Juantxo EGAÑA

Maurice Ravel Lekarozen beste euskal musikari batzuekin

Irudi hau berezia da, lau euskal musikari eta konpositore garrantzitsu agertzen dira. Argazkia Lekarozko ikastetxean egina da, Nafarroan, 1927ko uztailaren 31n. Egun hartan, Maurice Ravel Ziburuko konpositoreak bisita egin zien Lekarozen kaputxinoen ordenako bere lagun Jose Antonio Zulaika (Aita Donostia) konpositore donostiarrari eta Casto Inza (Jorge Riezu) Deierriko musikologoari. Bisita hartan, Alejandro Maria Olazaran (Hilario Olazaran), Lizarrako kaputxino, musikagile, organo-jotzaile eta txistu eta danbolin irakasleak konposizio batzuk eskaini zizkion Raveli. Bidaia hartan, besteak beste, Francisco Urcola arkitekto, Gipuzkoako probintzia-diputatu eta Jose Maria Usandizaga konpositore donostiarraren laguna izan zen Ravelekin. Fermin Goñik “Lecároz en 100 palabras” liburuan dioenez, egun hartan Ravelek bere “Sonatina” jo zuen pianoz. Agazkiaren egilea ezezaguna da, ziurrenik kaputxino batek egina den arren, eta, bertan, ezkerretik hasita, Hilario Olazaran, Damaso de Elizondo (errektorea), Maurice Ravel, Aita Donostia eta Jorge Riezu ageri dira ikastetxearen sarreran. Gaur egun, Iruñeko Kaputxinoen Artxibo Historiko Probintzialean Lekarozko ikastetxearen hasieratik egindako 15.000 argazki daude.