Antton Izagirre

Inoiz baino gehiago

Maiz entzun ditugu azkenaldian, gure inguru zabalean, dena galduta dagoela dioten mezu apokaliptikoak: «Ez dago zer eginik». «Kontrolatuta gaude». «Nahieran erabiltzen gaituzte». «Gure pentsatzeko gaitasuna ere erabat moldatu digute eta, hori gutxi balitz, orain maskara erabili behar derrigor, hitza ere ukatu digute!».

Sistemak nahi zuena lortu omen du birus ikusezin baten aitzakian. Gure herriko kaleetatik desagerrarazi omen dituzte pentsiodunen aldarrikapenak, burujabetzaren aldeko aldarriak, askatasun eta eskubide zibilen aldeko borrokak, lan eta eskubide sozialen errebindikazioak. Halako analisi zalantzagabeak, zertarako eta ideia horiei jiraka hasierako puntu berera itzultzeko; hau da, dena egina dagoen usteari biraka jarraitzeko. Horrelako arrazonamenduen aurrean batek ez du jakiten zer jokabide hartu: ondoan jesarri eta ildo beretik etsipenaren diskurtsoan murgildu ala abiapuntutik bertatik uko egin ikuspegi mugatuko hitz-jarioari. Zalantza dugu horrelako jarreren atzean ez ote dagoen erabateko konformidadea, dena kanpotik baldintzatua dagoenez, ezer egin gabe jarraitzeko; etsipena baino gehiago, konplazentzia.

Ezin ukatu azken garaiotako baldintza indibidual eta kolektiboek asko mugatu dutela orain arteko kaleko jardun sozial eta politikoa, norbanakokoen baldintza pertsonalek, psikologikoek eragina dutela ekimen kolektiboan, lehentasunak aldatu egiten direla, baina benetako galbidea litzateke pandemia honi, eragindako kalteen artean, gure pentsamendua, balioak eta helburu estrategikoak eraldatzeko gaitasuna aitortuko bagenio.

Norbaitek justifika lezake EAJ-PSEren gobernu akordioan erabakitzeko eskubideaz egindako saldukeria, pandemia garai honek eskatzen duenaren neurriko erantzun modura? Ez, birusa ez da arazoa, borondate politiko eza baizik. Aurreko borroka eta aldarrikapenetan konprometitua egon denaren jarrera eta borondatea ezin dira etsipena edo konplazimendua izan. Garai aldrebesotara jardun eta borrokak moldatu beharko ditugu, baina ez pentsaera, nahia eta borondatea galdu. Orain, inoiz baino gehiago. •