Nerea Goti
MINBIZIA ETA DIBULGAZIOA

Minbiziaz jakin behar dena era erraz batean azaltzen duen liburua, «El cangrejo de Troya»

Iker Badiolak (Ondarroa, 1978) minbiziaren atzean dauden oinarri zelular eta molekularrak era ulergarri batean azaldu nahi izan ditu «El cangrejo de Troya» liburuan, ikerkuntzan egindako lanari beharrezko dibulgazio publikoa emateko. Gibeleko metastasiak ikertzen dihardu, prozesu horiek eragiten dituzten zelulen aurkako borrokan aurrera egiteko.

Minbizia zer den, zergatik hiltzen duen edota gaixotasunaren ikerketa nola ari den egiten. Hain zuzen, galdera horiei erantzuten saiatu da Iker Badiola EHUko ikertzaile eta irakaslea, argitaratu berri den “El cangrejo de Troya” liburuan. Prestakuntza espezifikorik ez duten pertsonentzat idatzita, hizkera erraz bat aurkituko du irakurleak. Egilearen esanetan, «asmoa da herrialde garatuetan eraginik handienetakoa duen gaixotasunaren arrazoiak ulertzen laguntzea, biologia klase baten modura».

Arlo klinikoaz nahikotxo dakigu, baina eritasunarekin erlazionatuta dauden prozesu biologikoak ezagutzen al ditugu? Prozesu konplexu horiek ulergarriago egiteko Ainhoa Caporossiren lanak liburuari eman dion balio erantsia nabarmendu du egileak. Badiolaren ustez, ilustratzaile zientifikoen lanak berebiziko garrantzia dauka, egitura bisualak ulergarriago egiten baititu &bs;prozesuak.

Minbiziak eta heriotzak ez dute zertan gauza bera izan eta, hala ere, ez da gai erraza, sufrimendu handia eragiten baitu kasu batzuetan. Urtean zortzi milioi heriotza eragiten duen gaixotasunaz hitz egiten badugu, Iker Badiolak berak azpimarratu duenez, «guztiok daukagu gaixotasun horrek ukitu duen lagun, ezagun edota senitartekorik, eta bai, gaixotasuna bera gordina da kasu batzuetan eta horrek sufrimendua eragiten du».

Minbiziak jota dagoen paziente batentzat liburuak duen erabilgarritasunaz behin baino gehiagotan galdetu diotela onartu du, baina, haren ustez, erantzuna ez da erreza. «Esperientziak oso pertsonalak dira eta bakoitzak jakingo du bere burua zein punturaino dagoen prest aurre egiteko eta nola barneratu duen edo nola bizi duen gaixotasuna, lagungarria izan daiteke gaixotasuna zer den ulertze horretan; egoera horretan dauden irakurle batzuek ondo hartu dute, AECCn (minbiziaren aurkako elkartea) esan dute lagungarria izan daitekeela, baina bakoitzak jakingo du zein puntutaraino aurkitzen den behar den kemenarekin edo aldartearekin gauza horiei aurre egiteko».

Errealitate horren jakitun da Iker Badiola eta komentatu du berak ere gaixotasunak eraman dituen hurbilekoak dituela. Nolanahi ere, ezagutza zientifikoa informazioa da eta informazio hori partekatzearen beharra ere sentitu du ondarroar ikertzaileak, eta, horretarako, hain beharrezkoa den dibulgazioan sakontzea erabaki du.

«Oso ohikoa zaigu tratamendua, klinika, diagnostikoa... Inguruan gertatu zaigulako, baina, bestalde, pelikularen aurretiko zatia eta, horrez gain, zelularen ikuspegitik organismoan gertatzen den prozesua ezezagunagoa da», adierazi du. Hain zuzen, hori dela eta, «zelulen barruan zer gertatzen den, zeintzuk diren akatsak, zeren ondorioz gertatzen diren akats horiek eta abar» azaldu nahi izan dizkio publiko handiari.

Zelulak eta adreiluak

Minbizia ulertzeko barneratu behar dugun ideia nagusiren bat dagoen galdetuta, Badiolak aipatu du ulertu behar den lehenengo kontzeptua dela «gorputza zelulaz osatuta» dagoela eta «eraikin batek adreiluak dituen moduan, gure gorputzaren adreilu horiek zelulak» direla. Irudi horretatik abiatuta, «momentu jakin batean, mila faktoreren ondorioz –batzuk ezagunak, beste batzuk ez– gauza asko egon daitezke zelula horietako bat deskontrolatzera eraman dezaketenak, eta deskontrol horretan zelula hori hazi egiten da eta bere kabuz egiten du egin beharrekoa bere ingurukoei kasurik egin gabe».

Horregatik, hain zuzen ere, Troiako zaldiaren istorioari keinu egin nahi izan dio eritasuna irudikatzeko. «Gure barnean dauzkagun zelula horiek harmonian bizi dira, baina une batean horietako batek kontrola galdu eta harmonia hori hausten du. Hori izango litzateke oinarrizko kontzeptua».

Liburuak erantzuna ematen dien galdera guztietatik minbiziak zergatik hiltzen duen da jakin-minik handiena pizten duenetako bat. Horren erantzuna ezagunagoa da: «Batez ere, metastasiaren ondorioz hiltzen du», adierazi du ikertzaileak. Prozesu horretaz, zera azaldu dio GAUR8ri: «Metastasi hasierako gaiztotze horretan zelula batek bertatik ihes egiten duenean gertatzen da. Hasierako masa horretatik irteten diren gehientsuenak ez dira gai beste organo batera heltzeko, bidean hil egiten dira eta gure gorputzak berak hautaketa prozesu bat egiten du. Hori dela eta, gorputzeko beste atal batera heltzen den zelula hori azken batean zelularik egokituena da, gogorrena eta suntsitzeko zailena». Zehaztu duenez, «gaur egun, heriotzen ehunekorik altuena, %80tik gora esango nuke, metastasiaren ondoriozkoa da».

Zelulen arteko komunikazioa baino, gakoa da «egokituenak edo gogorrenak hautatzen» direla. Zelula horiek organo batean «baldintza batzuetan sortzen dira» eta «odol hodietan sartzen direnean baldintza guztiz ezberdinak dira: izugarrizko abiaduran doaz, inguruko kimika ere guztiz ezberdina da eta, gainera, sistema immuneko hainbat zelula dauzkagu odolean; beraz, hainbat pauso eman behar dituzte, hainbat hautaketa prozesutatik pasatzen dira eta pasatzeko gai ez direnak suntsitu egiten dira». Kontua da beste organo horretara heltzea lortu duena zelularik «egokituena» dela, «edozelako erasori aurre egiteko» gai izan dena.

Egungo ikerketa metastasi prozesu horretan parte hartzen duten minbizi zeluletan dago ardaztua. «Esfortzurik gehientsuenak zelula mota horien aurka egitera daude bideratuak, baina mekanismo bereziak dituzte eta horietako bat da konposatu kimikoak, hau da, botikak, zuzenean kanporatu egiten dituztela», azaldu du Badiolak. «Hori dela eta, lehenengo arazoak hor sortzen zaizkigu, nola izango gara gai tratamendu batekin eragiteko, hura zuzenean kanporatzen badute? Haiek hiltzea asko zailtzen duen hainbat ezaugarri dituzte».

Ondarroarraren ikerketa metastasi hepatikoetan dago ardaztua, minbizirik arriskutsuenetako batean; nolanahi ere, baikorrak izateko arrazoiak badaudela nabarmendu du, batez ere diagnostikoan egin diren aurrerapausoei dagokienez. «Heste lodiko metastasia oso ohikoa da eta gainera ia gehienetan gibelera egiten du bidaia, beraz metastasi ohikoenetariko batez ari gara hitz egiten», azaldu du. Hala ere, tumore primarioa zenbat eta lehenago aurkitu, hobe; kasu horretan, heste lodian sortzen den hasierako tumore hori. Izan ere, «aukera gehiago dago tumore hori kirurgia bidez kendu eta hurrengo pausoa den metastasia ekiditeko». Horretara bideratuta dago, komentatu duenez, gorotzetan odola bilatzea helburu duen baheketa kanpaina «oso garrantzitsu» bat, «oraindik ere sintomarik eman ez duen tumore primario hori ahalik eta azkarren kentzeko».

Minbiziaren aurkako borrokan lantzen diren ardatzen artean medikuntza pertsonalizatuan jarri nahi du fokua Badiolak, kontuan hartuta oso minbizi mota ezberdinak daudela eta pertsona bakoitzarengan minbizia ezberdina dela, «gure zelulak ezberdinak» baitira eta organo berean sortutako minbiziak ezberdin joka baitezake kasu bakoitzean eta ezaugarri ezberdinak izan». Hortaz, tratamendu ezberdinak landu behar dira, azken urteetan ikusi delako tratamendu berak ez duela eragin bera minbizi mota bera duten bi pertsonarengan».