Itzea Urkizu Arsuaga

Bi mila metro eta orban bat

Burua pixka bat beheratu, erlojua martxan jarri eta hasi egin naiz. Hotz egoten da hasieran, baina minutu gutxiko kontua da, lehen hotzikara zena, gero goxotasun umel bilakatzea. Bi mila metro; hori da, ekainean ama izan nintzenez geroztik, neure buruarekin hitz egiteko hartzen dudan distantzia, edo denbora, edo ez dakit nik zein unitate. Bi mila metro igerian, eta auskalo zenbat arnas pentsamendutan, porlanak eutsitako ur-putzu erraldoi honetan.

Crawlean, badirudi piszinako lurzorukoak aktualitatea lerroburuz iragarri nahi dutela: ezer ez doa zuzen. Pandemia eta kiroldegiaren funtzionamendua uztartzeko igerilekuko kaleak estutu dituzte, lurzoruko marrak eta ur gaineko bideak ez datoz bat eta, orain, sekula baino ohikoagoa da, kortxo-ilararen aurka kolpe bat hartu eta duintasunez igerian jarraitu nahi duten igerilariak ikustea. Tira, covid garaian denok bizi gara, pixka bat, kortxo-ilararen aurka; kolpeka eta ez oso duin.

Banoa aurrera, bizkarrez gero. Ama izan aurretik ere etortzen nintzen, gerri aldeari pisu pixka bat kentzearen plazeraz gozatzera. Sabel handia eta borobila izan nuen haurdunaldi amaieran, eta maite nuen luze eta zabal hura laztantzea. Baita hilabete gutxian hazitako azal pusketa horrek ispiluan erakusten zidana ere: silueta kurbaduna, polita bere horretan, eta politagoa irudiaz harago iradokitzen zuen guztian. Koadro errealista bat, gorputz batetik bik nola arnasten duten trazu finez marraztuz.

Artelan iragankorra zen, ordea, eta, konturatzerako, silueta hark hilabetetan ondutako gorputz txiki eta hauskorra bularrean nuen, epel-epel. Ate bat, maitasunaren, zaintzaren eta kezkaren unibertso berri baterako; gure Atseginen baratze partikularrerako. Eta, Pello semearen etorrerari lilura izpirik kendu gabe, baina amatasun berri honek dakartzan zamak ere baratze eder horretan sartuz, piztu zitzaidan neure buruarekin sekula piztu zaidan haserrerik handiena.

Ustez baditudalako bizitzarako ideal batzuk, besteak beste, feminismoaren oinarriei josten zaizkienak. Baina, gero, iristen zaizu zesareadun erditzeostea, jartzen zara ispilu aurrean, eta haren islak oihuka deseraikitzen dizu aurrez soinekoak eder estutzen zizun gorputz berarekiko maitasuna. Utikan, autoestimua eta honaino ekarri gaituen gu hori maitatzea. Patriarkatuak ere edaten duela gu guztion arnasatik, alegia. Eta, batzuetan, neronek ere ez dakidala, endorfinek bakarrik sortutakoa ote den, osatzear naizen bi mila metro hauek ematen didaten plazera. Zein unitatetan neurtzen ote den autoexijentzia...

Ez nuke fribolitatez aritu nahi, ezpada justu kontrakoa: eraldatzea da, bizitza bat munduratu duen gorputz bati dagokion gutxienekoa. Bederatzi hilabeteko iraultza, buruan bakarrik ez, gorputzean ere markatuta geratzea. Neurri berean dagokio, bizitza bat munduratu duenari, marka horietatik bizitzari begiratzea, eta horretan dihardugu, horixe garelako: maitasun orban bat, betiko, norbaiten azalean. •