Amagoia Mujika Telleria

Leihoa zabaldu

Leihoa zabaldu eta aire hotza aurpegian sentitzea. Itxi usainetik askatzen zarela sumatzea, hotzez oilo ipurdia jarri arren. Zenbat arnasa eman digun feminismoak, zenbat korapilo askatu. Askatu diren adina edo gehiago daude borrokatzeko oraindik, baina aurrera goazela sentitzea askatzailea eta atsegina da.

Emakumeen belaunaldi gazteei begiratzea gozamena da. Maitasunen eta desiren zurrunbiloan dabiltzan nerabeak gu baino askeago sumatzen ditut. Esperimentatzeko pronto, probatzeko grinez. Askatasun handiarekin adierazten dute zer gustatzen zaien eta garai bateko armairu itxiak ez ditut hain itxi igartzen. Honi neskak gustatzen zaizkiola, hari mutilak, beste hura pertsonekin maitemintzen dela. Eta batez ere, inongo laukitxotan sailkatuak izateko beharrik gabe sumatzen ditut. Auskalo zer gustatzen zaien gaur eta zerk tentatuko dituen bihar. Leihoa zabal-zabalik dutela sentitzen dute.

Sistemak badaki zer nolako emakumeak eraikitzea komeni zaion. Horretan daramatza mendeak. Baina batzuetan, egun baikor samarra dudanean, sistematik kanpo dantzan gero eta emakume gehiago ikusten ditut.

Ez zait gauza bera gertatzen gizonezkoekin. Neskato askok sinetsi dute nahi duten bezalakoak izan daitezkeela, izan daitezkeela astakirtenak, ausartak, lotsagabeak. Izan daitezkeela suhiltzaile. Baina gure mutikoei begira konturatzen naiz leihoak ez daudela zabalik. Penaz ikusten dut mutikoei ez zaiela baimentzen bigunak, negartiak, sentiberak, koldarrak izatea. Eta nerabetan, ezkutuago eta larriago daude armairuetan, sexu askatasunik kabitzen ez den armairu horietan.

Sistema matxista honek ez ditu bakarrik emakumeak eraikitzen, gizonak ere eraikitzen ditu. Eta etxe horretan ere leihoak zabaltzea oso osasuntsua litzateke, zahar usaina kanporatu eta haize freskoak betiko maskulinitateak astindu ditzan. Denon mesedetan. •