Juantxo EGAÑA

DUELA EHUN URTEKO GROSEKO AROZTEGIA

Argazki hau Fidel Astiz Iriarte argazkilari afizionatuak egina da. Astiz Iriarte 1881ean Uitzin jaio eta 1958an hil zen Iruñean. Abokatua eta Papelera Vasco-Navarra enpresaren eta “Diario de Navarra” egunkariaren sustatzaile Zacarias Astiz Juanmartiñenaren semea izan zen. Urteak igarota, argazki hau informazio iturri garrantzitsua bihurtu da. Ez dakigu zehazki zein urtetan, baina XX. mendearen hasieran egin zuen Donostian. Gros auzoko irudi honetan, Donostiatik Errenteriarako bidea egiten zuen tranbia elektrikoa ageri da, eta atzean, Ramon Mugica tolosarrak 1878an jarri zituen aroztegi mekanikoa eta egur biltegia. 1914an, Donostiako Iparraldeko Geltokitik hurbil dagoen eremu batera eraman zuten aroztegia, Mandasko Dukea pasealekura. Kokagune berri horretan, Lehen Mundu Gerra zela eta, trenetarako bagoiak egiten hasi ziren, eta urtean 200 bagoi egitera iritsi ziren. Oinordekoek negozioarekin jarraitu zuten beste industrialde batzuetan, eta 1992an itxi zuten enpresa. Datu bitxi gisa, Gabriel Celaya poeta Ramon Mugicaren biloba zen.