta hobeto» politika egitea leporatuko diete.

Horregatik garrantzitsua da egoeraren arabera aurrera begirako mezua egituratu eta proposamen gaitasuna izatea; jakina, pertsonak, osasuna eta herria erdigunean jarrita, ez katastrofea datorrelako, etorkizun hobeago bat eraiki nahi delako baizik, krisi larriei ere aurre egiteko gai izango dena. •