HEDATUTAKO GAITZAREN AURKAKO NEURRIRIK GABE
Munduari bira eman zion belaun zuri bat lepo beltz baten gainean erakusten zuen irudiak eta munduko gaitz zahar bat albiste nagusien artean sartu zen. Hala ere, gaitz zahar horrek bere horretan jarraitu zuen, munduan hedatuta, agintariek haren aurkako neurririk hartu gabe. Horregatik ez zaio esaten pandemia, nonbait. Testuinguru horretan gogoratu zuten Iruñean iragan igandean Elhadi Ndiajeren heriotza, laugarren urtez. Ez dakigu zerk hil zuen Ndiaje, belaun batek, borra batek edo kontrako eztarritik joandako ur tragoak. Ez dakigu, baina badakigu ez zela gaindosiz hil. Eta badakigu gaindosiz hil zela esan zutenen zaintzapean hil zela. Zaintzapean egoteak, bistan da, ez du esan nahi zaintzea. Ez dakigu haren azken hitzak «I can’t breathe» izan ote ziren, edo bere hizkuntzan abestutako sehaska kanta bat. Baina badakigu, harrezkero lau urte joan badira ere, justizia eta egia merezi dituela. Horixe eskatu zuten Iruñean. Gaitzaren aurkako neurriak. Xabier Izaga Gonzalez