Miren Azkarate Badiola

Argi naturala nahiago gosaldu eta gero

Zurrumurrua zabaldu zen: bazirudien 2019a izango zela ordu aldaketa egingo genuen azken urtea. Baina, 2020a iritsi zen eta aurreko astean urteko bigarren ordu aldaketa egin genuen, udazkenekoa edo negukoa. Beti entzun dut energia aurrezteko egin ohi dugula ordu aldaketa, baina, zer nahi duzue esatea, ez dut ulertzen. Zinez, norbaitek erantzuna ongi azaltzen baldin badaki, gustu handiz entzungo nioke. Ez dakit zuei gertatzen zaizuen, baina niri behintzat neguko aldaketa horrek energian eragiten badit, aldaketa hori nire energia xahutze aldera izaten da eta, aldiz, etxeko gastuen ordainketak (beste energia mota) garestiagoak dira. Animikoki tristeago nago arratsaldeko 18:00etan gaueko 00:00etan bezalako iluntasuna edukita eta horri gehitu argiaren faktura iristean jasotzen dudan zaplaztekoa, alaitu beharrean gehiago hondoratzen nauena.

Orduan, galdera sinplea da, zeinen energia aurrezten da? Eta batez ere, zeinen poltsikoak betetzen dira gureak husten diren bitartean?

1974. urtean hasi zen hedatzen mundu mailan ordua aldatzeko kontu hori, nahiz eta 1784an jada Benjamin Franklinek defendatu zuen eguzkiaren izpiak hobeto baliatzeko eta aurrezteko ideia hori. Gaur egun, munduko hainbat herrialdek egiten dugu: Europako herrialde gehienek, AEBek, Txilek, Paraguaik, Kubak, Bahama Uharteek, Haitik eta Ozeaniak. Gainontzekoek ez dute egiten.

Berriro diot ez ditudala nondik norakoak ezagutzen eta agian jakiten baditut ideia aldatuko zaidala, baina badakidana da, gaur-gaurkoz, nahiago dudala udako ordutegia, iluntzea arratsalde amaieran ematen delako, nahiz eta ilunpean gosaldu. Ea zurrumurruak zurrumurru izateari uzten dion 2021ean. •