Pablo Ruiz de Aretxabaleta
POBREZIA LARRIAN

Hozkailua, armairua eta «maitasun gela» dauzkate Bruselan etxegabeek

Pobrezia larrian, etxe gabe eta kalean bizitzera behartuta dauden pertsonek janaria, arropa eta harremanetarako guneak aurkitu ditzakete Bruselako kaleetan erakunde batek abian jarritako proiektuen bitartez. Pertsonen duintasuna da asmo nagusia. Horiekin batera, «jaioberriak uzteko kutxa» irekitzeko baimena jaso dute.

Corvia gobernuz kanpoko erakunde belgikarrak Bruselan jaioberriak modu anonimoan uzteko lehen kutxa irekitzeko baimena jaso duela iragarri zuen joan den irailaren 3an.

Hiru urteko auziaren ostean, elkarteak sistema hori irekitzeko baimena jaso du, Evere barrutian, hain zuzen ere, eta seme-alabei uko egin nahi dieten gurasoek modu anonimoan utzi ahal izango dituzte.

Ez da munduan horrelako sistema bat erabiltzen den lehenengo tokia. Berez, Belgikan bertan lehen ”haurtxoentzako kutxa” Anberesen jarri zuten duela hogei urte. Alemanian eta AEBetan ere bi hamarkada daramate kutxa horiek erabiltzen.

Pierre Muylle Bruselako Evere barrutiko alkate ohiak emandako debekua bertan behera utzi zuen Estatu Kontseiluak. «Pozten gara, haur bakoitzak etorkizuna izateko eskubidea izan beharko lukeelako», adierazi zuen Mathilde Pelsers Corviako bozeramaileak, eta urriaren hasieran jaioberrientzako kutxa ireki ahal izatea espero du.

Ekimena Martxan jarri behar zuten 2017ko irailaren 21ean, baina aurreko alkateak egun horretan bertan debekatu zuen. Orduan, gobernuz kanpoko erakundeak prozedura bat hasi zuen Estatu Kontseiluan, erabaki hori bertan behera uzteko, eta argudiatu zuen ez zuela adingabeak abandonatzera bultzatzen, baizik eta «amei aukera bat eskaintzen» ziela «haurra segurtasunez uzteko».

Hori dela eta, azkenean debekua bertan behera geratu da eta, horrez gain, Ridouane Chahid Evereko alkatearen babesa dauka.

Jaioberrientzako kutxak kritikak jaso ditu, askotan iritzi erlijiosoei lotutakoak. Batez ere Ameriketako Estatu Batuetan. Corvia erakundearen kasuan, bederen, pobreziaren aurkako ekimen gisa aurkezten dute eta ez da haien egitasmo bakarra.

Belgikan etxerik gabeko pertsonentzako hainbat proiektu garatu zituzten duela zenbait urte, janaria banatzeko, arropa duinak janzteko edota sexu harremanak duintasunez izateko ere.

«Ama batzuek umeak leku publiko eta arriskutsuetan abandonatu dituzte. Haurtxoen kutxak aukera ematen die amei jaioberriak leku seguruetan uzteko», azaldu dute ekimenaren inguruan.

Kutxa hori Evere hiriko Tilleul kaleko 405. zenbakian dago. Edozein ordutan eta egunero erabil daiteke. Amak «ate berde txikia» bultzatu behar du. Barruan habia goxo bat dago, eta han utz dezake haurra.

Leku horretan Corvi erakundeari buruzko informazioa eta puzzle pieza bat agertuko dira halaber. Pieza horrekin, amak bere haurra identifikatu ahal izango du etorkizunean, nahi badu. Behin kaxako atea ixten denean, giltzaz itxita geratzen da. Kutxako atea zabaltzen denean, alarma pizten da eta automatikoki abisua ematen dio atezainari. Amak atea itxi eta alde egiten duen arte. Mediku bat berehala joango da jaioberriari lehen arreta eskaintzera.

«Anonimotasuna eta segurtasuna bermatzea lehentasuna da», azaldu du Corviak.

Hozkailuak eta armairuak

Pobrezian bizi diren pertsonei laguntzeko gainerako egitasmoen artean, hozkailu bat kokatu dute Lambermont bulebarrean, Open Free Go proiektua –ingelesezko hozkailu hitzarekin jolastuz–.

Horrela, banaketa enpresa handiek, autonomoek, auzoko bizilagunek edo edozein pertsonak janaria sar dezakete. «Hemen, Belgikan, goseak dirau», diote Corviako arduradunek, eta, era berean, zerbitzu horren erabiltzaileen kopurua gogoratu dute. Hilaren amaierara iristen ez den eta askotan elikagaiak erosi ezin duen jendeak ateratzen du hozkailu horretatik behar duena.

Pobrezian bizi diren pertsonek jantzi egokiak izateko garrantzia ere nabarmendu dute, eta ez soilik hotzetik babesteko, «arropak eta nortasunak garrantzi handia dutelako gaur egungo gizartean». Izan ere, presio sozialak pisu handia du pertsonen irudian eta hartzen den lehenengo inpresioak eragin handia du pertsona horrek jasoko duen tratuan. Modu horretan, pobrezian bizi diren pertsonek arropa zikina eta urratuta erabiltzen dutela dioen klixearekin bukatu nahi dute.

«Pertsona horiek ere arropa polita eta haien gustukoa eta haiek aukeratuta erabiltzeko eskubidea dute», aldarrikatu dute erakundeko kideek.

Hori da, hain zuzen, 2015ean ireki zen Open armairuaren helburua. Baina ez helburu bakarra. «Interesen arabera pertsonak elkartzea eta hirian isolamendu soziala gutxitzeko» asmoa ere badute. Pertsonak elkartuz ez ezik, berraktibatuz eta haien autokonfiantza indartuz, gizartean haien hiritartasun osoa eraikitzeko.

Duela hiru urte 2.150 jantzi erabili ziren, osagarriez gain (bufandak, txanoak, imitaziozko bitxiak, galtzerdiak….), eta 245 erabiltzaile izan zituzten.

Baina arropa ez da armairu horiek eskaintzen duten gauza bakarra. Pobrezia egoera larrian dauden pertsonek beren buruarenganako konfiantza hobetzen dute, jendartean integratzeko urrats gisa, denbora pixka bat eskainiz egitasmoan parte hartzeko.

Gizarte ostatua

Bruselan ere gizarte ostatuak ireki dituzte, desgaitasunak dituzten pertsonek bizitza inklusiboa izateko, «eskubide eta betebehar berdintasunean», eta bertan bizi daitezke epe labur, ertain edo luzean.

Bizilagunek ostatua eta bizimodu erosoa aurkitu eta bertako bizitzan parte har dezakete, zeregin asko, borondatez, bere gain hartuz. Helburua da pertsona horiek esparru “normal” batean integratzea. Esate baterako, desgaitasuna duen, egoera zaurgarrian dagoen edo arazo psikologikoak dituen pertsona bat modu independentean bizi daiteke auzo eroso batean, eta ez dago gizartetik isolatua.

Corviak bizilagunen eskubideak errespetatzeko garrantzia nabarmendu du, haien autosufizientzia eta independentzia sustatzen baita eta mugitzeko askatasuna bermatu.

Etxerik gabeko pertsonek ere proposamenak egin dizkiete erakunde arduradunei beraien beharrak azpimarratzeko. Bilera horietan mahai gainean jarri da, batez ere emakumeek, kalean pairatzen dituzten erasoei –hitzezkoak zein fisikoak– aurre egiteko beharra.

Horregatik, “erasoen aurkako kit” bat sortu dute. Eta horretarako kontuan hartu dute emakume horiek erasoak jasaten dituztenean gertatzen dena. Haien garrasiek gehienetan ez dute inolako erantzunik jasotzen. Inor ez doa kalean bizi den emakume bat laguntzera, jendeak ez du erantzuten eta ez ikusiarena egiten dute gehienek.

Love Room, maitasunerako gunea

Ospetsua ere izan zen duela urte batzuk Corvia erakundeak ireki zuen Love Room (“Maitasun Gela”) delakoa; hori ere etxerik gabeko pertsonekin haien beharrez hitz egin ondoren jarri zen abian.

Etxerik gabeko bikoteek afektu eta intimitate une bat aurkitzeko zailtasunak izaten dituzte. Afektuaz eta intimitateaz gain, pribatutasuna ere gai garrantzitsua dela gogorarazi dute. Kalean norbaitekin oheratzea, musukatzea edo elkarrizketa garrantzitsu bat izatea oso zaila da jendeak eta hotzak inguratuta. Ohiko harrera zentroetan ere ezin du bikote batek bakarrik egon.

Kasu horretan ere, erakundeko boluntarioek nabarmendu dute etxerik gabeko pertsonek, gainerako herritarrek bezala, afektua eman, jaso, maitatu eta harremanak eraiki behar dituztela. Eta, are gehiago, bereziki dela garrantzitsua pertsona horientzat, bakartasunari eta eguneroko arazoei aurre egiteko.

Segurtasuna ere aipatu dute; izan ere, kalean bizitzeko, bi lagun izatea bakarrik egotea baino seguruagoa da, eta bereziki emakumeen ikuspuntutik.

«Egun batean batek esan zidan: ‘Nazkatuta nago ipurdia kalean erakusteaz. Zer edo zer egin behar da’. Orduan Love Room proiektua gauzatu genuen», azaldu du Corvia erakundeko arduradunak.

Harremanetarako gela hori Bruselako lorategi lasai batean kokatuta dagoen etxe txiki bat da. Bertan bikoteek aurkitzen dute intimitatea, pribatutasuna eta segurtasuna. Horrela, eguneroko ingurunetik aterata, elkarrekin egoteko eta erlaxatzeko denbora dute.

Zerbitzu horri lotuta, zaintza eta sexualitateari buruzko informazio gunea daukate eskura. Halaber, bulego mediko baten laguntza hartzeko aukera dute. Lantaldea mediku batek, erizain sozial batek eta bi hezitzailek osatzen dute. Garbitu, zauriak sendatu, presioa hartu edo kondoiak doan eskuratzeko aukera dute erabiltzaileek. Baita ere higienerako tresna batzuk (hortzetako eskuila, xaboia, ispilu bat, xanpua…).

Zerbitzu horrek, gainera, beste baliabide batzuen berri izateko aukera ematen die, askok ez baitakite Bruselan zer bizitoki eta erakunde sozial dauden eskuragarri.

 

JAIOBERRIEN KUTXAK AEB-etan eta korean

Jaioberrientzako kutxak ez dira berriak. Egia esan, Erdi Aroan praktika arrunta zen haurrak komentuen aurrean uztea. Gaur egun badaude AEBetan, Alemanian, Pakistanen, Polonian, Errusian, Malaysian, Suitzan eta Hego Korean, baina hasiera batean kalean utzitako haurrak ez hiltzeko eta zaborretan ez uzteko alternatiba egokia dirudien arren, zalantzak eta kritikak ere sortu dira.

Egitasmo horiek, kasu askotan, ideia erlijiosoei lotuak daude, batez ere abortuaren kontrako erakundeek bultzatzen dituztelako. Hala da Safe Haven Baby Boxes ekimena, Ameriketako Estatu Batuetan.

Monica Kelseyk aitortu du irizpide horrekin jarri zela abian programa hori, aldi berean abortuaren kontra aritzeko.

Kelsey bera bere amak abandonatu zuen, hamazazpi urterekin bortxatua izan ostean, eta hori izan zen, hain zuzen, ekimena martxan jartzera bultzatu zuen beste arrazoia.

«Bizitzak salbatzea da helburua», nabarmendu du. Kutxa erabiltzen duten emakume askok ere erantzun zuten ez zeudela abortuarekin ados.

Beste arazoa da ekimen horiek laguntza hori behar duten pertsonengana iristea. Emakume bat, bakarrik, edozein tokitan erditu ondoren, autobus batean edo taxi batean igoko da eta kutxa dagoen tokiraino joango da?

Erdi Aroan ospitaleen, elizen eta umezurtz etxeen ondoan jartzen ziren upeletan utz zitzaketen jaioberriak. “Kaxako umeak” ziren.

Azken hamarkadetan Hego Korean, Polonian, Pakistanen eta Alemanian agertu dira berriro. AEBetan 2016an. Han, hiru estatuk lege propioak onartu dituzte kutxa horiek arautzeko.

Indianan jarritako jaioberrientzako kutxa estatu horretako zazpigarrena da. Postontzi baten itxura du, baina konplexuagoa da. Tenperatura erregulatzeko gailuak eta sentsoreak ditu. Haur bat barruan jartzen dutenean, isileko alarma bat pizten da eta larrialdietako zerbitzuak bost minutu baino lehen irits daitezke.

«Azken aukera da», nabarmendu du Safe Haven Baby Boxes erakundeko Priscilla Pruittek. Herri txikietan emakume gazte askok ez dute nahi jendeak haurra izan dutela ikustea. Ohion eta Pennsylvanian ere badira horrelako kutxak.

Ameriketako Estatu Batuetan legez kontrakoa da haurrak abandonatzea. Baina Aterpe Seguruaren Legearen arabera, toki seguru batean uzten badira haurrak, ez da delitua.

Hego Korean ere antzeko ekimena sortu da eta badu, halaber, kutsu erlijiosoa. Seuleko Jusarangeko Eliza Komunitarioak abian jarri zuen laguntzarik ez duten amek modu seguru eta anonimoan haurrak uzteko. Hego Korean lotsagarritzat jotzen da ama ezkongabea izatea eta adopzioa ere ez dago ondo ikusia. Eliza Komunitarioaren arabera, astero lauzpabost jaioberri abandonatzen dituzte eta lege aldaketa izan zenetik, kopurua %900 igo da.

Haurrak uzten dituzten emakume gehienak nerabeak dira. Kritikoen arabera, jaioberrientzako kutxek arazoa okertzen dute, abandonatzea errazten baitu, baina Elizaren ustez, beste ezer ez dutenentzako laguntza baino ez da.